Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Opari egokiak aukeratzeko lagungarriak

Opari egokiak aukeratzeko lagungarriak

2006-12-04 / 07:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO   AISIALDIA

Gurasoentzako hitzaldia eta erakusketa antolatu dira. Euskarazko produktuen katalogoa ere banatu dute.

Olentzero, Erregeak... Gabonetako pertsonaia eskuzabalenak ari dira etxez etxeko urteroko osteratxoa prestatzen, eta eskariak jasotzen ere hasiko ziren honez gero. Oparien garaiaren bezperetan, Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak eta Euskara Patronatuak eskari horiek erraztu asmoz zenbait ekimen prestatu dituzte, eta horien berri eman dute elkarrekin.

Alde batetik, eta azken urteetan bezala, Udalak etxez etxe banatu berri du Euskarazko Produktuen Katalogoa. 5.000 ale banatu dira azken egunotan eta, bertan, 287 produktu aurkituko dituzte azpeitiarrek, oparitzeko gai. Produktuak sei ataletan (musika, filmak, aldizkariak, liburuak, informatika eta jostailu eta jokoak) banatuta ageri dira katalogoan.

Beste banaketa edo antolaketa bat ere eskaintzen du katalogoak, adinaren araberakoa. Era askotako produktuak dira, beraz, baina batzen dituen ezaugarri batekin: guztiak euskarazkoak dira.

Patxi Sáez Euskara Patronatuko zuzendariaren hitzetan, katalogoaren helburua «euskarazko produktuen merkatua dinamizatzea da, jendeari zer produktu dauden erakustea». Jendea euskarazko produktuak ere kontsumitzera eta, kasu honetan, oparitzera, animatu nahi da, eskaintza eta eskariaren harremana estua dela gogoratuz: «jendeak euskarazko produktuak eskatzen baditu, eskaintza hazi egingo da».

Euskarazko Produktuen Katalogoa Euskal Herri osoko 96 udalerri eta mankomunitatetan banatuko da egunotan. Interneten ere aurki daiteke, www.katalogoa.org webgunean. Helbide elektronikoan, gainera, paperezko euskarrian jaso ez diren azken orduko nobedadeak ere aurki daitezke.

Hitzaldia eta erakusketa

Katalogoan etxeko txikienei oparitzeko moduko hainbat aukera aurkituko dituzte gurasoek. Baina beti ez da erraza suertatzen seme-alabentzako opari egokiak aukeratzea. Hori kontuan hartuta, Gazteria Sailetik jostailu erakusketa gidatu bat antolatu dute bihar eta etzirako, eta erakusketa horren atarian, bihar arratsaldean, gurasoei zuzendutako hitzaldia ere izango da Bi ekimenak ludotekako zerbitzuaren osagarri gisa antolatu dituzte.

"Nola aukeratu jostailu egokia" izenburupean, Txatxilipurdi Elkarteko Elen Kortajarena eta Mikel Uribarren jolasak haurraren garapenean duen garrantziaz, jostailuen funtzioaz eta publizitatearen eraginaz mintzatuko dira, jostailu egokiak aukeratzen laguntzeko aholkuak ere emanaz, bihar (2006-12-04) 15:15etatik 16:45etara emango duten hitzaldian.

Hitzaldia udaletxeko beheko solairuan dagoen aretoan izango da, erakusketa gidatua egongo den areto berean. Hain zuzen ere, jostailu erakusketa bihar eta etzi (2006-12-04 eta 2006-12-05) 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Bereziki gurasoei zuzenduta, bi begirale egongo dira bertan. Nerea Orbañanos Gazteriako teknikariak azaldu bezala, «helburua guraso eta haurrak informatzea da. Euskarazko jostailu ezberdinak izango ditugu erakusgai». Jostailuak adin tarteka banatuko dituzte (2-5, 6-8 eta 9 urtetik gora).

  • Estreinakoz Diario Vasco egunkarian argitaratua, 2006-12-03an.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus