Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Herriko elkarteentzako zerbitzuen katalogoa osatu du Euskara Patronatuak

Herriko elkarteentzako zerbitzuen katalogoa osatu du Euskara Patronatuak

2006-11-16 / 07:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO   HERRI-ELKARTEAK

Merkataritza arloan azken urteetan egin izan duenaren ildo beretik, Udaleko Euskara Patronatuak herriko elkarteei zuzenduta eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa plazaratu du. Aste honetan hasiko dira katalogoa banatzen.

Kirol, gastronomia eta gainerako herriko elkarteei orain arte eskaini izan zaizkien zerbitzuak eta azken urte honetan gaineratu diren zerbitzu berriak jaso ditu katalogoan Euskara Patronatuak. Azpeitian 110 elkarte daude, guztien artean 15.000 bazkide batzen dituzte, eta urtean zehar 24.000 lagun dira elkarteetatik igarotzen direnak. Kopuru horiek kontuan hartuta, euskararen sustapenerako eta normalizaziorako «elkarteena oso arlo interesgarria» dela deritzo Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak.

Elkarte honetan euskaraz

Katalogoaren barruan jasotzen da Patronatuak elkarteei beraien jarduera guztietan euskararen erabilera ziurtatzeko eskaintzen zaien prozesuaren aukera. Prozesu hau berria da baina dagoeneko 45 elkarte sartu dira bertan. Patronatuak hizkuntza egoeraren azterketa bat egin dio bakoitzari eta zenbait irizpide ezarri dira ondoren, euskararen presentzia areagotzen eta normaltzen lagunduko dutenak. Urte amaieran edo datorrenaren hasieran egingo dituzte elkarte gehienek beraien batzarrak, eta batzar horietan onartzea eskatu zaie aipatu 45 elkarteei, «era formalean», euskararen erabilera finkatzeko aurrez hartuak dituzten konpromisoak. Konpromiso horien eta garatzen ari diren prozesuaren adierazle izango den irudi berria ere sortu du Patronatuak, Elkarte honetan euskaraz! leloarekin.

Katalogoan jasotako gainerako zerbitzuei dagokienez, kirol elkarteei bereziki zuzendutako hainbat material aurki daitezke, kirol ezberdinetara zuzendutako liburuak eta kirol hiztegi bat. Elkarte guztiek aukeran izango duten hiztegi orokor bat ere badago. Elkarte gastronomikoentzat, berriz, errezeta liburu bat eta ardoen inguruko beste bat prestatu dira, eta elkarte batzuetan dagoeneko indarrean dagoen aplikazio informatiko bat ere bai, era horretako elkarteen kudeaketarako egokitua. Aplikazio hori ezarri eta euskaraz erabiltzen duten elkarteei bere prezioaren erdia, 600 euro, ordainduko die Patronatuak. Gainerako material eta zerbitzu guztiak (itzulpenak, kartelak, idazki ereduak, ikastaroak espezifikoak...) dohainik jaso ahal izango dituzte elkarteek.

  • Estreinakoz Diario Vasco egunkarian argitaratua, 2006-11-11n.


Ildo bereko artikuluak
(irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus