Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitian 40 Bai Euskarari Ziurtagiri

Azpeitian 40 Bai Euskarari Ziurtagiri

2006-06-30 / 11:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   EUSKALGINTZA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Azpeitian herritarron aurrean egindako ekitaldian, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dizkie euskararen konpromisoa hartu duten 40 saltoki, enpresa eta bestelako entitateri. Horietatik 38k konpromisoa berritu dute eta gainerako 2ak aurten bertan gehitu dira proiektura. “Zuek, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duzuenok, zarete gaurko protagonistak urtean zehar egindako lanagatik”, esan die Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, ziurtagiridunei.

Dena dela, “bidea ez da erraza izan” aitortu du Mendigurenek. Izan ere, Azpeitia bezalako herri euskaldun batean, argi dago euskararen aldeko lana handia izango dela, baina ahalegin hau, ez da eragile guztien artean, elkarrekin, egiten. “Ez gara ari elkarrekin ematen pausoak; euskalgintza eta Udala, bakoitza bere kasa dabiltza” azaldu du Mikel Arregik, Uztarria Kultur Koordinakundearen ordezkariak. Arregiren hitzetan, “euskaraz bizi nahi dugu gure herrian eta, horra bidean, denok ari gara geure alea jartzen”. Izan ere, Udalak berak ere badu euskararen normalizazioa lortzeko planik, baina ez du euskalgintzarekin batera martxan jarri. Mendigurenek dei egin dio Udalari guztiok elkarrekin jarduteko: “lehenago ere aritu izan gara guztiok lanean, zergatik jarraitu bakoitzak bere bidea?”.

Azpeitian Bai Euskarari Akordioa 2003. urtean sinatu zen. Orduan Kontseilua eta euskalgintza bakarrik elkartu arren, hurrengo urtean, Udala ere batu zitzaion egitasmoari. 2005ean, berriz, bakoitzak bere bidetik ekin zion. Gaurko ekitaldian, Azpeitiko euskalgintzak nahiz Kontseiluak berriz ere guztiok elkarrekin lan egiteko eskatu diote Udalari. “Normalizazio prozesua Udalak, euskalgintzak eta gizarte eragileek elkarrekin egitea nahi dugu, horrela bakarrik izango baita eraginkorra” azaldu du Uztarriako ordezkariak.

Argi dago prozesua ahalik eta eraginkorrena izateko, eragile guztien elkarlana beharrezkoa dela. Horren adibide dira Urola bailarako beste zenbait herri, hala nola, Azkoitia, Zestoa edo Zarautz bera ere. Mendigurenek herri horien eredua jarrai dezala eskatu dio Azpeitiko Udalari.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus