Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Jarraipen Batzordea: enpresetako hizkuntzen gestioa kudeatzeko bitartekoak

Jarraipen Batzordea: enpresetako hizkuntzen gestioa kudeatzeko bitartekoak

2007-11-06 / 13:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   ENPRESAK

Enpresen edozein alderdi kudeatzerakoan (ingurumena, kalitatea, pertsonak...), unean uneko egoera ezagutzea eta egoera horretaz jabetzea ezinbestekoa da alderdi horretan behar bezala eragin nahi bada.

Hizkuntzen gestioak, gutxienez lau oinarrizko fase ditu:

  1. - Enpresako hizkuntzak gestionatu nahi baditugu enpresa horretako hizkuntzen egoera ezagutu behar dugu.
  2. - Enpresako hizkuntzak gestionatu nahi baditugu enpresa horretako hizkuntzen egoeran eragiteko helburu eta ekintza egokiak definitu behar ditugu.
  3. - Enpresako hizkuntzak gestionatu nahi baditugu enpresa horretako hizkuntzen egoeran eragiteko helburu eta ekintza egoki horiek egin behar ditugu.
  4. - Enpresako hizkuntzak gestionatu nahi baditugu enpresa horretako hizkuntzen egoeran eragiteko helburuei eta ekintzei jarraipena egin behar diegu, etengabe ebaluatu behar ditugu eta etengabe hobekuntza neurriak proposatu behar ditugu.

Ahalik eta dibertsoena, ahalik eta aberatsena

Horretarako enpresetan hizkuntzak gestionatzeko batzordea sortzea proposatu ohi du ELEGUNEk. Jarraipen Batzordearen osaerari dagokionez, ahalik eta dibertsoena, ahalik eta aberatsena izatea komeni da. Hau da, enpresaren ezaugarri guztiak Jarraipen Batzordean egotea da interesatzen zaiguna. Honela, adinaren arabera, hizkuntza gaitasunaren arabera, enpresako lanpostuaren arabera, motibazio mailaren arabera... enpresako errealitatea Jarraipen Batzordean islatzea komeni da.

Jarraipen Batzordearen funtzioak

Enpresa bakoitzean definitu behar badira ere, Jarraipen Batzordearen funtzioak honakoa hauek izan daitezke:

  • Enpresako hizkuntza egoera ezagutzen laguntzea eta interpretatzea. Hau da, euskararentzako aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahulguneak identifikatzen laguntzea.
  • Euskararen ikuspegitik baina gainerako hizkuntza guztiak kontuan hartuz, enpresarako helburu estrategiko eta ekintza lorgarri eta eraginkorrak definitzen laguntzea. Azken finean, epe ertain eta luzerako helburuak eta urtez urteko ekintza planak definitzen laguntzea.
  • Urtez urteko gestio planetako ekintzak gauzatzen laguntzea.
  • Urtez urteko gestio planetako ekintzak eta, epe ertain eta luzerako helburuei jarraipena egiten, ebaluatzen eta ekintza zuzentzaileak definitzen laguntzea.
  • Enpresako langileei informazioa helaraztea eta trukean jasotzen dituzten iritziak berriro Jarraipen Batzordera ekartzea.
  • Enpresako gainerako langileak motibatzea.

Bileren maiztasuna

Jarraipen Batzordearen bilera maiztasuna aldakorra da eta enpresaz enpresa egokitu egin daiteke.

Hizkuntzen gestiorako planak diseinatzerakoan ohikoena hiru bilera egitea da:

  1. - Diagnostikoaren berri izateko eta AMIA (aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahulguneak) egiteko bilera.
  2. - Helburu estrategikoak definitzeko bilera.
  3. - Ekintza plana definitzeko bilera.

Hizkuntzen gestiorako planak inplemetatzerakoan ohikoena hiru bilera egitea da:

  1. - Urteko gestio planaren xehetasunez aztertzeko, nola inplementatuko den zehazteko eta arduradunak izendatzeko bilera.
  2. - Urte erdiko bilera: gestio planari jarraipena eta urte erdiko ebaluazioa egiteko bilera.
  3. - Urte amaierako ebaluazioa egin eta hurrengo urterako gestio plana definitzeko bilera.

Enpresen inplikazioa, behar-beharrezkoa

Bistan da ELEGUNEk bakarrik ezin dituela enpresako hizkuntzen gestiorako planak diseinatu eta inplementatu. ELEGUNEk aholkularitza emango dio enpresari. ELEGUNEk lan teknikoa egingo du. Baina enpresen parte-hartzea eta inplikazioa behar-beharrezkoak dira hizkuntzen gestiorako planak behar bezala diseinatu eta inplementatu behar badira.

Parte-hartze hori gauzatzeko bitartekoa da Jarraipen Batzordea. Eta aldi berean, hizkuntzen gestiorako planak behar bezala garatzeko bitartekoa da Jarraipen Batzordea.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus