Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Erronka, elkarteak euskalduntzea

Erronka, elkarteak euskalduntzea

2006-11-21 / 07:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA   HERRI-ELKARTEAK

Elkarteak euren jarduna euskaraz egiteko, hizkuntza zerbitzuen katalogoa atera eta banatuko dute.

Elkarteak eragile garrantzitsua dira Azpeitian, lagun asko biltzen dituzte eta hartu eman estuak eragiten dituzte. Elkarteak euskalduntzea sustatu nahian, hizkuntza zerbitzuen katalogoa egin du Eregik, eta Udal Euskara Patronatuak atera du.

Udal Euskara Patronatuak emandako datuen arabera, Azpeitian 110 elkarte daude. Horietatik 13 elkartek ehun bazkidetik gora dituzte. Elkarte guztien artean, 15.000 bazkide inguru dituzte, eta urtean elkarteetatik 24.000 lagun pasatzen dira. Datu horietan era guztietako elkarteak hartu dituzte kontutan: kiroletakoak, kulturakoak, gastronomikoak... Uztarria aldizkariak maiatzeko alean adierazi zuenaren arabera, herrian 32 elkarte gastronomiko edo soziedade daude, eta denera 1.461 bazkide biltzen dituzte.

Elkarteetan ahozko komunikazioa ia %100ean euskaraz egiten da, baina idatzizkoa, beste alor batzuetan bezalaxe, %65 da euskaraz. Euskara Patronatuko arduradunen esanetan, «elkarteetan, idazkiak batik bat erdaraz egiten dira, aktak eta estatutuak esaterako».

Orain, ordea, elkarteentzako atera berri duten hizkuntza zerbitzuen katalogoak, elkarteak euskalduntzeko, edota bai ahoz eta bai idatziz ere euskaraz egiteko hainbat aukera eskaintzen ditu. Katalogoan, «elkartearen eguneroko jardunean lagungarri izango den materiala aurkitu daiteke». Katalogoa elkarte guztietan banatuko dute, datorren astetik aurrera.

Kirol elkarteentzako eta elkarte gastronomikoentzako liburuak eskaintzen dira, batetik. Hauek doan eskuratu daitezke, Udal Euskara Patro-natuan eskatuta. Kirol elkarteei zuzendutako argitalpenen artean, batzuk kirol zehatz bati lotutakoak dira eta beste batzuk, berriz, edozeinentzako izan daitezke; adibidez, Jarri sasoian korrika, Kirola egiteko 25 arrazoi edota Luze-luze. Soziedadeentzako, berriz, bi liburu daude aukeran: Hasiberriaren sukaldea eta Euskal Herriko ardoak.

Barruko idatziak euskaraz

Liburuez gain, hiztegi orokor bat eta kirol hiztegi bat ere badaude aukeran. Eguneroko jardunean elkarteetakoek erabiliko dituzten hitzak aurkitu daitezke hiztegietan, eta idatziak egiteko baliogarriak dira. Horiez gain, idazki ereduen koadernotxo bat ere badago eskaintzan. Bertan, aktak eta batzarretarako deiak, barne araudiak eta estatutuak, gutunak osatzeko esapideak eta balantze ekonomikoak euskaraz egiteko ereduak jasotzen dira. Gainera, aktak euskaraz egiteko ikastaro bat ere antolatu du Euskara Patronatuak. «Ikastaro laburra da, sei ordukoa, eta bertan idazkiak (aktak, bilera deialdiak...) euskaraz nola egiten diren erakusten da».

Elkartearen barruan oharrak jartzeko kartelak edota eranskailuak ere aukeran daude, nahi dituzten elkarteentzako. Material hau guztia doan jaso dezakete elkarteek.

Elkarteetan kontuak egiteko informatikako euskarazko programa bat ere badago, Elkartakt da hori. 1.200 euro kostatzen da programa, baina Udalak erdia diruz laguntzen du, 600 euro ematen ditu. «Baliagarria da elkarte gastronomikoetako kontuak egiteko».

Elkarteen jarduera guztietan euskararen erabilera ziurtatzeko aukera ematen duen irudia ere atera du Udal Euskara Patronatuak. Hauen esanetan, «urte bukaeran elkarteek egingo dituzten batzarretan hizkuntza irizpideak zehaztuko dituztela espero dugu».

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-11-11n.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus