Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Herriko elkarteak: euskararen gune estrategikoak

Herriko elkarteak: euskararen gune estrategikoak

2006-11-14 / 07:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua   HERRI-ELKARTEAK

Elkarteak harreman gune estrategikoak dira euskararentzat. Azpeitiko herri-elkarteek 15.000 bazkide dituzte eta 24.000 herritarren elkargune dira. Horregatik Euskara Patronatuak arreta berezia jarrita dauka Azpeitiko elkarteengan.

Elkarteak zaletasun bereko jendea elkarrengana bilduz sortu ohi dira: ehiza, saskibaloia, pilota, dantza, zezena, argazkilaritza, zinea edo medizaletasuna dira, besteak beste, gurean elkate bihurtuta dauden zaletasunak. Hain zuzen ere, elkarteak jendearen arteko harremanak sortu, sendotu eta ugaritzeko sortutako guneak dira.

Harreman gune horietan aurrez aurreko ahozko harremanak nagusitzen dira erabat baina, neurri txikiagoan, idatzizko harremanak ere ugariak dira. Azpeitiko elkarteetan garatzen diren ahozko harremanen % 98 euskaraz dira. Idatzizko harremanak, ordea, % 65 besterik ez dira euskaraz izaten. Beste era batera esanda, idatzizko harremanen % 35ean gaztelania nagusitzen da Azpeitiko elkarteetan.

Azpeitiko Elkarteek daukaten hizkuntza egoera hori kontuan hartuta Euskara Patronatuak hainbat hizkuntza zerbitzu sortu eta garatu ditu. Zerbitzu horien guztien nondik norakoak azalduz "Zurekin Zuretzat" zerbitzu katalogoa argitaratu du Patronatuak eta elkartez elkarte banatuko du 2006ko azaro-abenduan barrena.

Elkarte honetan, euskaraz

Euskara Patronatuak "Elkarte honetan, euskaraz" izeneko zerbitzua dauka. Hala nahi duen elkarteari, hizkuntza erabileraren azterketa zabal-sakona egiten zaio, batez ere, aho-idatzizko harremanei dagokienean. Prozesuaren amaieran elkartearen kanpo irudian nahiz idatzizko eta ahozko barne eta kanpo komunikazioetan euskara nagusitzea lortuko da.

Hiztegiak

Bi hiztegi sortu ditu Euskara Patronatuak Azpeitiko elkarteentzat: bata, orokorra, edozein elkarteren ohiko kudeaketarako beharrezko terminologiaz hornitua, eta, bestea, kirol elkarteei zuzendutakoa.

Ahalegin berezia egin da kirol elkarteekin, izan ere, elkarte hauek, bereziki gazte eta gaztetxoekin jardun ohi direlako.

Kirol elkarteentzako liburu eta materiale didaktikoa

Elkarteetan haur eta gazte jendearekin kirol prestatzaile eginkizunetan dabiltzanei bereziki zuzendutako euskarazko materiale didaktikoa eskaintzen du Azpeitiko Euskara Patronatuak erabat doan. Materiala bi eratakoa da: kirol guztientzako prestatutakoa (kirola egiteko 25 arrazoi, luzamenduak nola egin, beroketa, korrika nola egin...) eta kirol bakoitzarentzat espezifikoa (Atletismoa, futbola, saskibaloia, karatea, eskupilota, igeriketa...).

Gastronomia elkarteak

"Zurekin Zuretzat" katalogoan gastronomia elkarteei zuzendutako eskaintza berezitua ere badago. Bi liburu eskaintzen dira euskaraz: Ander Oruesagastiren "Hasiberrien sukaldea" Azpeitiko Udalaren Gazteria Sailak argitaratua eta Mikel Garaizabalek idatzitako "Euskal Herriko ardoak".

Liburuez gain, gastronomia elkarteen diru-kontuen gestioa errazteko ELKARTAKT programa informatikoa jartzeko dirulaguntza ematen du Euskara Patronatuak.

Idazki ereduak

Liburuska bat ere prestatu da elkarteetan ohikoak izaten diren idazkiekin: batzar deiak, aktak, bazkideei zuzendutako gutunak, balantze ekonomikoa osatzeko idazkiak, barne araudia, estatutuak...

Ildo beretik, elkarteetako aktak euskaraz egiteko 6 orduko ikastaro laburra ere antolatu du Euskara Patronatuak.

Itzulpen eta zuzenketa zerbitzua

Doako itzulpen zerbitzua ere eskaintzen zaie Azpeitiko elkarte guztiei. Zerbitzu hau oso baliagarria gerta daiteke kirol entrenamenduetarako erabili ohi den materialaren itzulpena egiteko edota, besteak beste, elkarteek euskaraz sortzen dituzten lan-txostenak zuzentzeko.

Hizkuntza irizpideak

Era berean, elkarteak herrira begira antolatutako ekitaldietan hizkuntza irizpideak finkatzeko aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du Euskara Patronatuak.

  • Azpeitiko Elkarteentzat sortutako katalogoa ikusteko sakatu HEMEN

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus