Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gezurra esan nuen Azpeitian...

Gezurra esan nuen Azpeitian...

2007-03-16 / 12:25 / Ana Mendizabal Muguruza   EUSKALGINTZA

"Gezurra esan nuen Azpeitian eta ni baino lehenago zen atarian" esan beharko dugu hemendik aurrera Azpeitiko AEK-k eta Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeek Udal Euskaltegiari buruz esandako gezur ustelak salatzeko.

Gezurrak beti du hanka motza:

Gezurra da AEK-k eta EHE-k diotena: "Ikasturte honetan AEK-k Azkoitian udal-euskaltegiak ordura arte eskaintzen ez zuen zerbitzu bat jarri zuen martxan, talde sendoa osatzea lortu zuelarik. Hori ikusita, Azpeitiko Udal Euskaltegiak zerbitzu bera eskaintzea erabaki zuen Azkoitian, AEK-ko ikasle asko bereganatuz, konpetentzia desleiala dela eta".

  1. - Udal Euskaltegia orain 23 urte sortu zen Azpeitian eta, Azkoitiko Udalak hala eskatuta, azkenengo hamaika urteetan, 1996. urtetik, etenik gabe ari da euskarazko eskolak Azkoitian ematen. Udal Euskaltegiak azken 11 urteotan urtero-urtero talderen bat izan du Azkoitian euskarazko eskolak emateko. Datu hauek Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearen matrikulazio erregistroan daude.
  2. - Aurtengo ikasturtean Udal Euskaltegiak ikastalde bakarra du Azkoitian, 11 ikaslez osatua. 11 ikasle horietatik 8 aurreko ikasturteetan Udal Euskaltegian matrikulatutako ikasleak dira. Datu hauek Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearen matrikulazio erregistroan daude.

Beraz, AEK-k eta EHE-k diotena gezur hutsa da. AEK-k eta EHE-k Udal Euskaltegiaren izena kakaztea beste helbururik ez dute. Lagun urkoaren aurkako gezurrak zabalduz "euskararen alde" lanean ari dela sinisten duenak mesede kaskarra egiten dio gure herriari.

Gainera, harrigarria da (edo ez) AEK-k eta EHE-k Udal Euskaltegiaren eta Azpeitiko EAJren aurkako salaketa urte sasoi honetan egitea: ikasturtea orain dela 7 hilabete hasita dagoenean eta hauteskundeetarako bi hilabete besterik geratzen ez direnean.


(ANA MENDIZABAL MUGURUZA Azpeitiko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Batzordeburua.)


Inprimatu


Erantzun

 
Gezurtiak ez dio beste inori sinesten...
2007-03-26 / 10:44 / Ane Bastarrika (Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazen izenean)

Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburuari erantzunez:

"Gezurtiak ez dio beste inori sinesten, besteak bera bezalakoak direla uste baitu", azkenaldian erabiltzen dituzun esamoldeak direla eta, to hor zuretzako beste bat.

Bai, gezurrak beti du hanka motza, hortan ados gaude. Baina guk ez dugu gezurrik esan, ez dugu esan Udal-euskaltegiak Azkoitian lanik ez zuenik egiten, esan genuen bakarra, AEK-k eskaini zuen zerbitzu zehatz bat ez zenutela eskaintzen da, kasu honetan, Azkoitian ordutegi zehatz batean eskaintzen zen zerbitzua. Badakigu ikasle horietako hainbat aurreko urtean Udal-euskaltegiko ikasle izan zirela, kontua da, ordea, aurtengo ikasturtean AEK-k eskaintzen zien zerbitzua egokiago zetorkiela eta bertan eman zutela izena, zuek hori jakindakoan zerbitzu berdina eskainiz beraiei deitu zenieten arte. Honekin ez gara gehiago luzatuko, benetan izan beharreko eztabaida ekiditea baita zuen helburua.

Prentsaurrekoan argi utzi genuen gisa, gure helburua euskalduntzea da, euskaltegi batean zein bestean. Beraz, gure helburua ez da Udal-euskaltegia kakaztea. Arazo hori zuek duzue, euskalduntzea ere zuen eskuetan bakarrik egon dadin beste euskaltegiei diru laguntza gutxiago ematen baitizkiezue. Horri deitzen diogu guk konpetentzia desleiala, herritarren dirua zuen interesen arabera bakarrik erabiltzeari. Prentsaurrekoaren bidez EAJren hizkuntz politika eta herri mugimenduarekiko duzuen jarerra salatu genituen. Horri buruz ez duzu ezer erantzun, ados ote?

"Lagun urkoaren aurkako gezurrak zabalduz Ğeuskararen aldeğ lanean ari dela sinesten duenak mesede kaskarra egiten diola gure herriari" diozu. Ez al da susmagarria zuek izatea ongi egiten ari zareten bakarrak, eta herri mugimenduko beste eragile guztiak oker?

Bestalde, ez da harriagarria, hauteskundeetarako bi hilabete besterik geratzen ez direnean, zuek beste buruko minik ez izatea, baina ez ahaztu gu ez goazela inongo alderdi politikoren eskutik, eta hauteskundeetara begira ez dugula gezurrik esan beharrik. Badugu beste zereginik, zuk ahaztua duzula ematen duen KORRIKA antolatzea, esaterako. Zein une egokiago, AEK-k eta EHEk egin genuen salaketa egiteko?

Hauteskundeak gainean direla eta, behingoz, benetan konpromisoak hartzeko eta herritarren eskaerak kontuan izateko garaia dela uste dugu. Beraz, izan ziur hauteskundeen aurretik gure berri izango duzula. Gure aldarrikapenak kontutan hartu arte jarraituko baitugu, hauteskundeak izan ala ez izan.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus