Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Ezkontza Azpeitian

Ezkontza Azpeitian

2006-07-07 / 15:47 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKARA PATRONATUA

Azpeitiko Euskara Patronatua ezkondu egin da EMUN Kooperatibarekin. Uztarketa Euskara Patronatuaren egoitzan sinatu da eta Dani Larrea EMUNeko zuzendari nagusiaren esanetan "Azpeitiko herriarentzat ezkontza oparoa izan dadila saiatuko gara eta sortuko diren seme-alabak osasuntsu hazi daitezela izango da gure ardura".

Azpeitiko Euskara Patronatuak eta EMUN Koperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute. EMUNek Azpeitiko Euskara Patronatuaren bost egitasmotan hartuko du parte.

Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakari ANA MENDIZABALek esandakoak:

Patronatuak dinamika bizia du eta bai bertako lankideen zein aholkularitza enpresen jardunari esker egitasmo ugari ari gara garatzen. Helburu eder eta borobilak beharrezkoak dira baina urratsez urrats eta arloz arlo modu iraunkorrean eta planifikatuan lan eginez lortuko da helburu eder horietara heltzea.

Euskara Patronatuak ohiko zerbitzuak eta lanak ditu esku artean: udalaren eta udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plana, udal euskaltegia, erabili.com…

Baina dinamika eta helburuak haratago doaz, Azpeitiko era guztietako entitateak eta, azken finean, azpeitiar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu dinamika honetan; besteak beste, euren inplikaziorik gabe lortu nahi ditugunak lortzea ezinezkoa delako. Azpeitiarrok erabat euskaraz bizitzeko aukera izateko era guztietako entitateetan: merkataritza establezimenduetan ("Euskara Azpeitiko Merkataritzara"), profesional liberaletan, elkarteetan, eta abarretan lanean ari gara.

Entitate bakoitzarekin lana egiterakoan konpromisoa eskatzea eta laguntza ematea dira uztartzen ditugun bi kontzeptuak. Entitateen konpromisoa mikroplangintza onartuz eta garatuz islatzen da eta bide horretan Patronatuaren aldetik laguntza tekniko osatuena dute.

Indarrean diren egitasmo guztietatik lan-munduarena azpimarratu nahi dut zalantzarik gabe. Une honetan dugun erronka nagusia lan-munduan eragitearena da. Helburu horrekin irailetik aurrera enpresentzat Hizkuntza Gestiorako Zentro Teknikoa indarrean izango da eta bertatik Azpeitiko enpresa, lantegi eta establezimenduetarako hizkuntzen normalizaziorako bulego teknikoa izango da. Azpeitian euskara normalizatzeko enpresa munduan lana egin behar da eta orain arteko dinamika areagotu behar da. Lan-munduaren egitasmoarekin hasita gaude, hainbat urrats egin da: BIELEn eta ZUBIOLAn euskara planaren dinamikarekin hasita daude… baina arlo horretan egiteko dagoena asko da eta Hizkuntza Gestiorako Zentro Teknikoaren bidez dinamika hori areagotzea izango da erronka nagusia.

Egitasmo guztiak bideratzeko hainbat aholkularitza enpresa parte hartzen ari da: Emun, Eregi, Publis eta Siadeco. Emun kooperatiba da hornitzaile nagusia, 5 egitasmo kudeatzearen ardura duelako:

  1. Azpeitiko enpresa, lantegi eta languneetarako Hizkuntzen Gestiorako Zentro Teknikoa.
  2. Profesional liberaletan mikroplangintzak.
  3. Elkarteetan, mikroplangintzak.
  4. Etxepekoen gidaliburua.
  5. Etxea erosi

Baina batez ere aipatutako lehen egitasmoa kudeatzearen erantzukizuna duelako eta egitasmo horren garapen egokia delako esku artean dugun erronka nagusia.

Gaur sinatuko dugun hitzarmenaren bidez aipatutako 5 egitasmoak kudeatzeko baldintzak zehazten dira zenbait klausulen bidez. Elkarlan Hitzarmenaren iraupena urte amaiera artekoa da. Epe hori bukatzerakoan, eta egitasmoarekin jarraitzeko, berritu ahal izango da Elkarlan Hitzarmena.

Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakari gisa animatu nahi ditut dinamikan erantzukizuna duten entitate eta pertsona guztiak. Emunek egingo duen lanean konfiantza handia dut. Horrelako zereginetan espezializatuta daude eta dagoeneko duten eskarmentua handia da. Esku artean dugun zereginean ez da miraririk izango baina nahi izatetik ahal izaterako bidean ondo etorriko zaizkigu dinamizazioan, tresna metodologikoetan… ekarpen eta lan guztiak.

EMUNeko zuzendari nagusi lehendakari DANI LARREAK esandakoak:

Zer da EMUN Koop. E.?

EMUN Kooperatiba Elkartea 1997an sortu genuen, euskara normalizatzeko prozesuan eraginkortasunez, kalitatez eta errentagarritasunez jarduteko.

Gure xedean diogun bezala, euskara normalizatzeko prozesuaren barnean, edozein motatako enpresetan, administrazioan nahiz bestelako erakundeetan, lana eta euskara uztartu nahi ditugu, lan mundua euskaraz garatzeko, bezeroen asebetetzea lortuz.

EMUNek eskaintzen duen zerbitzu nagusia era guztietako entitateetan EUSKARA PLANAK garatzeko zerbitzu teknikoa ematea da eta, euskara planen zerbitzu osagarri gisa, itzulpenen eta euskara formazioaren arloak ere eskaintzen ditugu.

EMUNek bilakaera garrantzitsua izan du 9 urteko ibilbidean. Gaur egun Arrasaten eta Andoainen ditugu egoitzak, eta 72 pertsona ari gara bertan lanean.

Une honetan 2005-2008 Plan Estrategikoa indarrean jartzen ari gara, eta esku artean ditugun erronka nagusiak honako hauek dira: Bezeroentzat eta sektorearentzat erreferente izatea Euskal Herri osoan.

  • Bezeroen nahiei eta beharrei aurrea hartzea.
  • Erakundearen eta EMUNeko pertsonen garapena.

EMUNek gaur egungo bezeroen inguruan hainbat datu adierazgarri:

  • EMUNek 2006ko ekainean kudeatzen dituen EUSKARA PLANAK eta HIZKUNTZA AHOLKULARITZAKO ZERBITZUAK, GUZTIRA: 117.
  • INDUSTRIA ENPRESAK: 65 euskara plan.
    • Handiak: 32. Horien artean: FAGOR, CEGASA, EIKA, MAPSA, ULMA, ABB NIESSEN, SAN JOSE LOPEZ…
    • Ertainak:15. Horien artean: SAM, ELECTRA VITORIA, DANOBAT, RECYDE…
    • Txikiak: 18. Horien artean: TALLERES ARRECHE, URKUNDE, S. EIZAGIRRE…
  • ZERBITZU ENPRESAK: 21 euskara plan.
    • Horien artean MCC, DONOSTIAKO TRANBIA KONPAINIA, ITURGI, LKS…
  • ADMINISTRAZIOA: 31 instituziotan euskara plana kudeatzen edo hizkuntz aholkularitzako zerbitzua eskaintzen.
    • UDALAK ETA MANKOMUNITATEAK: 29. Horien artean: AZPEITIA, LEIOA, ZALDIBAR, EIBAR, LASARTE, USURBIL, ZUMARRAGA, BERRIOZAR, ATARRABIA…
    • EUSKO LEGEBILTZARRA eta EUSKO JAURLARITZAKO JUSTIZIA SAILA…

Azpeitiko dinamikaren eta sinatu behar den hitzarmenaren inguruko aipamenak:

  • Pozgarria da Azpeitiko Euskara Patronatuak indarrean dituen egitasmo kopurua eta egitasmoak bideratzeko bitartekoak.
  • EMUNentzat ere erronka nagusia, Enpresen Hizkuntza Gestioa Hobetzeko Zentru teknikoaren egitasmoa behar den bezala garatzea da. Lau dira egitasmo horren baitan bideratzen hasi garen lan nagusiak:
    • Prestakuntza: proiektuaren arduradun politiko eta teknikoen formazioa.
    • Komunikazioa eta promozioa.
    • Azpeitiko enpresetan euskara planak abian jartzea: BIELEn eta ZUBIOLAn euskara planaren jarraipen lanak egitea eta enpresa berriak sartzea planen dinamikan.
    • Talde eragilea indartu eta bere dinamika sustatu.
  • Era berean, bideratuko ditugun egitasmoen artean "Etxepekoak" oso berritzailea eta interesgarria da. Ilusioa piztu du eta eredugarria izan daiteke.

EMUNentzat erronkaz gain aukera oso egokia ere bada:

Azpeitiko Euskara Patronatua euskararen normalizazio dinamikan gero eta erreferente garbiagoa da. Alde batetik, egiten duenagatik. Aipatu dut jadanik deigarria dela egitasmoen kopurua eta dagoen dinamika. Bestetik, egiten duena, saltzen dakielako; hau da, erabili.com eta gainerako tresna eta dinamika komunikatiboak erabiliz bere euskarrien eta dinamikaren berri oso modu egokian ematen duelako.

Ahalegin osoa egingo dugu zerbitzu egokia ematen eta EMUNengan jarri duzuen konfiantzari era egokian erantzuten. EMUNek egiten dituen eskaintzak "erreferentziak" puntuarekin bukatzen dugu eta honela diogu "EMUN Kooperatibaren lanaren berri jakiteko modurik onena gure bezeroei galdetzea denez, hona hemen hainbat bezeroren datuak, nahi izanez gero eurekin harremanetan jar zaitezten". Horra hor dugun helburua: berandu baino lehen Azpeitiko Euskara Patronatua gure erreferentzien artean kontatu ahal izatea.. Horretarako dugun onena emango dugu.


Inprimatu


Erantzun

 
«Euskara normalizatzeko hitzarmena» sinatu dute
2006-07-08 / 08:00 / I. Elorza - Urola Kostako HITZA
  • EMUN kooperatibak eta Azpeitiko Euskara Patronatuak lankidetza akordioa egin dute

Azpeitiko Euskara Patronatuak eta EMUN kooperatibak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten atzo. Euskara Patronatuko Patxi Saezek eta Ana Mendizabalek, eta EMUNeko lehendakari Dani Larreak sinatu zuten dokumentua Patronatuaren egoitzan egin zuten ekitaldian.

Ahalegin bateratua

«Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia da Azpeitian euskara gizarte-esparru guztietara zabaltzeko giltza. Bere helburu nagusia euskara edonork, edonon eta edozertarako erabiltzea da», adierazi zuen Patxi Saezek sinadura ekitaldian. Helburu hori gizarteko hiru mailatan lortu behar dela ere aipatu zuen, «maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean». Hitzarmena «bide horren mugarri» gisa definitu zuen.

Ana Mendizabal Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakariak erakundearen egitekoak eta helburuak azaldu zituen. «Esku artean dugun zereginean ez da miraririk izango, baina nahi izatetik ahal izaterako bidean ondo etorriko zaizkigu dinamizazioan, tresna metodologikoetan eta abar, ekarpen eta lan guztiak», esan zuen.

EMUN Kooperatiba Elkarteko lehendakari Dani Larreak hartu zuen hitza ondoren. «Euskara normalizatzeko prozesuaren baitan, edozein motako enpresetan, administrazio nahiz bestelako erakundeetan, lana eta euskara uztartu nahi dugu, lan mundua euskaraz garatzeko, bezeroen asebetetzea lortuz», adierazi zuen Larreak.

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-07-08an.
 
Lan munduan euskara sustatzeko akordioa sinatu du EMUNekin Azpeitiko Euskara Patronatuak
2006-07-08 / 08:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa
  • Prestakuntza, promozioa, planak eta dinamika izango dira egitasmoaren bidez egin beharreko lau lanak

AZPEITIA. Azpeitiko Udalaren Euskara Patronatuak eta EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatiba Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute lan munduan euskara bultzatu eta sustatzeko.

Euskara Patronatua bideratzen ari den egitasmo guztietatik, EMUN kooperatiba hornitzaile nagusia izango da eta bost proiektu kudeatzeaz arduratuko da: "Udalaren asmoa entitate desberdinak konpromisoa hartzen joatea da eta, trukean, Euskara Patronatuak era guztietako euskarriak eskainiko dizkiote erabat dohainik", adierazi zuen Ana Mendizabalek, Azpeitiko Udaleko Batzordeburua eta Patronatuko lehendakariak.

Atzo sinatutako hitzarmenaren bidez, aipatutako bost egitasmoak kudeatzeko baldintzak zehaztu dira eta lankidetza hitzarmenaren iraupena urte amaiera artekoa izango da, amaitutakoan, berritzeko aukera izango delarik.

"Indarrean diren egitasmo guztietatik lan munduarena azpimarratu nahi dut, Azpeitian euskara normalizatzeko enpresa munduan lan egin behar da eta orain arteko dinamika areagotu behar da", esan zuen Patronatuko lehendakariak.

Hala ere herritarren parte-hartzea eta erantzukizuna eskatu zuen Mendizabalek, izan ere, "Nahiz eta EMUNen konfiantza osoa izan, esku artean dugun zereginean ez da mirarik izango baina nahi izatetik ahal izaterako bidean ondo etorriko zaizkigu dinamizazioan, tresna metodologikoetan... ekarpen eta lan guztiak".

Dani Larrea, EMUNeko zuzendari nagusiak adierazi zuenez, "EMUN elkartearentzat erronka garrantzitsua da enpresa munduko egitasmoa behar den bezala garatzea" eta, dagoeneko, egitasmoen baitan bideratzen hasi diren lan nagusiak aztertzen hasiak dira.

"Proiektuaren arduradun politiko eta teknikoen prestakuntza, komunikazioa eta promozioa, Azpeitiko enpresetan euskara planak abian jartzea eta talde eragilea indartu eta bere dinamika sustatzea dira hartuko ditugun bideak", azaldu zuen EMUNeko zuzendari nagusiak.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-07-08an.
 
Emunekin lankidetza hitzarmena sinatu du Euskara Patronatuak
2006-07-08 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

AZPEITIA. DV. Udal Euskara Patronatuak eta Emun Kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Patronatuaren egoitzan. Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburu eta Patronatuko lehendakariak eta Dani Larreak, Emuneko lehenkariak, sinatu zuten batik bat lan-munduan euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko egitasmoak oinarrian izango dituen hitzarmena.

Lan-munduan eragitea da, hain zuzen ere, Ana Mendizabalen ustez Euskara Patronatuak une honetan duen "erronka nagusia", eta arlo horretan ariko da nagusiki Emun. Patronatuak hainbat ekimen eta plangintza ditu abian eta aholkularitza enpresa bat baino gehiago ere bai eginkizun ezberdinak garatzen laguntzeko. Horietako bat izango da aurrerantzean Emun, eta nagusiena ere bai, guztira bost egitasmo kudeatzeaz arduratuko baita: Azpeitiko enpresa, lantegi eta languneetarako Hizkuntzen Gestiorako Zentro Teknikoa (irailetik aurrera martxan izango dena), profesionalen liberalentzako mikroplangintzak, elkarteetako (gastronomia, kirol edota festa esparrutakoak) mikroplangintzak, etxepekoen gidaliburua (etxepeko bileretako aktak-eta euskaraz egiteko ekimen berria) eta "Etxea erosi", etxebizitza bat erosteko prozesuan sortzen den dokumentazioa eta abarrak ere euskaraz egiteko aukera eskainiko duena.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2006-07-08an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus