Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Opariak erosten ikasteko

Opariak erosten ikasteko

2006-12-04 / 07:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa   AISIALDIA

Gabonetako oporrak iristeko gutxi falta da eta, dagoeneko, guraso asko beraien seme-alabei zein opari erosi pentsatzen hasi dira.

Bestalde, telebista ere hasita dago propaganda bonbardaketarekin eta, haurren atentzioa lortu asmoz, hainbat kolore eta soinu ibiltzen dituzte. Etxeko txikienentzat berezitasun asko ditu abenduak, oparien hilabetea delako eta, horregatik, Azpeitiko Udalak, Gazteria sailetik bideratuta, erregaluen garaiari erantzuna emateko helburuarekin ekintza bereziak prestatu ditu datozen egunetarako.

"Garai hauek iristen direnean, bonbardaketarekin hasten zaizkigu leku guztietatik, telebista, dendetako propaganda... Beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu opariak edota jostailuak erosi behar baditugu, zertan oinarritu behar dugun jakitea erosketa hauek egiterako orduan", azaldu zuen Udaleko Gazteria saileko arduraduna den Nerea Orbaņanosek.

Txatxilipurdi elkartea: hitzaldia eta erakusketa

Modu honetan, bi ekintza berri antolatu dira hurrengo egunetarako. Alde batetik, bihar, Txatxilipurdi elkarteko kideak diren Elen Kortajarena eta Mikel Uribarrenek hitzaldia eskainiko dute udaletxeko behe solairuko aretoan, 15:15etik 16:45era bitartean. "Hitzaldiaren gaia Nola aukeratu jostailu egokia izango da eta, bertan, jolasek haurraren garapenean duten garrantzia, funtzioa, jostailu egokia aukeratzeko aholkuak eta publizitatearen inguruko azalpenak emango dira", adierazi zuen Orbaņanosek eta euskaraz egingo dela aurreratu zuen.

Bestalde, Txatxilipurdi elkarteko kideek eskainiko duten hitzaldiarekin batera, jostailuen erakusketa gidatua zabalduko da udaletxeko beheko solairuko aretoan. Erakusketa hau bi egunetan egongo da zabalik eta 17:00etatik 20:00etara bitartean bisitatu ahal izango da.

"Erakusketa honen helburua guraso eta haurrak informatzea izango da. Horregatik, ez da erakusketa soil bat izango, bi monitoreren laguntza izango baitute ikustera joaten direnek. Bertan, euskarazko jostailuak erakutsiko dira eta hiru adinetan sailkatuta egongo dira", esan zuen Gazteria saileko arduradunak.

Hiru panel ezarriko dira, batetik bi eta bost urte bitartekoentzat, bestetik, sei eta zortzi urte bitartekoei zuzendutakoak eta, azkenik, bederatzitik gorakoentzat. Sail bakoitzean adin mugetako berezitasunak azalduko dituzte eta jostailu egokien zerrenda izango da. Nerea Orbaņanosek azpimarratu zuenez, "guraso zein hezitzaileentzat zuzenduta dagoen arren, haurrak joatea ere komeni da, beti ere heldu batek lagunduta, ikasten joan daitezen zein motako jostailuak dauden. Eraikuntzazkoak, trebetasunezkoak, asoziaziozkoak eta beste hainbat maila ezberdinetan banatuta daude jolasak".

Azkenik, jostailuen inguruko gidak ere eskuratu ahal izango direla esan zuen. Besteak beste, Elhuyarrenak, Ikastolen Elkartearen katalogoa eta merkatuan zehar aurkitu daitezkeenak izango dira, eta guztien helburua haurren pedagogia maila hobetzea izango da.

287 produktu: jostailuen katalogoa

Bestalde, Euskara Patronatuak, hirugarren urtez, euskarazko oparien katalogoaren 5.000 ale banatuko dituela adierazi zuen. "Gida honen helburuak, batetik gurasoek euskarazko opariak egiteko tresna bezala erabili dezaten da eta, bestetik, merkatua dinamizatzea. Izan ere, zenbat eta gehiago erosi, orduan eta euskarazko produktuen aukera handiagoa izango dugu", azaldu zuen Patronatuko zuzendariak, Patxi Saezek.

Guztira 287 produktu biltzen ditu aurtengo katalogoak eta, berrikuntza moduan, adinetan sailkatuta dagoela aurreratu zuen Saezek. "Adina zaindu beharreko alorra dela uste dugu eta horregatik banatu da sei sailetan: zero eta bost urte, bost eta zortzi, zortzi eta hamar, hamar eta hamabi, hamabi eta hamalau eta, azkenik, hamalau urtetik gorakoentzat. Horrez gain, gurasoentzat liburuak ere azaltzen ditu eta musika, filmak edota informatika alorrak aztertzen dira", esan zuen.

Hitzaldia, erakusketa gidatua eta katalogoaren bidez, Azpeitiko gurasoek opariak erosteko ikastaro laburra egin ahal izango dute beraz.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-12-03an.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus