Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Etorkizunean euskaldun

Etorkizunean euskaldun

2009-04-03 / 10:40 / Azpeitian Zer?   IKASTETXEAK

Haur etorkinak euskara ikasteko EtorkiZUn egitasmoa martxan du Euskara Patronatuak Azpeitiko hiru ikastetxeetan.

EtorkiZUn. Etorkinak eta etorkizuna. Biak batzen ditu Euskara Patronatuak duela hiru ikasturtetik martxan duen egitasmoak. Azpeitiko ikastetxeetan ikasten ari diren haur etorkinei euskara ikasteko laguntza ikastaroak dira, eta herriko hiru ikastetxeetan ematen dira, 14:00etatik 15:00etara. Ikasturte honetan, guztira, 80 haur daude matrikulatuta, helburu bakar batekin: euskararen ezagutza sendotzea, ahalik eta ondoen pasatuz.

Orain hiru ikasturte jarri zen martxan EtorkiZUn. "Herrira gero eta etorkin gehiago zetozela ikusita, diagnosi bat egin genuen, eta batik bat ikastetxeetan gisa honetako zerbitzu baten beharra zegola ikusi genuen", azaldu du Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak. Ikastetxeetan hasten ziren haur etorkinek euskara ikasteko zailtasunak zituztela konturatu ziren, eta aparteko laguntza bat behar zutela. Horren aurrean, gaiari irtenbide bat aurkitzeko proiektu bat garatzeko eskatu zion Euskara Patronatuak aditu talde bati, eta hortik sortu zen EtorkiZUn. "Hasi berria da ekimena, baina oraingoz oso harrera ona izan du: gustura daude ikastetxeak, gurasoak, eta baita ikasleak eurak ere".

Ikastetxeak berak egiten du umeen matrikulazioa. "Umeren batek euskaraz aritzeko zailtasunak dituela ikusten badute, eurek bideratzen dituzte gure klaseetara". Haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasleei ematen zaizkie klaseak, astean bi orduz, eta emaitza onak lortu dituzte. "Ikastetxeetako irakasleek behintzat asko eskertu digute lana, bertan aritzen diren haurrek asko ikasten dutela igartzen dutelako". Klaseak urrian hasten dira, eta ekainean amaitu, baina ez dira finkoak: "Etorkinak ikastetxean hasi ahala hasten dira batzuk, beste batzuk ez dute kurtso osoa amaitzen joan egin direlako, eta beste batzuk kurtso osoan etortzen dira. Denetarik dago".

Euskara etorkinen artean indartzeko bide bat da, eta oraingoz eraginkorra. Halere, aukera berriak aztertzen ere ari da Euskara Patronatua. "Inmigrazio Plana garatzeko bileretan gaiaren inguruko proposamenak agertu dira, eta seguru horrek etorkizunerako ere lagunduko digula", adierazi du Euskara Patronatuko zuzendariak. Ekarpen berrietara moldatzeko prest daude.

Azpeitiar azpeitiarrez

EtorkiZUn egitasmoko klaseetan jolasa eta giro ona dira nagusi. Haurrek ia konturatu gabe aberasten dute euren euskara.

"Zerta etorri zea?" azpeitiar peto-petoz egin du galdera Anaisek. EtorkiZUn programaren barruan euskara hobetzeko ikastaroetara joaten den haurretako bat da, portugaldarra. "Argazkiyek ateatze al ditu kamara horrek? Ta grabau?", Mohamed marokoarra dago bere ondoan. Damaris txiletarrak, Tamara argentinarrak, Lucas, Ana eta Rafael portugaldarrek, Lesli peruarrak eta Wellington eta Lenin ekuadortarrek ere azpeitiarrez egiten dute.

Bazkal ostean, euren gainerako ikaskideak baino lehen joaten dira ikastetxera guztiak astean bitan, euskara indartzeko ikastaroetara. "Gustora etortzen gara, ordea, ondo pasatzen baitugu", esan du Anak. Rafaelek batzuetan pereza ematen diola aitortu du, ordea, gainerakoen algara artean. Bingoa, urkatuen jokoa eta oka dira gustukoen dituzten jolasak. Izan ere, euskara sendotzeko jolasak eta jokoak erabiltzen diztute EtorkiZUn egitasmoan, batez ere. "Batzuetan ordea, lan gehiago ematen digute, eta hori ez dut gustuko", esan du Lucasek, irribarrez, irakaslearen begiradapean. Hala ere, horrelakoak "oso gutxitan" egiten dituztela esan du Anak, eta berak gainera gustura egiten dituela.

Etxe-tresnen irudi eta izenez beteriko txartelak atera ditu irakasleak mahai gainera. Berehala hasi dira haurrak harrapaketan: "Irabiagailua!", esan du ozen, Tamarak. Kontzentratuta hasi dira guztiak jolasean, batek eta besteak txartelak hartu eta izenak esanez. Jolas giroa nabarmena da saioan, umeak elkarri irabazi nahian etengabe ari dira, ikasten ari direla konturatu ere egin gabe. Baina euren hiztegiak aberasten ari direla badaki irakasleak, eta gustura dago umeek erakutsitako interesarekin.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus