Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Etorkinentzako laguntza programak martxan jarri dituzte

Etorkinentzako laguntza programak martxan jarri dituzte

2006-10-27 / 07:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA   IKASTETXEAK

Euskara ikasteko "Etorkizun" ekimenean 70 haur eta gazte dabiltza, eta helduentzat euskara eta lan ikastaroak antolatu dituzte.

Azpeitira datozen atzerritarrentzat hainbat ekimen abiatu dute Udaleko Euskara eta Gizartekintza sailek. Helburua, «kanpotik herrira datozenak herrian integratzea da, azpeitiarrago sentitzea», zioen atzo Ana Mendizabal euskara batzordeburuak.

18 urtera arteko etorkinekin lan egiteko Etorkizun programa jarri dute martxan, ikastetxeekin elkarlanean. Programa Mondragon Unibertsitatearekin batera egin dute, eta laguntza gehigarri bat emateko sortu dute. Aurreko ikasturtean proba moduan martxan jarri zuten, eta orain jarraitzea erabaki dute.

Programak bi zati ditu: bat ikastetxeetan lantzen da, 4-12 urteko haurrekin, eta bestea Zapo Txoko gaztelekuan egiten da 12-18 urtekoekin. Eskoletako jardunean 62 haur dabiltza, zazpi taldetan banatuta: «Iraurgi ikastetxean eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain hiruna talde daude eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolan bat», dio Aitziber Bilbao Etorkizun programaren koordinatzaileak. Ikastetxeetan astero ordubeteko bi saio izaten dituzte, 14:00etatik 15:00etara.

Positiboa eta erakargarria

Ikastetxeetako ordezkariek ekimena positiboa dela diote. Ikasberri Ikastolako Miren Lazkanoren iritziz, «hasieratik ikastetxeak eta haien proposamenak kontuan izan dira, eta hori garrantzitsua da. Programaren ordutegia ere ona da. Izan ere, ikasleek ordu asko pasatzen dute ikasgelan, beste hizkuntza batean eta ahalegin handia eskatzen zaie. Ikastordua, ordea, ludikoa da eta horrek haien parte-hartzea bultzatzen du». Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Esther Arrutik ere bat egin zuen Lazkanorekin, «Ongi etorria da programa, eta esperientzia positiboa ari da izaten. Erakargarria da, eta aurreko ikasturtean ibilitako haur askok berriro parte hartuko dute».

Urola Ikastolakoen eta Iraurgi ikastetxekoen esanetan, haurrek gazteek baino errazago parte hartzen dute. «DBHkoei parte hartzeko aukera ematen zaie, baina beraiek eta haiek etortzea zailagoa da».

12-18 urte artekoekin, berriz, Zapo Txokon ari dira Etorkizun programa lantzen, zortzi pertsona ari dira parte hartzen, «antzerki tailer bat dugu martxan eta euskarazko saioak tartekatzen ditugu», dio Bilbaok.

Helduentzako ikastaroak

18 urtetik gorako atzerritarrentzat, Udal Euskara Patronatuan, besteak beste, AISA programa dute martxan, baina Udaleko Gizartekintzak ere hainbat ekimen du. Biztanlerian atzerritarren kopurua gero eta gehiago da, hala azaldu du Edurne Zubia Udaleko Gizartekintzako teknikariak. «Iaz ikerketa bat egin genuen, eta hango datuen arabera, iaz Azpeitian Urola bailaran baino atzerritar gutxiago zeuden, hau da, bailaran % 3,73 atzerritarrak ziren, eta Azpeitian % 2,75».

Aurten kopuruak gora egin du, iaz baino % 0,55 atzerritar gehiago daude Azpeitian erroldatuta. «Aurten, iraila bitartean 106 atzerritar hartu ditugu Gizartekintzako bulegoetan eta irailean 14 hartu ditugu», dio Zubiak.

Gizartekintza sailak lan munduan gizarteratzeko ikastaroak antolatu ditu: Auzolan ikastaroan zortzi lagunek parte hartu dute, eta horietatik hiru atzerritarrak izan dira. Merkataritza ikastaroan, berriz, zortzi lagunek parte hartu dute, eta sei dira atzerritarrak. Urte bukaeran beste bi ikastaro antolatu nahi dituzte.

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-10-21ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus