Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Funtzionamendua ere euskaraz

Funtzionamendua ere euskaraz

2006-09-15 / 16:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua   MERKATARITZA

Laneko eguneroko eginbeharretan, lanaren arlo eta komunikazio maila guztietan funtzionamendua euskaraz izateko prozesua zabalduko du Azpeitiko Euskara Patronatuak, gaur egun bezeroei zerbitzua euskaraz ematen ari diren herriko 117 merkatal establezimenduetan.

Azpeitiko Udalak herriko lan-munduko arlo desberdinetan euskara bultzatzeko lanean dihardu. Azken urte hauetan, Azpeitiko enpresetan eta merkataritza, ostalaritza eta bestelako establezimenduetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko ahalegin handiak egin dira, egitasmo desberdin ugari burutuz.

Egitasmo desberdin hauen artean "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" izenekoa aurkitzen da. "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia"k produktu bat saldu edo zerbitzu bat eskaintzeko establezimendu batek bezeroarekin dituen komunikazio modu guztietan (ahozko harremanetan, jendaurreko elementu idatzietan, publizitate eta promozio ekintzetan,...), bezeroak euskara erabili ahal izango duela ziurtatzen du.

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bitartez, urte osoan zehar herriko establezimendu guztiei laguntza eta zerbitzu desberdinak eskaintzeaz gain, “Euskarazko Zerbitzuaren Garantia” egoera ziurtatu nahi duten establezimenduei aholkularitza pertsonalizatua eta laguntza teknikoa eskaintzen die.

Azken hiru urteetan herriko 177 establezimendu izan dira bezeroari euskarazko zerbitzua ziurtatzeko hizkuntza prozesuetan sartu direnak. Horietatik, 117k “Euskarazko Zerbitzuaren Garantia” egoera egiaztatzea lortu dute. Aurten, Azpeitiko beste 68 establezimendu izango dira gutxi gorabehera prozesu honetan sartzeko aukera izango dutenak.

Gauzak horrela, aurten ere bezeroarekiko komunikazio modu guztietan euskarazko zerbitzua ziurtatzera iritsi diren edo ziurtatze bidean dauden establezimendu guztiak bisitatuko ditu Euskara Patronatuak datozen egunetan, saltoki bakoitzaren egungo hizkuntzazko egoera ezagutzeko eta behar dutenei, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko.

Azkenik, esan aurten lehendabiziko aldiz, prozesuan sartuak dauden establezimenduek, zerbitzuaz gain, lana ere euskaraz egiten dutela ziurtatzeko aukera izango dutela. Horretarako, saltokietan egunerokotasuneko funtzionamenduan izaten diren ahozko eta idatzizko barne eta kanpo harreman eta komunikazioetan euskara lan hizkuntza gisa zenbateraino erabiltzen den neurtuko da. Horrela, lan hizkuntza euskara duten Azpeitiko establezimenduak gero eta gehiago izateko bide berriak urratuko ditu Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bitartez.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus