Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Lantegietan euskara behintzat krisian sartu ez dadin

Lantegietan euskara behintzat krisian sartu ez dadin

2009-05-11 / 12:24 / Azpeitian Zer?   ENPRESAK

Enpresen kudeaketan euskara indartzeko gestio planak martxan jarri ditu Udalak, Eleguneren bidez.

Azpeitiko lan mundua esparru euskalduna da. Bertako enpresetan lan egiten duten langileen % 95 dira euskaldunak, eta euren arteko lan harremanak euskaraz izaten dituzte. Enpresen kudeaketa, ordea, gazteleraz egiten da normalean. "Enpresetako kultura hala izan da beti, gestioa gazteleraz egin izan da nagusiki, eta erronka bat genuela ikusi genuen". Hala azaldu du Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak.

Erronka horri aurre egiteko helburuarekin sortu zen Elegune. 2006an egin zuten proiektuaren aurkezpen ofiziala, baina ordurako hiru urtez ibiliak ziren gaiaren inguruan hausnarketak egiten. Gaia jorratzeko talde eragile bat sortu zen, herriko hainbat enpresekin, beharrak eta hausnarketak definitzeko. Biele, Antzibar, Zubiola, Glual, Corrugados, Sein eta Sammic enpresetako kideekin sortu zen talde eragilea. Behin beharrak definituta, Euskara Patronatuak proposamen bat egin zuen, eta hura onartuta aurkeztu zen proiektua.

Elegune enpresei euskara zerbitzuak eskaintzen dizkien bulego teknikoa da, maila guztietako zerbitzuak emango dituena: "Enpresen gestiorako soluzio globalak eskainiko ditu, lan talde zehatz batentzako euskara ikastaroak, itzulpen lanak, arazo informatiko eta teknikoak...", hala definitu du Euskara Patronatuko buruak.

Euskara Patronatuak argi du enpresa bakoitzak aurkitu behar diola euskarari tokia. "Berak jakingo du non eta noiz erabili behar duen, eta behin hori erabakita, Elegunek hori martxan jartzen lagunduko dio", azaldu du Saezek. Kanpoan lan egiten duen enpresa batek, adibidez, ez du kanporako harreman horietarako euskara beharko, baina lantegi barruko harremanetan agian bai, langileen gehiengoa euskalduna delako. Hain justu, barne gestio horretarako euskara zerbitzuak dira Azpeitiko enpresek gehien eskatu dituztenak.

Enpresa bakoitzean euskarak duen egoeraren inguruko diagnostikoa egin du aurrena Elegunek. Egoeraren azterketa horren ondoren, euskara hobeto txertatzeko proposamenak egin ditu, eta urtebeterako gestio planak eratu. Orain, gestio plan horiek enpresei aurkeztu zaizkie, eta hemendik aurrera horiek inplantatzen hasiko dira. "Hori guztia Elegunetik egingo da, enpresari ahalik eta eragozpen eta lan gutxien ematen saituz, gainkarga izaterik ez dugulako nahi", azaldu du Saezek.

Egitasmoa epe luzerako da, eta urtebeteko gestio plan horiek hiru-lau urterako plan estrategikoen barruan sartzen dira. Azpeitiko enpresetan euskara behintzat krisian ez sartzea da helburua. "Gurean euskara beste hainbat tokitan baino osasuntsuago dago, baina enpresen munduan bada gripetxo bat, eta ea hori sendatzea lortzen dugun". Sendagaia hartzen hasi dira jada.

Proiektu aitzindaria

Elegune gisako egitasmorik ez dago Euskal Herrian. Proiektu pilotua da, aitzindaria. "Beste herrietan ez da horrelakorik sortu, prest dagoen enpresarik ez dagoelako", azaldu du Patxi Saez Euskara Patronatuko buruak. Azpeitian, ordea, interesa hasiera-hasieratik erakutsi dute enpresek, eta horri esker errazagoa izan da Elegune martxan jartzea.

Azpeitiko Udalak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiak eta Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak ere babesten dute Elegune, "proiektu interesgarria" iruditzen zaielako. "Gure asmoen berri eman genienean oso gustura hartu zuten guztiek Eleguneren proiektua, denek onartzen baitute orokorrean lan munduan euskara txertatzeko dagoen premia", azaldu du Saezek. Azpeitiko esperientziak beste herri batzuetarako balio dezakeela ere uste du. "Hemen emaitza onak lortzen badira, beste herrietara aplikatzeko moduko esperientzia iruditzen zait".

Enpresen balio erantsia

Azpeitiko hogei enpresa ari dira Elegunerekin elkarlanean. Horietatik hirurekin hitz egin dugu, proiektuaren inguruko iritzi eta balorazioak ezagutzeko.

Azpeitiko enpresa gehientsuenetan bezala, Sein Batu, Antzibar eta Bielen ere euskara izan da lehen hizkuntza beti. "Langileon gehiengo handi bat euskaldunak gara, eta euskaraz egiteko ohitura errotuta egon da, kalean bezala". Bat datoz Marian Etxeberria, Josune Lazkano eta Maider Aizpuru. Sein Batu enpresako ordezkaria da aurrena, Antzibarrekoa bigarrena, eta Bielekoa hirugarrena. Hiru enpresek hartu dute parte Elegune proiektuan, eta hirurek ekingo diote orain gestio planak ezartzeari.

Elegunetik proiektuan parte hartzeko eskatu zietenean baiezkoa eman zuten hiru enpresok, beste askok bezala. "Beti euskaraz ibili izan gara lanean, eta orduan uste nuen ez genuela askoz gehiago egiteko, baina ikusten ez genituen gauzak ikusten lagundu digu", aitortu du Maider Aizpuru Bieleko ordezkariak. Izan ere, euskaren inguruko beste ikuspegi bat eman die Elegunek enpresei, Sein Batuko Marian Etxeberriak gaineratu duenez: "Enpresaren diagnosia egiten dizutenean, zuk barrutik ikusten ez dituzun gauzak erakusten dizkizute, eta orduan konturatzen zara alor edo kontu batzuetan badirela gabeziak". Antzibarren, esaterako, barne dokumentu eta tramiteetako kontuetan nabaritu dute gabezia handiena: "Batera eta bestera bidali beharreko idatziak gazteleraz genituen, eta gestiorako kontuetan ez genuen euskara erabiltzen. Orain beti aurrena euskaraz egiten saiatzen gara".

Ohiturak aldatu eta kontzientzia hartzeko lagundu die Elegunek, batez ere, enpresei. Hala diote hiru enpresetako ordezkariek. "Orain gauza bat edo bestea egiterakoan euskaraz egiterik ba al dagoen eta nola egin daitekeen sarriago izaten dugu buruan".

Enpresa munduan onura ekonomikoei soilik begiratzen zaienaren ustea oso zabalduta dago. Baina bestelakoak ere kontuan hartzen direla erakutsi dute Azpeitiko enpresek: "Diru etekinik ez du emango euskarak, eta gisa honetako kontuek eguneroko lana apur bat behartu ere egin dezakete, baina guk sinestu egiten dugu gure hizkuntzan", argi mintzo da Josune Lazkano. Are gehiago, Maider Aizpuruk uste du onurak besterik ez dituela ekarri euskarak enpresara: "Proiektu honek hizkuntzarekiko araudi bateratu bat emango digu, gaiaren inguruan nola eta zein norabidetan aritu behar digun zehaztuko digu, eta horrek eguneroko lanean asko lagunduko du". Enpresek ez ezik, langileek ere ondo hartu dute proiektua. "Azpeitiko gehiengoaren hizkuntza euskara da, eta hortaz, enpresa eta lantegietan hizkuntza hori indartzeko neurriak hartzea modu oso naturalean hartu dute", azaldu du Bieleko ordezkariak. Ez dute zalantzarik: euskara da Azpeitiko enpresen balio erantsia.

Parte hartuko duten enpresak

Honakoak dira, oraingoz, Elegunerekin lanean ari diren enpresak:

  • SAIATU ETXEGINTZA, S. A.
  • SEIN BATU, S. L.
  • IBAI-ONDO FUNDICIONES, S. A.
  • TALLERES ARIMAR, S. L.
  • CRISTALERIA EPI, S. L.
  • INDAUXMAN, S. L.
  • LEAIZ, S. L.
  • ALUMINIOS AZPEITIA
  • ANTZIBAR
  • HORMIGONES LAZKANO
  • AZKUNE FRUTA, S. L.
  • BIELE, S. A.
  • MONTAJES ELECTRICOS GAU-ARGI, S. L.
  • GLUAL HIDRAULICA, S. A.
  • KIMU BAT
  • ABELUR NEKAZARITZA ZERBITZUAK
  • ASEPEYO
  • SAN MARTIN EGOITZA
  • IRAURGI LANTZEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus