Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Urola Kostan euskarazko hiru telebista kate egotea eskatu dute Azpeitiko eta Zarauzko udalek

Urola Kostan euskarazko hiru telebista kate egotea eskatu dute Azpeitiko eta Zarauzko udalek

2006-06-19 / 07:00 / Uztarria   EUSKALGINTZA
  • Eusko Jaurlaritzari egin diote eskaera, honek asmorik ez duelako euskarazko katerik bermatzeko
  • Azpeitian, Uztarriak EBPNren Aholku Batzordean sustatuta iritsi zen gaia udaletxera

Laster aterako du Eusko Jaurlaritzak eskualdeetan telebista lokalak arautzeko dekretua eta dekretuaren zirriborroan ageri denez behintzat, ez du euskarazko katerik bermatzeko asmorik. Azpeitiko eta Zarauzko udalek, baina, Urola Kosta eskualdean banatuko liratekeen lau telebista kateetatik hiru, euskarazkoak izateko eskakizuna egin diote Eusko Jaurlaritzari, "eta, beraz, dekretuan baldintza hori jartzea". Laugarren katean, berriz, "euskarak presentzia nabaria izan behar du eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon".

Hori eskatuz gaur (asteazkena) Zarautzen agerraldia egin dute bi udaletako ordezkariek, Urola Kostako Hitza, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea eta Txaparro Zarauzko Euskara Elkarteko ordezkariekin batera.

Bi udaletara, Zarautzen Urola Kostako Hitza-k eta Azpeitian Uztarriak sustatuta iritsi zen gaia orain dela aste batzuk. Hain zuzen, Hitza eta Uztarria Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Aholku Batzordean daude Zarautzen eta Azpeitian hurrenez hurren, eta bietan aurkeztu zuten eskaera hori, eskualdean euskaldunak %79,5 direla eta. EBPNren batzordeetan aho batez onartu zuten eskaera, eta udalei proposatu zieten, onar zezaten horiek ere. Hala egin dute.

Gaurko agerraldian, Ana Mendizabal Euskara batzordeburua izan da Azpeitiko Udaleko ordezkaria. "Aholku Batzordean egiten diren eskaerak kontuan hartzen ditugu, zentzuzkoak baldin badira", esan du. Imanol Lasa Zarauzko Udaleko Euskara batzordeburuak zirriborroa baino dekretu hobea eskatu du: "Dekretua bere horretan argitaratuz gero, atzerapausoa litzateke".

Azpeitiko idatzia

Behekoa da Uztarriak Azpeitiko EBPNren Aholku Batzordean aurkeztu, batzordeak onartu eta honek Azpeitiko Udalari aurkeztu zion proposamena:

"Ez da berria: komunikazioaren arloa ere globalizatzen ari da, batik bat teknologiaren aurrerapenaren bidez. Enpresa handiak dira komunikabide askoren jabe. Euskararen herrian bertan (Euskal Herrian), komunikabideetan erdarazko enpresak dira nagusi. Horrek ez dakarkio mesederik gure hizkuntzari.

Komunikazioaren garaian bizi gara eta euskarak sartu beharra du komunikabideetan. Izan ere, euskarazko hedabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute hizkuntz komunitatean, hedabideak euskaraz bizitzea posible egiten duten ezinbesteko elementuak dira, euskararen normalizaziorako tresna eraginkor.

Dena den, globalizazioaren garaian bizi bagara ere, urruneko informazioa eskura badugu ere, herritarrek gero eta estimu handiagoa diote gertuko albisteari. Hau da, lokalismoak indarra du globalizazioaren garaian informazioaren alorrean. Ikusi besterik ez dago herri informazioan euskarazko komunikabideen presentzia eta eragina, batez ere prentsan. Euskaldunok jakin izan dugu euskara esparru horretan garaiz sartzen. Hor daude, Azpeitian bertan, adibide esanguratsuak: Uztarria herri aldizkaria, Azpeitian Zer? aldizkaria, Urola Kostako Hitza egunkaria.

Bestelakoa da herri telebisten kontua Euskal Herrian. Batetik, erdarazko komunikabideak, oraingoz, ez dira sobera sartu. Bestetik, tokiko telebisten arloa ez dago arautua. Laster aterako du Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko telebista kateak arautzeko legedia. Dekretu zirriborroa aterata du eta hauek dira ezaugarriak:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 15 eremu ezarri ditu.
  • Urola Kosta da 15 eremu horietako bat.
  • Demarkazio bakoitzean bertako telebista kateentzat, gehienez, lau lizentzi banatuko ditu. Printzipioz, lizentzietatik bat, udalentzat gordeko du. Beste hiru lizentziak, enpresa pribatuen artean banatuko ditu.

Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Aholku Batzordean gauden eragileon ustez, planak berak dioen bezala, estrategikoak dira euskarazko herri komunikabideak hizkuntzaren normalizaziorako, lehentasun altukoak, eta sustatu eta bultzatu beharrekoak. Beraz, ezinbestekoa da Azpeitian, Urola Kosta eskualdean, bertako euskarazko telebistak izatea.

Azken datu estatistikoen arabera:

  • 64.566 lagun bizi gara Urola Kostan.
  • Euskaldunak, 51.308 gara (%79,5).
  • Ia-euskaldunak (euskaraz ulertzeko gauza dira), 7.274 (%11,3).
  • Euskaldunen eta ia-euskaldunen artean, 58.582 (%90,8).

Orain arte aipatutako guztia kontuan hartuta, EBPNren Aholku Batzordearen azkeneko bileran herri telebisten gaiaz hitz egin genuen, eta ados jarri ginen: EAEko tokiko telebisten dekretuak, euskarazko telebista kateek hizkuntzaren normalizaziorako duten garrantzi estrategikoaz gain, Urola Kostako hizkuntz errealitatea kontuan hartu behar du eta, beraz, gure eskualdean egongo liratekeen bertako lau telebista kateetatik hiruk, euskarazkoak izan behar dute. Eta laugarren katean, berriz, euskarak presentzia nabaria izan behar du eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon behar du ("prime-time"-a 20:00 edo 21:00etatik 23:00 edo 00:00etara doanari esaten zaio).

Hori dela eta, Azpeitiko EBPNren Aholku Batzordeak eskaera hau egiten dio Azpeitiko Udalari: aipatutako arrazoiengatik, Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola Urola Kostan tokiko telebista dekretuaren bidez banatuko liratekeen lau telebista kateetatik hiru, euskarazkoak izatea, eta, beraz, dekretuan baldintza hori jartzea; eta laugarren katean, berriz, euskarak presentzia nabaria izan behar duela eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon".

  • Estreinakoz uztarria.com webgunean argitaratua, 2006-06-14an.

Erantzun

 
«Euskarazko tokiko telebistei lekua bermatu behar die Eusko Jaurlaritzak»
2006-06-19 / 07:00 / Urola Kostako HITZA - Ainhoa Fernandez

Azpeitiko eta Zarauzko udalek bat egin dute tokiko telebisten dekretuaren inguruan Uztarria Kultur Koordinadorak eta Urola Kostako HITZAk egindako eskaerarekin.

Gari Berasaluze Urola Kostako Hitzako zuzendaria, Jurgi Olaizola Txaparroko ordezkaria, Imanol Lasa eta Ana Mendizabal Zarauzko eta Azpeitiko udaletako Euskara batzordeburuak, eta Leire Larrańaga Uztarria Kurltur Koordinadorako ordezkaria prentsaurrean. XABI AIZPURUA
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak laster aurkeztuko du tokiko telebista digitalen esleipenak arautzeko behin betiko dekretua. Dekretu horren zirriborroa aurkeztu zuenean, sektoreko eragileek beren alegazioak egin zituzten. Gainera, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Kultur Koordinadorak, Azpeitiko eta Zarauzko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Aholku batzordeei dekretu horri buruzko eskaera bana aurkeztu zieten, eta batzordeek txostenarekin bat egin ondoren, bi udalek ere eskaerarekin bat egitea erabaki dute.

Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak Euskararen Aholku Batzordeak ematen dituen aukerei buruz jardun zuen. «Euskararen Aholku Batzordera iristen diren proposamenak zentzuzkoak baldin badira, eta kontsentsu batera iristen baldin bagara, aurrera eramaten dira».

Hori guztia azaltzeko, atzo arratsaldean prentsaurrekoa eman zuten Azpeitiko eta Zarauzko udaletako ordezkariek, Urola Kostako Hitzako eta Uztarria Kultur Koordinadorako ordezkariekin batera. Bertan, Gari Berasaluze Urolako Kostako Hitzako zuzendariak azaldu zuenez, «euskarazko tokiko telebistei lekua bermatu behar die Eusko Jaurlaritzak», eta aurkeztu duten txostenean, horixe eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari.

Leire Larrańaga Uztarria Kultur Koordinadorako kideak azaldu zuenez, «euskararen herrian, komunikabideetan erdarazko enpresak dira nagusi, eta horrek ez dio mesederik egiten hizkuntzari». Horrez gain, txostenean, euskarazko hedabideek euskararen normalizazioarako duten garrantzia azpimarratu dute, eta zentzu horretan, «Urola Kostan, bertako euskarazko telebistak izatea beharrezkoa» dela azaldu dute.

Imanol Lasa Zarauzko Udaleko Euskara batzordeburuak esan zuenez, «egindakoari eutsi eta aurrerapausoak egin nahi ditugu. Lege hau aurrera horrela ateratzen bada, atzerapausoa litzateke».

«Lau kateetatik hiru, euskara hutsezkoak izatea»

Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zirriborroaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hamabost eremu zehaztu dituzte, eta Urola Kosta da eremu horietako bat. Demarkazio bakoitzean, bertako telebista kateentzat, gehienez, lau lizentzia banatuko ditu laster Kultura Sailak, eta horietako bat, printzipioz, eskatzen duten udalentzat gordeko du, eta besteak enpresa pribatuen artean banatuko ditu.

Estatistiken arabera, Urola Kostan, 64.566 lagun bizi dira, eta horietatik %79,5 euskaldunak dira, eta %11,3 ia-euskaldunak; beraz, guztira %90,8 euskaldunak eta ia-euskaldunak dira. EAEko tokiko telebisten dekretuak, euskarazko telebista kateen normalizaziorako duten garrantzi estrategikoaz gain, Urola Kostako hizkuntz errealitatea kontuan hartu behar duela dio Leire Larrańagak: «Beraz, gure eskualdean egongo liratekeen lau telebista kateetatik hiruk, euskarazkoak izan behar dute».

Gari Berasaluzek azaldu duenez, euskarazko programazioa «erabat baztertuta izateko bide ematen du» Jaurlaritzaren dekretu zirriborroak, «baita nagusiki euskarazkoak diren telebistetan ere», eta zirriborroan ikusi dituzten hutsuneen ondorioz, udalekin batera hainbat eskari egingo diote Eusko Jaurlaritzari: «Tokiko telebistaren dekretuaren bidez banatuko liratekeen lau telebista kateetatik hiru euskarazkoak izatea eta, beraz, dekretuan baldintza hori jartzea; eta laugarren katean, berriz, euskarak presentzia nabaria izatea, eta prime-time-ean euskara presente egotea».

  • Estreinakoz Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-06-15ean.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus