Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Kultur taldeetako euskara planen bigarren fasea abian

Kultur taldeetako euskara planen bigarren fasea abian

2008-09-26 / 11:55 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   HERRI-ELKARTEAK

Azpeitiko Udalak eta Euskara Patronatuak herriko kultur taldeetan euskararen erabilera sustatu eta normaltzeko urrats berria aurkeztu dute gaur (2008-9-26). Orain dela urtebete jorratzen hasitako Kultur elkarteetako mikroplanak egitasmoak orain arte eman duena azaltzearekin batera, egitasmo horren bigarren fasea abian jarri dela aurreratu dute. 17 elkarterekin egingo da lan fase berri honetan, hizkuntza irizpideak ezartzeko helburuarekin.

Urtebeteko lanaren emaitzak

Urtebeteko lanaren emaitzak

Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak gogora ekarri du prentsaurrean 2007ko irailean jarri zela martxan, EBPNren baitan, Kultur elkarteetako mikroplanak egitasmoa, Azpeitiko kultur elkarteetan euskara sustatzeko erronkari eutsiz. "Horretarako herriko kultur elkarte guztiekin jarri ginen harremanetan eta egitasmoan parte hartu nahi zuten haien hizkuntza aztertu eta elkarteak euskalduntzeko planak gauzatu ditugu", azaldu du Saezek.

Hain zuzen ere, 45 elkarteri egin zitzaien egitasmoan parte hartzeko gonbidapena, eta azkenean 35 izan dira azken urte honetan euskararen normalizazio planean murgilduta ibili direnak. Arantxa Isart Udaleko Euskara Batzordeburuak nabarmendu duenez, "elkarteetan egindako hizkuntza azterketatik esan daiteke Azpeitiko elkarteek oro har euskaraz egiten dutela lan; kideen arteko harremana, antolatutako ekimenak, publizitatea... euskaraz dute. Hala ere, beste edozein jardueratan bezalaxe gaztelaniak presentzia nabarmena du inprimakietan (estatutuak...) eta ordenagailu programatan (% 7,7).

DATU OROKORRAK
EUSKARAZ% 77,8
ERDARAZ% 7,7
BATEZ ERE EUSKARAZ% 2,6
BATEZ ERE ERDARAZ------
BI HIZKUNTZATAN% 11,7

Elkarte bakoitzari egin zaion hizkuntza azterketan lau arlo ezberdindu dira:

  • Kideen hizkuntza gaitasuna
  • Irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak


Kideen hizkuntza gaitasuna

Hizkuntza gaitasunari dagokionez, elkarteetako kideen ia % 100ak ahozko harremanetarako gaitasuna du euskaraz, oso bakanak dira taldeetako kide erdaldunak. Euskarazko harremanak idatziz izateko gaitasunari dagokionez, aldiz, taldeko kideen artean alfabetatu gabekoen kopurua igo egiten da, batik bat adin tarte batetik gorako (40tik gora) jendea biltzen duten taldeen kasuan. Baina moldatzen dira euskarazko idatziak argitaratzeko: kartelak...


Irudi korporatiboa

Irudi korporatiboari begiratuz gero (errotulu nagusia, beste errotuluak, ordutegia, ageriko idazki eta oharrak, informazio orriak, produktu edota zerbitzuen berri emateko testu idatziak, tarifak eta zigilua) gaztelaniak oso tarte urria duela nabarmendu daiteke. Elkarte gehienek euskara hutsean dute euren irudia (logotipoa), baita paper eta errotuluak ere.

DATU OROKORRAK
EUSKARAZ% 82,7
ERDARAZ% 2,2
BATEZ ERE EUSKARAZ% 2
BATEZ ERE ERDARAZ------
BI HIZKUNTZATAN% 13,1


Kanpo harremanak

Kanpo harremanei dagokienez ere, oso presentzia gutxi du gaztelaniak. Atal honetan aztertu dira: katalogoak, fakturak edo ordainagiriak, bisita txartela, fax orria, gutun azalak, telefono erantzungailua, webgunea, bloga, inprimakiak, argitalpenak, kartelak, esku orriak, buletinak, publizitatea, prentsa oharrak, hitzaldiak, aurkezpenak, txostenak, administrazioarekin harremanak, hornitzaileekin harremanak eta beste elkarteekin harremanak.

Jendeari begirako kontuak, kanpoko kontuak, euskaraz egin ohi dituzte herriko kultur elkarteek, hornitzaileekin dituzten harremanak dira gehienbat erdaraz dituztenak: fakturak, eraman agiriak, ordainagiriak...

DATU OROKORRAK
EUSKARAZ% 85,5
ERDARAZ% 3
BATEZ ERE EUSKARAZ% 1,5
BATEZ ERE ERDARAZ------
BI HIZKUNTZATAN% 10


Barne harremanak

Barne komunikazioan, ahozko komunikazioan oso kasu gutxitan erabiltzen dute elkarteek gaztelania hutsa. Elkarteko kideen artean euskara da hizkuntza naturala, eta euskaraz egiten dute taldeen gehiengoak beren egunerokotasunean. Hala ere, badira taldeak kideak erdaldunak dituztenak, eta haiekin erdaraz komunikatzera behartuta daude.

Hala ere, atal hau da gaztelaniazko material gehiena duena. Izan ere, estatutu, barne araudi eta ordenagailuko programak bertan sartzen dira. Eta aurretik aipatu bezala, horiexek dira taldeek erdaraz dituzten materialak.

Atal honetan aztertutakoa: kideen arteko oharretan erabiltzen den hizkuntza, egoitzako oharretan erabiltzen den hizkuntza, estatutuak, aktak, bilera deiak, txostenak, barne araudia, bileretako hizkuntza, gai zerrendak, interneteko nabigatzailea, testu prozesadorea, kalkulu orria, datu basea, beste programak, posta elektronikoaren programa, posta elektronikoaren helbidea, Interneteko helbidea, programetan erabiltzen diren testuak, aseguruak, lan kontratuak... dira.

DATU OROKORRAK
EUSKARAZ% 73
ERDARAZ% 15
BATEZ ERE EUSKARAZ% 0,8
BATEZ ERE ERDARAZ------
BI HIZKUNTZATAN% 11,2

Isarten esanetan, "taldeak kontziente dira Azpeitia bezalako herri batean euskaraz funtzionatu behar dutela % 100ean". Horregatik egitekoak bi izan dira nagusiki: dokumentuak euskaratzea eta programa informatikoak euskaratzea. "Eta esan behar da -gaineratu du Euskara batzordeburuak-, talde batzuk eragile lana ere egin dutela, euren hornitzaileei euskarazko harremanak izateko eskaria egin baitiete".

Bigarren fasea: hizkuntza irizpideen ezarpena

Euskara batzordeburuak adierazitakoaren arabera, "elkarteek euskara badute ere hizkuntza naturala, hizkuntza irizpiderik ez dute ezarrita. Hortik kanpo eta barne jardunaren arteko euskararen presentzia ezberdina". Hain zuzen ere, gaur aurkeztu den Kultur elkarteetako mikroplanak egitasmoaren bigarren fasearen helburua horixe izango da: irizpideak ezartzea.

"Euskarak merezi duena izan dezan -esan du Arantxa Isartek-, taldeak gaia eztabaidatu eta hizkuntza irizpideak ezartzera animatu ditugu". Horrela, 14 elkartek prozesuan zehar jada hizkuntza irizpideak ezarri zituzten; beste 17 taldek, berriz, euren organuetan hitz egin eta eztabaidatzeko konpromisoa hartu zuten.

Urteko batzarrei begirako lana

Gaizka Otamendi izango da egitasmoaren bigarren fase honetan lan egingo duen teknikaria, eta berak azaldu du jarraituko den prozedura. Hizkuntza irizpideak ezartzearen aldeko konpromisoa hartu zuten 17 elkarteetara zuzenduko da batik bat bigarren fase honetako lana. "Orain talde horiekintxe jarriko gara harremanetan, hartutako konpromisoa gogora ekarri eta bazkideen batzarrean eztabaida sustatzeko beharrezko laguntza eskaintzeko", esan zuen teknikariak.

Aipatu elkarteei gutunak igorri zaizkie, egitasmoaren jarraipena izango den honen berri emanez, eta datorren astelehenetik aurrera telefono bidezko harremanei ekingo zaie. Urte amaiera inguratzearekin batera, elkarte gehienei euren urteko batzarrak egiteko ordua iristen zaie, eta batzarrak noiz egin behar dituzten galdetzeko jarriko dira elkarteekin harremanetan egitasmoaren arduradunak, batzarreko gai ordenean hizkuntza irizpideei tartea egiteko eskatzeko eta irizpideen inguruko eztabaida sustatzeko laguntza eskaintzeko.

Otamendik argitu duenez, "hizkuntza irizpideekin euskara eta erdararen erabilerarako jarraibideak ezartzen dira, natural sentitzen duten hori paperean jartzea litzateke, eta euskarari bere garrantzia ematea. Euskara elkarteko berezko hizkuntza eta lehentasunezkoa izatea, kideen ezagutza mailari dagokionez zuzendaritza euskalduna hautatzen ahalegintzea eta idazkaria euskaldun alfabetatua izatea, irudi korporatiboan euskara lehenestea, berdin kanpo harremanetan eta barnean, kasu batzuetan euskara bakarrik erabiliz eta besteetan elebitan...".

Egitasmoan parte hartuko duten elkarteek euren batzarrak egin ondoren, berriz harremanetan jarriko dira taldeekin egitasmoaren arduradunak, batzarreko erabakia jakiteko. Zer hizkuntza irizpide onartu dituzten jakiteko, baiezko kasuetan, eta zein izan diren ez onartzearen arrazoiak, ezezkoetan.

"Gutunaren zain egon gabe talderen batek Hizkuntza Irizpideen inguruko informazioa jaso nahi badu nirekin harremanetan jarri dadila 671469214 telefonoan. Egitasmoaren baitan hizkuntza irizpideak ezartzeko konpromisoa eta interesa azaldu ez duten talde haiek ere informazioa jasotzera animatu nahi ditugu", bukatu du Otamendik.

Elkarteen garrantzia

Kultur elkarteekin ez ezik, EBPNren barruan beste hainbat esparrutako herri-elkarteekin lanean ari da Azpeitiko Udala, Euskara Patronatuaren bidez, hizkuntza normalizazioaren bidean.

Patxi Saezek nabarmendu du elkarteak "euskararentzat gune estrategikoak" direla, "zaletasun baten inguruan, herriaren nortasuna sortu eta eraikitzeko" guneak diren heinean. Euskara Patronatuaren zuzendariak emandako datuen arabera, Azpeitiko herri-elkarteek 15.000 bazkide batzen dituzte, eta urtean zehar elkarte horietan sartu-irtenean dabilen jendearen kopurua 24.000raino igotzen da.


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus