Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Erregistroak euskaraz?

Erregistroak euskaraz?

2009-03-17 / 12:23 / Mailo Oiarzabal - Uztarria   BESTERIK

Informatika aplikazio berri batek erregistro zibileko tramitazioak euskaraz ere egin ahal izateko bideak erraztuko dituela dirudi.

Tresnak aukeran eta jarrerak auzian. 2005eko ekainaren 22ko 12/2005 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistro Zibiletan inskripzioak euskaraz egiteko eskubidea daukagu EAEko biztanleok. Jaiotza, ezkontza, heriotza nahiz tutoretza inskripzioak, erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egitea aukeratzeko eskubidea. Legearen letrak ez du izan, ordea, epaitegietako jardunean halako oihartzunik; ez, behintzat, orain arte. Eskubide hura gauzatzeko tresna eta mekanismorik ez da egon eta, oro har, justizia administrazioaren jarrerak, gauzak errazteko baino oztopoak jartzeko joera handiagoa erakutsi du. Testigantza ugari dago, aipatutako oztopoen lekukotza ematen dutenak.

Orain, Espainiako Justizia Ministeriotik bultzatzen ari diren justizia administrazioaren digitalizazio eta informatizazio prozesuaren eskutik, tresna berri bat dute edo izango dute eskura Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako epaitegiek. InfoReg izeneko aplikazio informatikoa ezartzen ari dira azken hilabeteetan estatuko epaitegietan. Besteak beste, aplikazio horren ezaugarrien artean dago elebiduna izatearena; aplikazioa gaztelaniaz zein euskaraz erabili ahal izango dela, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailetik jakinarazi dutenez, "Madrildik datorren ekimen bat da, erregistroen digitalizazioarena eta, Justizia Sailak hala eskatuta, aplikazioaren euskarazko bertsioa ere erabili ahal izango da hemen".

Informatika eta pertsonak

Joan den abenduan hasi zen InfoReg aplikazioaren ezarpena EAEko auzitegietan. Ezarpena modu progresiboan ari dira egiten eta, Justizia sailetik adierazitakoaren arabera, martxoaren amaiera alderako hiru probintzietako barruti judizial guztietan aplikazio berria indarrean egongo dela aurrikusita daukate.

Azpeitikoa da EAEko hamalau barruti judizialetako bat, baina badirudi hemen behintzat zertxo bat atzeratuko dela InfoReg aplikazioaren ezarpena. Azpeitiko Epaitegitik adierazpen ofizialik egin nahi izan ez duten arren, Uztarriak jakin duenez, apiril hasieran jasoko dituzte epaitegiko langileek informatika aplikazio berria ezagutzeko trebakuntza saioak, hortik aurrera lan-tresna moduan erabili ahal izateko.

Eszeptizismoa nabaritzen da, ordea, aplikazio elebidun berriak euskarazko inskripzioak normaltasunez egitea asko erraztuko ote duen galdetzean. "Informatika gauza bat da, eta pertsonak beste bat". Azpeitiko Epaitegian lan egiten duen lagun baten hitzak dira eta epaileen jarreraz ari da, batik bat.

Erregistro liburuak euskaraz

Orain arte, eta legeak lege, EAEn erregistro liburu guztiak gaztelaniaz bakarrik zeuden; Katalunian eta Galizian ez bezala, bi autonomia erkidego hauetan gaztelaniaz gain bertako beste hizkuntza ofizialean (katalanez eta galizieraz, hurrenez hurren), bazeudelako aipatutako liburuak. Euskarazko erregistro liburu eza oztopo eta aitzakia, biak batera, izan da; besteak beste, seme-alaben jaiotza inskripzioa euskaraz egin nahi izan duten hainbat gurasorentzat.

Guztientzat ez, hala ere. 2007ko abenduan lortu zuten lehen aldiz guraso batzuk beren haur jaioberria euskaraz inskribitzea, hango Erregistro Zibilean liburu berezi bat irekitzea onartu zietelako. Lehen izen emate haren atzetik besteak arrapaladan etorriko zirela uste zutenak oker zeuden, baina. Lehen aipatutako ‘giza faktorea’ tarteko: parean egokitzen den epailearen jarrera, alegia. Azpeitiko Erregistro Zibilean jaioberriak euskaraz inskribitzeko eskaerak ez omen dira orain arte asko izan, baina gero eta gehiago izango direlakoan daude bertan. Euskaraz inskripzioren bat egin dute, baina gehiago dira beren asmoa lortu ez dutenak.

InfoReg aplikazioarekin, liburuen oztopo-aitzakia baztertuta geldituko litzateke, euskarazko erregistro liburu digitalak sortzeko aukera eskainiko duelako. Tresna eta aukera hor daude. Borondatearen zain, itxuraz.

Datuak

  • 2007. urteko abenduaren 19an inskribatu zen lehen aldiz euskaraz haur jaioberri bat. Aretxabaletako Erregistro Zibilean izan zen.
  • 2008. urteko urtarrilean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak umeak euskaraz inskribitzeko prozedura aurkeztu zuen, gurasoei zer pauso eman behar zituzten jakinaraziz eta laguntza eskainiz.
  • 14 barruti judizial daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta horietako bat da Azpeitikoa. Amurrio, Balmaseda, Barakaldo, Bergara, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Gernika-Lumo, Getxo, Irun, Tolosa eta Gasteiz dira besteak.
    • Estreinakoz Uztarria aldizkariaren 2009ko martxoko zenbakian argitaratua.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus