Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskara, opari ederra

Euskara, opari ederra

2008-11-27 / 11:05 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Olentzerori eskatuta, Errege Magoei eskatuta edota geure artean eginda. Eguberria opariak banatu, jaso eta trukatzeko aroa dela ezin ukatu; ezta opari-aukera zinez zabala dela ere. Aukera zabal horren barruan euskara eta euskarazko produktuak aukeratzen dituztenek ere non eta zer aukeratua falta ez dezaten, aurten ere kalean da Euskarazko Produktuen Katalogoa.

Urte sasoi honetan seme-alabei eta ingurukoei euskarazko liburuak, musika, bideoak edota jolasak oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria, hamaikagarrena, osatu dute beste behin Euskal Herri osoko 111 udal eta mankomunitateetako Euskara zerbitzuek. Izan ere, Euskal Herri osoko teknikariz osatutako lan-taldea arduratzen baita katalogo hau prestatzeaz. Euskara normalizatzeko egitasmoen inguruan, egitasmoa hau da, hain zuzen ere, Euskal Herri mailako teknikariak elkarlanean ari diren bakarrenetako bat.

Azpeitia da ekimen honetan parte hartzen duen herrietako bat eta gaur (2008-11-27) egin dute katalogoaren aurkezpena, Euskara Patronatuan, Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak eta Gazteria saileko Aloņa Larraņagak.

317 produktu berri

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Zehazki, paperezko edizioan 317 produkturen berri ematen da eta interneteko edizioan, aldiz, argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak agertuko dira, 40 inguru, denetara. Horretarako, www.katalogoa.org webgunean sar daiteke; eta nahi izanez gero, paperezko katalogoaren PDF dokumentua ere jaitsi daiteke bertatik.

Dena den azpeitiarrek, Euskal Herriko beste hainbat herritarrek bezalaxe, etxean ere jasoko dute katalogo berria. Aurreko urteetan bezala, 5.000 ale banatutuko ditu etxez etxe Euskara Patronatuak. Gaur eta bihar egingo da banaketa hori.

Euskal Herri osoan 267.000 ale inguru banatuko dira, iaz baino 7.000 gehiago. Urtetik urtera haziz eta zabalduz doa, izan ere, katalogoa: produktu gehiago, ale gehiago, antolatzaile gehiago eta baita banatzen den eremu geografiko zabalagoa ere.

Bistan dena, katalogoan ageri diren produktu guzti horiek jada merkatuan daude salgai, eta nahi duenak bere ohiko saltoki edo liburu-dendetan eskuratu ahal izango ditu; bereziki Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokaren ondotik, bertan aurkeztuko baitira katalogoan sartu dituzten produktu berri gehientsuenak.

Gurasoentzako lagungarri

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira katalogoaren aurtengo edizioan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da.

Azken batean, katalogoa gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmoa honen arduradunek, "etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten". Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei, eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.

Kontuan hartu beharreko gomendioak

Katalogoaren aurkezpenarekin batera, eta iaz egin bezala, Azpeitiko Udaletik gurasoei zuzendutako hainbat gomendio eman dituzte gaurkoan, haurrentzat jostailuak aukeratzerakoan kontuan hartu beharrekoak: bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du jostailuak; haurraren adin eta beharretara egokitu behar da jostailua; oparia izan behar da, ez inposaketa bat; jostailuak haurren berezko ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko ere balio dezake; segurua izan behar da (CE markaduna, eta abar); eta sexu bereizketarik eta indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten ez duten jolasak dira egokienak.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus