Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Kate motzeko harreman-sarean euskara indartzen

Kate motzeko harreman-sarean euskara indartzen

2006-06-09 / 11:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua   HERRI-ELKARTEAK

Euskararen bizi-indarra, nonbait egotekotan, hiztunen inguru hurbileko harreman sarean dago. Horregatik, Azpeitiko Euskara Patronatuak herriko 45 elkartetan (Azpeitian dauden erdietan) euskara planak egin ditu: Gastronomia, tanborrada eta kirol elkarteetan.

Euskararen osasunaren neurgarri

Euskararen osasunaren neurgarri

Kate motzeko harremanetan neurtzen da hizkuntza ororen osasun maila, baita euskararena ere. Hain zuzen ere, hiztunen inguru hurbilari dagozkionak dira herri baten gizarte bizitzan elkarteek sortzen dituzten harreman-sareak. Azpeitian 102 elkarte daude eta elkarte horiek sortzen duten harreman-sarea 24.000 herritarrengana iristen da. Nor ez da herriko elkarteren batean, esate baterako, lagun arte ederrean jan-edanean ibili?

Azpeitiko elkarteak hizkuntza-osasun onean

Azpeitiko elkarte gastronomikoetan kide euskaldunak % 96,6 dira eta kirol elkarteetan, bestalde, % 99,1. Azpeitiko herritarren artean, berriz, euskaldunak, batez beste, % 88 dira. Alfabetatuen kopurua ere oso handia da: elkarte gastronomikoetan euskaldun alfabetatuak % 67,7 dira eta kirol elkarteetan % 87,3.

Harreman formaletan eragin nahirik

Azpeitiko elkarteetan ahozko harreman informaletan euskara barra-barra erabiltzen da baina idatzizko harreman formaletan euskararen erabilera kamustu egiten da: estatutuak, aktak eta idatzizko harremanetan, oro har. Hain zuzen, ere hortxe eragin nahi du Azpeitiko 45 elkarteetan abian jarri behar den ekimen honek.

Neurrira egindako euskara planak

Azpeitiko Euskara Patronatuak 2003, 2004 eta 2005. urteetan behin baino gehiagotan jo izan du Azpeitiko elkarte guztietara euskararen inguruko datuak jaso eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaz (EBPN) informazioa ematera. Urte horietan egindako lanari esker, elkarte bakoitzarentzat euskara bultzatzeko neurrien proposamenak landu dira eta Azpeitiko Euskara Patronatuak kirol elkarte eta elkarte gastronomikoetarako hizkuntza aholkularitza eta zerbitzuen eskaintza espezifiko bat ere martxan jarri du.

Azpeitiko 45 elkartetan egin diren euskara planen helburu nagusiak lau dira:

  • 1.-Elkarte bakoitzean gaur egun euskara zenbateraino erabiltzen den eta hutsuneak zertan egon daitezkeen informazioa ematea. Horretarako, elkarte bakoitzak eman dituen datu nagusiak elkarte bakoitzari entregatuko zaion txosten banatan bildu dira.
  • 2.-Euskararen oraingo erabilera mailari eutsi eta elkarteko komunikazio hizkuntza gisa euskara bultzatzeko Azpeitiko Euskara Patronatuak egiten dituen proposamenak ezagutzea.
  • 3.-Elkarte gastronomikoetarako eta kirol eremurako Azpeitiko Euskara Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzu eta laguntzak elkarteetako ordezkari eta erabiltzaileek ezagutzea eta erabiltzen hastea.
  • 4.- Elkarteen barne funtzionamenduan gehien erabiltzen diren euskarazko idazki ereduak eta hitzen hiztegiak, Azpeitiko 45 elkarte hauen esku jartzea.

Euskara gehiago eta egokiago erabiltzeko akuilu

Egitasmo honek akuiku izan nahi du, elkarte gastronomikoetan eta kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko, beti modu mailakatu eta progresibo batean, eta horretarako dauden aukera errealak kontuan izanik.

Halere, plana kokatuko den testuinguruan euskararen ezagutza eta erabilera maila altua dela kontuan izanik, elkartez elkarte proposatu diren planetan, ahozko eta idatzizko kanpo nahiz barne harremanetan euskararen presentzia ziurtatzera zuzendutako neurriez gain, erabilitako euskararen komunikagarritasunari eta egokitasunari ere garrantzia eman zaio Azpeitiko Euskara Patronatuaren aldetik.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Euskara Patronatoak elkarte gastronomiko eta kirol elkarteen azterketa egin du
2006-06-09 / 12:00 / Uztarria
  • Herriko 45 elkartetako euskararen erabilera aztertu dute
  • Saninazioak bitartean elkarteetako zuzendaritzekin bilduko dira azterketaren berri eman eta hartu daitezkeen neurriak azaltzeko

Ana Mendizabal eta Patxi Saez prentsaurrekoan.
Euskara Patronatoak gaur aurkeztu du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan herriko elkarte gastronomiko eta kirol elkarteetan egin duten azterketa. Azterketa duela hiru urte hasi zuten eta herriko 45 elkarteren txostenak egin dituzte.

Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak adierazi duenez, "elkarte bakoitzari egokitutako plan bat" egin dute. "Elkarteak oso euskaldunak dira harreman ez-formaleko esparruan batez ere. Elkarte horiek ere badute ordea, harreman formaleko zereginik; aktak, dokumentuak... Normalean horiek erderaz daude horregatik guk hor inzidentu nahi dugu" adierazi du Mendizabalek.

Lan hau egiterako orduan, irizpide zerrenda bat jarri dute Euskara Patronatotik. Elkarte bakoitzaren diagnostikoa eta euskararen erabilera handitzeko hartu daitezkeen neurriak azaltzeko, Saninazioak bitartean, elkarteetako zuzendaritzekin banan-banan bilduko direla jakinarazi du Patxi Saez Udaleko euskara teknikariak. "Elkarteetan eragin behar dugu. Hizkuntza baten bizi indarra edozein hizkuntza harreman estuetan dagoleko". Elkarte hauek jende asko hartzen duten "harreman sare zabala" direla esan du Saezek. "24.216 pertsona inguru dira Azpeitian elkarteetan" mugitzen direnak.

Euskararen erabilera elkarteetan

Azpeitian elkarteetan ahozko harremanetan euskararen erabilera "oso irabazita" dagoela adierazi du Saezek. Eta horren adibide gisa ondoko datuak erabili ditu:

  • Kirol elkarteetako kideen artean %99,1 euskalduna da. %87a berriz, euskal alfabetatua da.
  • Gastronimi elkarteetako %96,6a da euskal hiztuna eta %67,9a alfabetatua.

Bi datu horiek herriko bataz bestekoen gainetik daude: herrian bataz besteko euskaldunen kopurua %87koa da eta alfabetatuena, berriz, %65a.

  • Estreinakoz uztarria.com webgunean argitaratua, 2006-06-09an.
 
Azpeitiko elkarteetan euskararen erabilera formala bultzatu nahi du Patronatuak
2006-06-10 / 08:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa
  • Udal zerbitzuak egoera aztertu eta bakoitzari egin dion plana aurkeztuko du orain.

AZPEITIA. Azpeitiko Euskara Patronatuak herriko 45 elkarteri eginiko hizkuntza azterketa aurkeztuko du talde bakoitzeko zuzendaritzaren aurrean Saninazio festak baino lehen, azterketaren berri eman eta hartu daitezkeen neurriak azaltzeko.

"Jakina da denontzat Azpeitia oso herri euskalduna dela, baina hala ere askotan hutsuneak nabaritu ditugu esparru formalean mugitzen direnean, idatziak egiterakoan adibidez", adierazi zuen Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak azterketaren zergatia azalduz. Euskara Patronatuak Azpeitiko 45 kirol elkarte eta elkarte gastronomiko hautatu zituen 2003 urtean eta bakoitzari banakako euskara plana egin die, norberak epe jakin batean bete beharko lituzkeen irizpideak finkatu eta argitzeko.

"Azpeitian elkarteak oso harreman gune garrantzitsuak dira, urtean 24.000 pertsona pasatzen baitira. Euskara biziberritu eta eragina izateko leku aproposak dira", esan zuen Patxi Saez Udaleko euskara teknikaria eta Patronatuko zuzendari denak, nahiz eta plana onartzeko azken erabakia elkarteetako zuzendaritzak duten onartu.

Azpeitiko Udal Patronatuaren datuen arabera, kirol elkarteetako kideen artean % 99,1 euskalduna da eta % 87 euskal alfabetatua. Bestalde gastronomia elkarteetako % 96,6 da euskal hiztuna eta % 67,9 alfabetatua. Azpeitian elkarteetan ahozko harremanetan euskararen erabilera "oso irabazita" dagoen seinale dela dio Saezek.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-06-10ean.
 
Herriko elkarteetako euskararen ezagutza herriko batez bestekoa baino altuagoa dela dio Patronatuak
2006-06-10 / 08:00 / Ainitze Oruesagasti - Urola Kostako HITZA
  • Hiru urtetan, 45 elkarte gastronomiko eta kirol elkarte aztertu ditu Euskara Patronatuak.

Udal Euskara Patronatuak herriko elkarte gastronomiko eta kirol elkarteetan egin duen azterketa aurkeztu du. Duela hiru urte hasi zuten, eta 45 elkarteren euskararen erabilerari buruzko txostenak egin dituzte. Egindako azterketarekin, herriko elkarteetan euskararen ezagutza herriko batez bestekoa baino altuagoa dela antzeman dute.

Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak adierazi duenez, «elkarte bakoitzari egokitutako plana» egin dute. «Elkarteak oso euskaldunak dira harreman ez-formaleko esparruan. Elkarte horiek ere badute, ordea, harreman formaleko zereginik: aktak, dokumentuak... Normalean horiek gazteleraz daude, eta horregatik guk hor eragin nahi dugu».

Elkarte bakoitzaren diagnostikoa eta euskararen erabilera handitzeko hartu daitezkeen neurriak azaltzeko, elkarteetako zuzendaritzekin bilduko dira banan-banan, saninazioak bitartean. «Elkarteetan eragin behar dugu. Hizkuntza baten bizi indarra edozein hizkuntza harreman estuetan dagoelako», dio Patxi Saezek. Elkarteak jende asko hartzen duten «harreman sare zabala» direla dio Saezek. «24.216 pertsona inguru dira Azpeitian elkarteetan» mugitzen direnak.

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-06-10ean.
 
45 elkarteren euskara planak egin ditu Patronatoak
2006-06-13 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO
  • Banan bana aurkezteko bilerak egingo dituzte orain

Mendizabalek eta Saezek eman zuten planen berri. (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Azpeitiko gastronomia eta kirol elkarteek «hizkuntz osasun ona» dute euskarari dagokionez. Horixe ondorioztatu dute Udal Euskara Patronatoan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan bi esparru horietako herriko 45 elkarteak aztertu ondoren egin dituzten beste horrenbeste euskara planak ikusita. Azpeitiko elkarte gastronomikoetan kide euskaldunak %96,6 dira eta kirol elkarteetan, berriz, %99,1, herriko batez bestekoaren (%88) gainetik beraz. Alfabetatuen kopurua ere oso handia da: elkarte gastronomikoetan euskaldun alfabetatuak %67,7 dira eta kirol elkarteetan %87,3.

Planak neurrira

2003an hasi zen Udal Euskara Patronatoa elkarteekin harremanetan, eta ordutik hona bildutako informazioan oinarrituta tajutu dituzte orain ezagutzera eman dituzten planak. Patronatoak elkarte bakoitzarentzat euskara bultzatzeko neurrien proposamenak landu eta hizkuntza aholkularitza eta zerbitzuen eskaintza espezifiko bat ere martxan jarri du.

Elkarteetan harreman ez-formaletan, ahozkoetan, euskararen erabilera ohikoa eta zabaldua den bezala, orain helburua idatzizko esparru formaletan (elkarteen estatutuak, aktak...) eragitea izango da, besteak beste.

Elkarte bakoitzari neurrira egin zaio plana, hizkuntz egoera eta beharrak kontuan hartuta. Saninazioak bitartean elkarteekin banan banako bilerak egiteko asmoa azaldu du Patronatoak, planak aurkezteko.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2006-06-13an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus