Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Azpeitian euskaraz % 100 natual

Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP / Ikastetxeak / 2008-02-18 / 16:30


Euskaraz naturaltasunez hitzegiten dugu Azpeitian; azpeitiarrok, azpeitiarrez. Hori, natuala izateaz gain, goraipatzekoa, bultzatu beharrekoa eta saritzekoa ere bilakatu du herriko ikasle talde batek, % 100 natual komunikazio-kanpaina berezia landuz eta zabalduz.



Gazte hizkerarekin lotuta

Gazte hizkerarekin lotuta

Ikasberri ikastolako DBH3ko ikasle talde baten eskutik etorri da % 100 natual lemapean tajutu eta 2008ko otsailaren 11tik 18ra bitartean Azpeitian bistaratu den komunikazio kanpaina.

Komunikazio kanpaina, ordea, ez da ezerezetik abiaturiko zerbait izan. Hain zuzen ere, eta besteak beste, Udaleko Euskara Patronatuak herriko zenbait ikastetxerekin elkarlanean gazte hizkeraren gaineko lanketa egin izan du, eskola orduen barruan. Eskola orduen barruan, era berean, Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Harman komunikazio enpresak koordinatuta komunikazio kanpaina bat nondik nora eta nola bideratu ikasteko formazio saioak jaso dituzte hainbat ikasle taldek.

Aurreko astean plazaratu den kanpaina izan da, nolabait esateko, prozesu horren azken emaitza. Kasu honetan, Ikasberriko ikasle talde batek eskolaz kanpoko orduetan eginiko lanaren emaitza, Urtxintxakoen eta Harmanekoen laguntzarekin eta herriko erakundeen babesarekin.

Jogurta bezain naturala

"Gure asmoa, Azpeitian euskaraz naturaltasun osoz egiten dela adieraztea da. Euskaraz egiten dugu, kalean, Ikastolan, lanean, lagunartean...". Horrela adierazi dute euskararen erabileraren inguruko kanpaina hau prestatu eta zabaldu duten ikasle gazteek. Naturaltasuna jogurtarekin lotu dute ("jogurtaren ezaugarri guztiek bat egiten baitute guk azpimarratu nahi ditugun baloreekin: osasuntsua da, egunero jatea aholkatzen da, adin guztietan jatea aholkatzen da...") eta jogurt potoa erabili dute, hain zuzen ere, kanpainaren ikur gisa. Leloa ere, % 100 natual hori, euskararen erabilerarekin zein jogurtaren ezaugarriekin jokatuz proposatu dute.

Mikel Aranburu, ospetsu natualena

Aurreko astean zehar herri mailan zabalkunde nabarmena izan du %100 natual: komunikabideetan, kalean nonahi ikusi diren kartel eta pegatinen bidez...

Ekitaldi nagusia, ordea, otsailaren 15ean udaletxeko Areto Nagusian garatu zena izan zen. Bertan, Naturaltasunaren Sariak banatu zituzten kanpainaren sustatzaileek eta bederatzi herritar ezagun izan ziren sarituak, ez "beraien ibilbide publikoagatik", euskaraz hitzegiterakoan erakusten duten "natualtasunagatik" baizik. Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola, Mikel Labaka, Iban Garate, Alaitz Olaizola, Jokin Uranga, Gurutze Eizmendi eta Iņigo Aranbarrirekin batera, Mikel Aranburu Realeko futbolariak jaso zuen "sari nagusia", bere agerraldi guztietan "azpeitiarrez natual-natual" hitz egiteagatik. Aranburuk eta gainontzekoek bi oroigarri jaso zituzten: kanpainaren diploma eta, nola ez, jogurt potoa. Sari banaketaren aurretik, Ikasberriko ikasle taldeak aurreko egunetan herriko kaleetan harturiko hainbat irudirekin osatutako bideoa eskaini zuten. Bideoan, adin eta era guztietako azpeitiarrak eta hauen erreakzioak agertzen ziren, kanpainaren sustatzaileen eskuetatik % 100 natual-en jogurt-pegatinak jasotzen, "euskaraz naturaltasun osoz" aritzeagatik.

Beste jogurt poto bat, hau erraldoia, udaletxeko arkupetan egon da asteburu osoan, kanpainaren irudia zabaldu eta jolaserako aukera emanez. Eta bertsolaritzak ere izan du tartean kanpainaren azken txanpa horretan, larunbatean Mendizabal jatetxean eginiko bertso-afariarekin.


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1203348633