Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko elkarteetan euskararen erabilera sustatu nahi du Udalak

Azpeitiko elkarteetan euskararen erabilera sustatu nahi du Udalak

2006-11-24 / 07:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa   HERRI-ELKARTEAK

Euskara Patronatuak hizkuntza zerbitzu katalogo berria egin du elkarteentzat.

Azpeitiko Udalak herriko elkarte desberdinetan euskara erabiltzea sustatu nahi du eta, horregatik, hizkuntza zerbitzuen katalogo berria banatzen hasiko da aste honetan. "Ahozko hizkuntza euskara dela badakigu, baina idatzian gaztelerara jotzen da eta hau aldatzea da gure erronka", adierazi zuen Euskara batzordeburua den Ana Mendizabalek.

Udalak eskainitako datuen arabera, 110 gastronomia, kirol edota kultura elkarte desberdin daude gaur egun herrian eta guztira 15.000 bazkide dituzte denen artean. "Urtean zehar 24.000 pertsona biltzen dira elkarte hauen inguruan, eta hauetako hamahiru taldek ehun bazkide baino gehiago dituzte. Beraz duten garrantzia nabarmena dela uste dugu", esan zuen Euskara Patronatuko zuzendariak, Patxi Saezek.

Bai ahoz eta bai idatziz euskaraz egiteko hainbat aukera eskaintzen ditu Patronatuak, eta horretarako laguntza eskuragarri izango dute. Liburuak, hiztegiak edota kartelak emango dizkiete elkarte bakoitzari, "guztiz doan".

Bestalde, aktak eta agiriak euskaraz egiteko ikastaro laburra ere abian jarriko dutela aurreratu zuten. "Idazkariak askotan aldatzen joaten dira horrelako egoeretan eta, horregatik, sei orduko ikastaroa antolatuko dugu. Ordu gutxiko ikastaroa izanik, ahalik eta jende gehien animatzea nahiko genuke", azaldu zuen Saezek.

Horrez gain, elkarte gastronomikoetan aplikazio informatikoa jartzeko diru laguntzak emango dituzte, "baliagarriak direlako diru kontu eta paper desberdinak egiterako orduan", adierazi zuen Euskara Patronatuko zuzendariak. Softekin enpresaren Elkartakt izeneko aplikazioak 1.200 euroko kostua du baina Azpeitiko Udalak erdia bere gain hartuko du, 600 euroko laguntza emanez.

"Diru laguntza jasotzeko, Udalak aplikazioa abian jarri izana, erabiltzea eta euskaraz dela egiaztatu beharko du", ohartarazi zuen Ana Mendizabalek.

Konpromisoa onestea Dagoeneko 45 elkarterekin bildu dira Euskara Patronatuko kideak, talde bakoitzak dituen hizkuntza hutsuneak edo beharrak aurkitu eta betetzeko asmoz eta "guztiek beren konpromisoa eta baiezkoa eman digute, orain ordea, elkarte bakoitzak batzar nagusian konpromiso hau era formalean onestea eskatzen dugu", azaldu zuen Patxi Saezek.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-11-14ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus