Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Zerbitzuaz gain barne funtzionamendua ere euskaraz egiten dutela ziurtatzeko aukera dute establezimenduek

Zerbitzuaz gain barne funtzionamendua ere euskaraz egiten dutela ziurtatzeko aukera dute establezimenduek

2006-10-19 / 07:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO   MERKATARITZA

Laneko eguneroko eginbeharretan, lanaren arlo eta komunikazio maila guztietan funtzionamendua euskaraz izateko prozesua zabalduko du Udal Euskara Patronatuak, gaur egun bezeroei zerbitzua euskaraz ematen ari diren herriko 117 merkatal establezimenduetan.

Azpeitiko Udalak herriko lan-munduko arlo desberdinetan euskara bultzatzeko lanean dihardu. Azken urte hauetan, Azpeitiko enpresetan eta merkataritza, ostalaritza eta bestelako establezimenduetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko «ahalegin handiak» egin direla gogoratu dute Euskara Patronatutik, egitasmo desberdin ugari burutuz.

Egitasmo desberdin hauen artean "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" izenekoa aurkitzen da. "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia"k produktu bat saldu edo zerbitzu bat eskaintzeko establezimendu batek bezeroarekin dituen komunikazio modu guztietan (ahozko harremanetan, jendaurreko elementu idatzietan, publizitate eta promozio ekintzetan...), bezeroak euskara erabili ahal izango duela ziurtatzen du.

Udalak, Euskara Patronatuaren bitartez, urte osoan zehar herriko establezimendu guztiei laguntza eta zerbitzu desberdinak eskaintzeaz gain, "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" egoera ziurtatu nahi duten establezimenduei aholkularitza pertsonalizatua eta laguntza teknikoa eskaintzen die.

Azken hiru urteetan herriko 177 establezimendu izan dira bezeroari euskarazko zerbitzua ziurtatzeko hizkuntza prozesuetan sartu direnak.

Horietatik, 117k "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" egoera egiaztatzea lortu dute. Aurten, Azpeitiko beste 68 establezimendu izango dira gutxi gorabehera prozesu honetan sartzeko aukera izango dutenak, Patronatutik aurreratu dutenez.

Gauzak horrela, aurten ere bezeroarekiko komunikazio modu guztietan euskarazko zerbitzua ziurtatzera iritsi diren edo ziurtatze bidean dauden establezimendu guztiak bisitatzen ari da Euskara Patronatua egunotan, saltoki bakoitzaren egungo hizkuntzazko egoera ezagutzeko eta behar dutenei, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko.

Lana ere euskaraz

Aurten lehendabiziko aldiz, prozesuan sartuak dauden establezimenduek, zerbitzuaz gain, lana ere euskaraz egiten dutela ziurtatzeko aukera izango dute. Horretarako, saltokietan egunerokotasuneko funtzionamenduan izaten diren ahozko eta idatzizko barne eta kanpo harreman eta komunikazioetan euskara lan-hizkuntza gisa zenbateraino erabiltzen den neurtuko da. Horrela, lan hizkuntza euskara duten Azpeitiko establezimenduak gero eta gehiago izateko bide berriak urratu nahi ditu Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bitartez.

  • Estreinakoz Diario Vasco egunkarian argitaratua, 2006-10-05ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus