Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hizkuntza zerbitzuen erabilera gora

Hizkuntza zerbitzuen erabilera gora

2006-05-19 / 14:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua   MERKATARITZA

Euskara Patronatuak merkataritza arloko Azpeitiko 444 saltokiei zerbitzu tekniko-profesionala eskaintzen die bezeroekin dituzten harreman mota guztietan euskara eraginkortasunez eta kalitatez erabiltzeko. 2005. urtean Udal-zerbitzu hau Azpeitiko saltokien % 54ak erabili zuen.

Hizkuntza zerbitzuen erabilera gora

Hizkuntza zerbitzuen erabilera gora

Azpeitiko Euskara Patronatuak merkatal arloari eskaintzen dizkion hizkuntza zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen dira: 199 izan ziren 2005ean Euskara Patronatuari zerbitzu eskariren bat egin zioten Azpeitiko saltokiak, 2004. urtean baino % 30 gehiago.

Zerbitzu-katalogo berria

Euskara Patronatuak Azpeitiko satokiei eskaintzen dizkien zerbitzu-tekniko guztiak katalogo batean biltzen ditu eta urtero katalogo horren banaketa egiten du saltokiz saltoki.

Aurtengo zerbitzu-katalogoari, barru eta kanpo, erabateko berritua eman zaio, batez ere itxura eta diseinu aldetik. Besteak beste, denda barruan eta kanpora begira, erakusleihoetan, jarri ohi diren kartel guztien diseinua erabat berritu da eta 10 diseinu berri aurkeztu dira.

Urte osoan

Azpeitiko Euskara Patronatuak ematen dituen zerbitzu guztiak urteko edozein egunetan eska daitezke (aurrez aurre, telefonoz edo internetez) eta ez dira ordaindu behar, doakoak dira. Zerbitzua, gainera, nahi adina aldiz eska daiteke, inongo mugarik gabe.

Agiri interesgarriak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
"Zurekin, zuretzat", euskaraz
2006-05-20 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA
  • Merkataritzarako katalogo berria, kalean
  • Euskara Patronatoaren hizkuntz zerbitzuen berri ematen du

"Zurekin, zuretzat" merkataritza arloari zuzendutako katalogo berria aurkeztu zuen atzo Udal Euskara Patronatoak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan. «Herriko merkataritzako establezimenduek bezeroei zerbitzua euskaraz ematea da gure helburua», azaldu zuen atzo Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak.

Mendizabalen esanetan, merkatarien aldetik katalogoaren eskaera gero eta handiagoa da: «Iazko datuek hala erakusten digute. Honek esan nahi du euskararekiko merkatariek duten sentsibilizazioa handiagoa dela».

Hiru-lau urte dira Euskara Patronatoa merkataritza aholkularitza teknikoa eskaintzen hasi zenetik. «Urtez urte gero eta eskari handiagoa dago gauzak euskaraz egiteko», zioen Patxi Saez Udaleko euskara teknikariak.

Eregik egindako katalogoa

Aurten aurrenengo aldiz merkataritza arloari zuzendutako katalogoa Azpeitian eta bereziki Azpeitira zuzenduta egin dute. Azpeitiko Eregi enpresak egin du.

Katalogoak berrikuntzak ere eskaintzen ditu. «Merkatariei zuzendutako materiala berria da. Diseinu berriak daude aukeran, bai kartel mutuetan eta baita idatzitakoetan ere. Faktura agiriek eta entrega agiriek eskaera handia izaten dute eta hauek ere berriak dira», azaldu zuen Mendizabalek.

Laster, herriko establezimendu guztietara, 430 tokitara, banatuko dute katalogo berria. «Herriko establezimendu guztietara bisita egingo da Udalaren izenean eta katalogoa banatuko zaie». Katalogoan, merkataritzara zuzendutako hainbat eta hainbat zerbitzuren berri ematen da: errotuloak euskaraz jartzeko diru laguntzak, arlokako hiztegiak, ostalaritzarako materiala, aholkularitza zerbitzuak eta aplikazio informatikoak.

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-05-20an.
 
Euskal Herriko merkataritza euskaldunena Azpeitian dago
2006-05-20 / 08:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa
  • Udalaren datuen arabera, 117 saltokik egiten dute lan hizkuntza honetan.
  • Euskara Patronatua zerbitzu berriak eskaintzen dituen katalogoa herrian banatzen hasiko da laster.

Patxi Saez eta Ana Mendizabal, katalogo berriaren aurkezpenean. ARGAZKIA: K.F.

AZPEITIA. Azpeitiko Euskara Patronatuak 2005ean egindako lanari esker, herriko merkataritzaren %28, 117 establezimendu, gai da bezeroari zerbitzua erabat euskaraz emateko.

Iazko datuekin konparatuz gero, %40 denda gehiago dira Azpeitian Euskarazko Zerbitzuaren Garantia ematen dutenak. "Euskal Herrian ez dago beste herririk honelako datuak erakusten dituenik", adierazi zuen Patxi Saezek, Euskara Patronatuko zuzendariak.

Hobekuntza hau Euskarazko Zerbitzuaren Garantia prozesuari esker burutu da. Prozesu hau komertzio, taberna edo zerbitzuetan bezeroarekiko komunikazioa erabat euskaraz izatea ziurtatzen duen tresna da. Azpeitiko Euskara Patronatuak hizkuntza normalkuntzarako aholkularitza pertsonalizatua eta laguntza teknikoa eskaintzen ditu guztiz dohainik.

Prozesu hau 2004. urtean jarri zen abian eta iaz hizkuntza egoeraren datu bilketan parte hartu zuten 177 saltokietatik %66k "euskarazko Zerbitzuen Garantia eskaintzeko egoeran" aurkitzen dira eta gainerako %34rekin lanean dihardutela esan zuen Patxi Saezek: "Gure aurreikuspenetan, bi urteren barruan falta diren establezimenduak egoera horretara iritsiko dira".

Badira hiruzpalau urte Azpeitiko Euskara Patronatuak aholkularitza zerbitzua eskaintzen diela merkatariei euskara sustatzeko helburuarekin eta denden aldetik jasotako eskaera kopurua handitzen ari da urtez urte.

"Gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu, gero eta gehiago egiten da euskaraz eta gero eta gehiago eskaintzen da. Azpimarratzekoa da %30etik, iaz %66 saltokik jo zutela guregana zerbitzuak eskatzera. Igoera nabarmena izan da. Euskara gero eta garrantzitsuago, indartsuago eta gehiago erabiltzen da Azpeitian", azaldu zuen Euskara Patronatuko zuzendariak.

KATALOGOAREN BANAKETA. Azpeitiko Euskara Patronatuak katalogo berri bat argitaratu du, eskaintzen dituen aukera guztien berri emateko. Aurten berrikuntza askorekin dator, lehendabizikoa lema, Zurekin, zuretzat, eta Ana Mendizabal, udal Euskara batzordeburuak aurreratu duenez, laster hasiko dira herriko establezimendu guztietatik igarotzen, eskaintza azaltzeko.

"Iazko datuen arabera, katalogoaren eskaera gero eta handiagoa da, sentsibilizazio maila handitzen ari da eta aurten katalogo berria atera dugu, berrikuntza askorekin eta laster dendaz denda joango dira Udalaren izenean katalogo hau erakutsi eta zerbitzuak eskaintzera", gaineratu zuen Ana Mendizabalek.

Berrikuntza hauek materialetan, kartel diseinuetan eta koloreetan datoz. Horrez gain, arloz arloko hiztegiak atera dira eta ostalaritzako material berria ere egin dute, taberna edo jatetxeetako langileek euskara ikas dezaten material bezala.

Bestalde, aplikazio informatikoak ere eskaintzen dituzte, BDP Softwarea establezimenduen gestiorako prestatutako tresna informatikoa da. Erregistro makina baten moduan funtzionatzen du eta ostalaritza eta merkataritza alor desberdinetara egokitutako tresna berriak eskaintzen ditu erabiltzaileentzat.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-05-20an.
 
Merkataritzarako hizkuntza zerbitzuen katalogo berria
2006-05-20 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Euskara Patronatuak datozen egunotan banatuko du herriko 430 saltokitan

Saezek eta Mendizabalek aurkeztu zuten katalogo berria. (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Udal Euskara Patronatuak atzo aurkeztu zuen prentsaurrean merkataritza arloari zuzendutako hizkuntza zerbitzuen katalogo berritua. Edukietan iazko eskaintzak mantendu egiten dira eta Azpeitiko merkataritza eta ostalaritza arloetako establezimenduek aurten ere eskura eta doan izango dituzte hainbat zerbitzu: itzulpenak, kartelak, hainbat agiri (fakturak, ordainagiriak...) arlokako hiztegiak, bereziki ostalaritzan lanean ari diren erdaldunei zuzendutako euskarazko materialak, aholkularitza, errotuloak euskaraz jartzeko diru-laguntzak, euskarazko aplikazio informatikoak...

Aurtengo berrikuntza nagusia, ordea, katalogo beraren eta, batik bat, dendari eta ostalariei eskaintzen zaizkien materialetan dago. Guztiz eraberritu dituzte diseinuak eta, atzoko aurkezpenean Patxi Saez Patronatuko zuzendariak nabarmendu zuenez, «lehen aldiz» erabat Azpeitian egindako katalogoa da aurtengoa. Eregi enpresarenak dira, hain zuzen ere, katalogoa osatzen duten diseinu berriak. Merkatari eta ostalariek laster jasoko dute beraien saltokietan katalogo berria eta Euskara Patronatuak eskaintzen dien aholkularitza tekniko-profesionalaren eskaintza osoaren berri jasoko dute. Horrekin batera, Patronatuaren izenean saltokietara hurbilduko diren langileek galdeketa ere egingo diete merkatari eta ostalariei, establezimenduari dagozkion datuetan aldaketarik egon ote den egiaztatu eta, era berean, hizkuntza gaitasunaren datuetan ere aldaketarik izan ote den jakiteko.

Zerbitzua euskaraz

Ana Mendizabal Euskara eta Hezkuntza zinegotziak atzoko aurkezpenean esan zuen bezala, Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan kokatzen den ekimena dira zerbitzuoak, «merkataritzan euskara txertatzeko», eta azken helburua «establezimenduek zerbitzua euskaraz eskaintzea» litzateke.

Euskararen erabilera merkataritzan gero eta gehiago zabaltzeko prozesuan sartzen diren saltokiek Euskarazko Zerbitzuaren Garantia baieztatzen duen agiria jasoko dute finean. Gaur egun 117 establezimenduk dute agiria, eta 200 dira, herriko erdiak, prozesuan sartuta daudenak. Hauek «bi urteko epean iritsiko dira zerbitzua euskaraz ematera».

Bai Mendizabalek eta bai Saezek nabarmendu nahi izan zuten «gero eta gehiago» direla Azpeitian merkataritza arloan euskara sustatzeko eskaintzen diren zerbitzuak eskatzen dituztenak. Datuak ere eman zituzten. Horrela, 2004an herriko establezimenduen %30ek luzatu zituzten eskaerak Patronatura eta iaz berriz bikoiztu egin zen kopurua, %66ra iritsiz. Azpeitian merkataritzarena arlo «gero eta euskaldunagoa» dela ere azpimarratu zuten ekimenaren arduradunek. Iazko datuen arabera, herriko saltokietako buruen artean %94a euskaldunak dira. Hizkuntza paisaia ere asko aldatu da azken urteetan eta saltokietan gero eta zabalduagoa dago karteletan-eta euskararen erabilera. 2005ean jendaurreko kartelen %90a euskaraz agertzen zen, orain lau urte %40a besterik ikusten ez zenean.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2006-05-20an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus