Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko 45 kultur elkarteek euskara planak edukitzeko aukera izango dute

Azpeitiko 45 kultur elkarteek euskara planak edukitzeko aukera izango dute

2007-10-31 / 08:02 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa   HERRI-ELKARTEAK

Patronatua aste honetan jarriko da harremanetan talde guztiekin.

Datuak jaso ondoren hizkuntza azterketa egingo zaio erakunde bakoitzari jarraitu beharreko pausoak zehazteko.

Herriko elkarteak euskalduntzeko planak abian jarriko dituela iragarri zuen Azpeitiko Euskara Patronatuak. Aste honetatik aurrera, herrian dauden 45 kultur elkarteekin harremanetan jartzen hasiko dira eta, ekimen honen bidez, lau urteko plangintza beteko dutela adierazi zuten arduradunek.

"Egitasmoaren helburua herriko kultur elkarteek erabat euskaraz funtzionatzea eta hizkuntza irizpideak ezartzea da. Horretarako, banan banako azterketak egin eta plan zehatza egingo zaio talde bakoitzari", aurreratu zuen Ihintza Agirretxek, egitasmoko teknikaria eta Eregi euskara eta komunikazioako langilea.

Elkarteek gutun bidez jasoko dute egitasmoan parte hartzeko gonbidapena eta, ondoren, telefonoz hitz egingo dute egitasmoaren xehetasun gehiago eman eta bertan parte hartzeko bilera baterako hitzordua jartzeko asmoz. "Behin baietza eman ostean taldekideek fitxa bat bete beharko dute. Fitxaren bidez talde barruko zein kanpoko harremanetan erabiltzen den hizkuntza zein den edo zein hizkuntza lehenesten den jakin nahi da. Baita zailtasunak zertan dituzten ere", azaldu zuen Agirretxek.

Datuak jasotakoan, hizkuntza azterketa egingo zaio talde bakoi-tzari eta, beste bilera batean, zein pauso jarraitu behar dituzten azalduko zaie, epeak zehaztuz. Teknikariak esan zuenez, talde guztiekin harreman zuzena eta etengabea izango dute, "egitasmoa martxan dagoen bitartean taldeen aurrerapenak gertutik ezagutu nahi ditugu eta laguntza eskainiko zaie. Azken finean, egitasmo honekin euskara elkarteko txoko guztietara sartzeko ateko giltza eskura jarriko dugu. Gero talde bakoitzari dagokio giltza hartu eta pixkanaka atea zabaltzen joatea".

Modu honetan, gazteleraz idazteko ohitura duten elkarteei euskarazko ereduak eskainiko zaizkie eta estatutuak euskararazteko Patronatuak dituen zerbitzu desberdinak azalduko zaizkie, besteak beste.

Udaleko Euskara batzordeburuak legealdi honetako apustu handiena herriko elkarteak euskalduntzea dela agertu zuen: "Azpeitiko Udalak erronka nagusia du herria euskalduntzea. Horretarako planak jarri dira bai udal barruan eta kanpoan: saltokietan, enpresetan eta elkarteetan. Izan ere, eragile garrantzizkoak direla uste dugu".

Lau urteko plangintza Ekimen honen bidez, Azpeitiko Udalak herriko elkarteetara bideratuta eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, azken lau urteotako epealdirako aurreikusita zuen normalizazio prozesua borobilduko du. Iaz, kirol elkarte eta elkarte gastronomikoetako plangintza garatu zen, beste 45 elkarte ingururekin euskara planak landuz.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2007-10-30ean.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus