Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitia, UEMAko 51.a

Azpeitia, UEMAko 51.a

2008-04-07 / 09:33 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   UDALETXEA

Azpeitiko Udalak joan den larunbatean (2008-4-5) eman zuen udalerria UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartzeko azken eta behin betiko urratsa. Ezohiko bilkuran onartu zuen Udalak mankomunitateko kide izatea. Horrenbestez, Azpeitia UEMAko 51. udalerria bihurtu da.

Herri mailan euskalgintzan zein beste hainbat arlotan parte hartu ohi duten eragileen aurrean, udal gobernua osatzen duten hiru alderdietako ordezkarien (ANV, EA eta Aralar) baiezko botoekin gauzatu zen Azpeitiaren sarrera UEMAn; oposizioa osatzen duen EAJk, berriz, aurka bozkatu zuen, euskararen normalizazioan "Administrazioaren bidetik" joatea lehenetsi behar delakoan.

Adierazpena

Larunbateko udalbatzaren aurretik, eta honen aurkezpen gisa, udal gobernuko alderdiek eta herriko euskalgintzako hainbat ordezkarik Azpeitia UEMAn sartzearen arrazoi eta esanahiaren gainean adierazpena aurkeztu zuten, bide batez herritarrak larunbateko udalbatzara eta ondoren egin zen jaialditxora gonbidatuz.

Hona hemen Arantxa Isart Euskara batzordeburuak komunikabideen aurrean irakurri zuen adierazpena:

"Azpeitian azkeneko urteotan asko egin da euskararen alde. Orain dela urte batzuk baino egoera hobean gaudela ezin dezakegu ukatu:

  • Udal Euskara Teknikaria eta Euskara Patronatua sortu ziren.
  • Euskalgintzak euskararen normalizazioaren alde egindako lana aipagarria izan da.
  • Bai Euskarari Akordioa eta EBPNk, bakoitzak bere aldetik emandako pausoak eta elkarrekin aurrera egiteko lortutako akordioa.
  • Eragile, merkatari eta hainbat enpresek euskaraz funtzionatu ahal izateko hartutako konpromisoak.
  • Ikastetxeetan egindako lana.
  • Hizkuntza eskubideen alde egindako lana.
  • ...

Baina oraindik asko dago egiteko, pauso ugari dago emateko. Euskara Hizkuntza Normalizatua izango bada, konpromisoak hartzeko bide horretan jarraitu behar dugu.

Eta gaur, juxtu, norabide horretan eman nahi den beste pauso bat aurkezteko elkartu gara, Azpeitiko Udaleko alderdiak, eta euskararen inguruan lanean ari den hainbat jende: datorren larunbatean, hilak 5, Azpeitia UEMAn sartuko da.

Esan bezala, azken urteotan asko egin da euskararen alde. Baina hala ere, eta Azpeitia hain herri euskalduna izan arren, larunbatean hartuko den erabakiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Izan ere, euskara Azpeitiko berezko hizkuntza da, baina oraindik, toki askotan herritarrak ezin du euskaraz bizi. Baina batez ere, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, eta horrek bultzatzen gaitu UEMAn sartzera.

Euskararen normalkuntzan udalerri euskaldunek duten eginkizuna garrantzi handikoa da. Izan ere, euskarak ez du gune sozio-geografiko propiorik, berari dagozkion funtzio guztiak garatzeko nagusi izango den lurgunerik. Eta hori da hain zuzen UEMAren erronka, euskarak ere, erdarek bezala, nagusi izango den lurgunea izatea.

Bide horretan, Azpeitia UEMAn sartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gaur egun 50 herrik osatzen dute UEMA, eta ezin uka Azpeitia mankomunitatean sartzeaK bultzada handia eman diezaiokeela egitasmoari. Are gehiago, kontuan hartzen baditugu azkeneko urteotan herrian eman diren aurrerapausoak.

Eta nola ez, UEMAn sartzea Azpeitiarentzat ere ona dela azpimarratu nahi dugu. Mankomunitatearen helburu nagusia erdarek betetzen dituzten funtzio guztiak euskararentzat eskuratzea da, gaztelania eta frantsesa beharrezkoak ez izatea normaltasun osoz bizi ahal izateko. Bideak zabaldu nahi ditu udalerri euskaldunetako bizitza soziala, egunerokoa, herriko sektore guztietan normaltasun osoz euskaraz burutu ahal izateko. Eta Azpeitian ere, hainbat arlotan gabezia handiak ditugu oraindik: komunikabideen kontsumoa, enpresa mundua, justizia, osasungintza...

Jarrai dezagun beraz, euskararen normalkuntzarako bidean aurrerapausoak ematen. Bai Euskarari, EBPN eta orain UEMA. Guztia beharko dugu Euskal Herri euskalduna lortzeko!!".


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus