Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Saltzeko daukate euskara Azpeitian

Saltzeko daukate euskara Azpeitian

2007-05-25 / 13:57 / Euskara Patronatua   MERKATARITZA

Euskara Patronatua Azpeitiko merkatal arloko ia 200 establezimenduekin aritu da lanean eta horietatik 151 dira "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" lortu dutenak, alegia, bezeroekin dituzten komunikazio modu guztietan euskarazko zerbitzua ziurtatzen duten saltokiak. Eta ez hori bakarrik: 95 establezimenduetan, gainera, "Euskarazko Funtzionamenduaren Garantia" ere lortu dute.

Euskara Patronatuaren laguntza

Euskara Patronatuaren laguntza

Euskara Patronatuak merkataritza arloko Azpeitiko 456 saltokiei zerbitzu tekniko-profesionala eskaintzen die beraien eguneroko eginkizunetan dituzten harreman mota guztietan euskara eraginkortasunez eta kalitatez erabiltzeko.

Urtero-urtero Euskara Patronatuaren laguntza guztiak elkartzen dituen katalogoa argitaratu eta banatzen da Azpeitiko merkatal arloko establezimendu guztietara. Hain zuzen ere, Euskara Patronatuak datozen egunetan banan-banan bisitatuko ditu Azpeitiko establezimendu guztiak eta 2007ko zerbitzu katalagoa banatzeaz gain, establezimendu bakoitzaren hizkuntza beharrei erantzungo die.

Joan den urtean, 2006an, 1.126 zerbitzu eskari izan zituen Azpeitiko Euskara Patronatuak, alegia, Azpeitiko merkatal arloko 4 establezimenduetatik 1ek egin zuen eskariren bat, eta batez beste eskaera egindako establezimendu bakoitzak 11 eskari egin zituen. Beraz, Euskara Patronatuak eskainitako zerbitzuak erabiltzen dituztenek asko eta askotan erabiltzen dituzte.

Zerbitzu eskaintza zabala

Azpeitiko Euskara Patronatuak merkatal arloko establezimenduei "euskarazko zerbitzua" edota "funtzionamendua euskaraz" lortu ahal izateko laguntza tekniko osoa emateaz gain, beste hainbat laguntza zuzen ere ematen dizkie: bezeroen aurrean jarri beharreko kartel eta idazki guztiak doan diseinatu eta egiten ditu; merkataritza jarduerarekin lotutako edozein testu edota idazki doan euskaratzen du Euskara Patronatuak; 300 euro arteko dirulaguntza zuzena ematen dio kanpoko errotulu nagusia euskaraz jartzen duen dendariari edota euskarazko programa informatikoak erabiltzen dituenari...

Zerbitzu eskaintzaren aurtengo berrikuntza nagusia arraindegietako diseinatu den materialean dago: aurten, estraineko aldiz, 25 arrain salduenen prezio txartelak egin dira arrain horien argazkiarekin eta euskarazko izenarekin.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus