Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Elkarteentzako mikroplanak lau urteko lana borobiltzeko

Elkarteentzako mikroplanak lau urteko lana borobiltzeko

2007-10-26 / 13:43 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   HERRI-ELKARTEAK

Azpeitiko 45 elkarterekin harremanetan jarriko da Udaleko Euskara Patronatua 2007-10-29tik aurrera, elkarteok euskalduntzeko mikroplanak lantzen hasteko. Kultur arlokoak dira gehienak eta, kirol eta gastronomia elkarteekin iaz eginikoaren ondoren, EBPNren barruan lau urterako aurrikusitako plangintza borobilduko du Udalak ekimen berri honekin.

Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak, eta plangintza aurrera eramango duen Eregi enpresako teknikari Ihintza Agirretxek azaldu dituzte gaur (2007-10-26) prentsaurrean kulturako eta beste zenbait arlotako elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko garatuko den plangintzaren xehetasunak.

45 elkarte hartzen dituen zerrenda bat osatu dute Euskara Patronatuan. Bertan, herriko 30 kultur talde daude, eta beste hainbat arlotan (danborrada, merkataritza...) lanean diharduten beste 15 elkarte edo talde. Datorren astetik aurrera, Patronatua guzti horiekin harremanetan jarriko da, bakoitzarekin eta bakoitzari egokitutako euskara planak abian jartzeko lehendabiziko urratsak emateko.

Zikloa osatuz

Gaur aurkeztu den ekimenarekin, Azpeitiko Udalak herriko elkarteetara bideratuta eta EBPNren barruan azken lau urteotako epealdirako aurrikusita zuen normalizazio prozesua borobilduko du. Ziklo bat osatuko da, beraz, euskararen normalizazioan, hain zuzen ere hizkuntzaren erabilera normalizatzeko pisu estrategikoa duen arloetako batean: herriko elkarteak.

Iaz kirol elkarte eta elkarte gastronomikoetako plangintza garatu zen, beste 45 elkarte ingururekin euskara planak landuz. Orain kultura eta gainerako arloetako elkarteei iritsi zaie txanda.

Milaka azpeitiarri eragiteko bidea

Azpeitian era eta arlo askotako elkarte ugari dago. Horietatik 90 inguru izango dira, orain abian jartzear den plangintza kontuan hartuta, beraien euskara plana abian eta, horrenbestez, euskararen erabilera beraien jarduera guztietara zabaltzeko pausoak ematen hasiak izango direnak.

Datozen lau urteetan euskararen normalizazioa "Udalarentzat erronka" izango dela nabarmendu eta orain arte egindakoak labur aipatu ondoren, Arantxa Isartek gogoratu du elkarteak "oso arlo garrantzitsua" direla euskararen erabilera normalizatu eta bultzatzeaz ari bagara. "Gutxi-gehiago -esan du Euskara batzordeburuak-, denok hartzen dugu parte elkarteren batean eta elkarteak eragile garrantzitsuak dira herrian euskara sustatzeko". Datuek ere hala azaltzen dute: 15.000 bazkide dituzte Azpeitiko herri-elkarteek, eta are gehiago dira, zuzenean ez bada zeharka, elkarte horiekin harremana duten herritarrak. Milaka azpeitiarri eragiteko bidea dira, beraz, elkarteak, baita euskararen normalizazioa lantzerakoan ere.

Ahal dela elkarteek euskaraz funtzionatzea

"Oraingo egitasmoaren helburua herriko kultur elkarteek ahal dela erabat euskaraz funtzionatzea da, eta hizkuntza irizpideak ezartzea", azaldu du bere aldetik Ihintza Agirretxe teknikariak.

Horretarako banan-banako azterketak egin eta plan zehatza egingo zaio talde bakoitzari, honako metodologia erabiliz:

  • Elkarteei gutun baten bidez egingo zaie egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena. Gero talde bakoitzeko kideren batekin telefonoz jarriko dira harremanetan Patronatuaren ordezkariak eta egitasmoaren xehetasun gehiago eman eta bertan parte hartzeko bilera baterako hitzordua jarriko da.
  • Behin egitasmoari baietza eman ostean taldekideek fitxa bat bete beharko dute. Fitxaren bidez talde barruko zein kanpoko harremanetan erabiltzen den hizkuntza zein den edo zein hizkuntza lehenesten den jakin nahi da. Baita zailtasunak zertan dituzten ere.
  • Elkarteen datuak jasota, hizkuntza azterketa egingo zaio talde bakoitzari, eta bigarren bilera batean zer egin behar duten azalduko zaie, eta epeak zehaztuko dira pixkanaka-pixkanaka lanean hasteko.

Agirretxeren hitzetan, "batzuk ohituraz oharrak idatziko dituzte gazteleraz eta horien euskarazko ereduak beharko dituzte, beste batzuk agian estatutuak izango dituzte gazteleraz eta Euskara Patronatuaren bidez euskaratu ahal dituztela azalduko diegu". Plangintzan lanean ariko diren teknikariek taldeekin "harreman zuzena eta etengabea" izango dutela gaineratu du, "egitasmoa martxan dagoen bitartean aurrerapenak gertutik ezagutzeko eta laguntza eskaintzeko".

Egitasmo honekin elkarteei "euskara elkarteko txoko guztietara sartzeko ateko giltza eskura" jarriko zaiela nabarmendu zuen Ihintza Agirretxek, eta hortik aurrera talde bakoitzaren kontua izango dela "giltza hartu eta pixkanaka-pixkanaka atea zabaltzen joatea".


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus