Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Izen ala ez izen?

Izen ala ez izen?

2006-05-12 / 13:25 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

"Izena duenak badu izana: izen ala ez izen?" ekimena jarri du abian Azpeitiko Euskara Patronatuak euskal abizenak dituzten azpeitiarrentzat agiri ofizial guztietan euskal abizen horiek euskaraz idatzita azal daitezen.

Gure izen-deiturek nor garen adierazten dute. Azpeitiar askoren abizenek euskaldun direla adierazten dute baina azpeitiar gehienek gurasoengandik jaso dituzten euskal abizenak gaztelaniaz idatzita dituzte. Patrikan eramaten ditugun agirietan begiratzea besterik ez dago: nortasun txartelean, gidatzeko baimenean...

Euskal abizenak euskaraz

Euskal abizenak euskaraz idatzita jartzeko zerbitzua dauka Azpeitiko Euskara Patronatuak. Azpeitiar guztiek aukera daukate beren euskal deiturak euskaltzaindiak erabakita duenaren arabera edukitzeko. Norberaren agiri ofizial guztietan euskal deiturak euskaraz idatzita azaltzeko tramitazioa Azpeitiko Epaitegiaren Erregistro Zibilean egin behar izaten da baina Azpeitiko Euskara Patronatuak erraztu egiten du tramitazio hori.

Nortasun txartela eta Familia liburua

Euskal deiturak euskaraz jarri nahi izanez gero, bi agiri eraman behar dira Euskara Patronatura:

  1. Nortasun txartelaren fotokopia.
  2. Familia Liburuaren fotokopia.

Bi agiri horiez gain eskari orri bat ere bete eta sinatu behar da. Eskari orria Euskara Patronatuan eskura daiteke.

Gainontzeko guztia Euskara Patronatuaren esku

Deiturak euskaraz idatzita jartzeko beste bi agiri ere behar izaten dira: eskatzailearen udal-erroldaren agiria eta jaiotza agiria baina beste bi agiri horiek lortzeko ardura Euskara Patronatuak hartzen du bere gain eta baita herritarren eskaria behar bezala beteta Azpeitiko Epategiaren Erregistro Zibilera eramateko ardura ere.

Gurasoak eta seme-alabak

Gurasoek abizenak euskaraz idatzita jartzen badituzte, seme-alaba guzti-guztiei abizen horiek ere euskaraz idatzita azalduko zaizkie. Beraz, eraginkorrena horixe da: gurasoek abizenak euskaraz idatzita jartzea.

Orain arte, ikastetxeen bitartez

Azpeitiko Euskara Patronatuak 2005. urtean, herriko ikastetxeekin elkarlanean, 55 espediente bideratu zituen. 2006ko maiatza arte, berriz, dagoeneko, 33 espedienteren tramitazioa egina dauka.

“Izen ala ez izen?" ekimenaren bitartez, Azpeitiko Euskara Patronatuak ikastetxeen bitartez ematen duen zerbitzua herritar guztientzat zabaldu nahi du, agiri ofizial guztietan izen-abizenak euskaraz jartzeko aukera herritar guztiei emate aldera.

Inprimatu


Erantzun

 
Izen-abizenak euskaratzeko kanpaina jarri du abian Azpeitiko Udalak
2006-05-13 / 08:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa
  • Euskara Patronatuak tramiteak erraztuko dizkie deituren idazkera aldatu nahi dutenei.
  • Herritarrek bi agiri besterik ez dituzte aurkeztu behar: nortasun agiria eta Familia Liburuaren fotokopiak.

Azpeitiarrek izen-abizenak euskaratzeko aukera dute. ARGAZKIA: K.F.

AZPEITIA. Asko eta asko dira haien izen-abizenak gaztelaniaz idatzirik dituztenak Euskal Herrian. Batzuek egoera hau aldatu nahi izan dute baina oraindik ez dute lortu, tramitea luzea delako edo egin behar dutena zehazki zer den oso garbi ez daukatelako. Azpeitiko Euskara Patronatuak azpeitiarrei hori egiteko erraztasunak eman nahi dizkie eta horregatik kanpaina berri bat jarri du abian, Izena duenak badu izana: izen ala ez izen? lemapean.

Martxan jarritako ekimen honen bidez, Euskara Patronatuak euskal abizenak dituzten azpeitiarrei agiri ofizial guztietan euskal abizen horiek euskaraz idatzita azaltzeko bidea erraztuko die: "Gure izen-abizenek nor garen adierazten dute. Azpeitiar askoren abizenek, hauek euskaldun direla adierazten dute, baina gehienek gurasoengandik jaso eta gaztelaniaz idatzita dituzte. Patrikan eramaten ditugun agirietan begiratu besterik ez dago: nortasun agiria, gidatzeko baimena...", adierazi du patronatuko zuzendari den Patxi Saezek.

Euskarako sailak bere gain hartu zuen ardura hau 2004. urtean. Lehenago ere, herriko ikastetxeetan eskaintzen zuen zerbitzua: "Gurasoek abizenak euskaraz idatzita jartzen badituzte, seme-alaba guztiei abizen horiek ere euskaraz idatzita azalduko zaizkie agirietan. Beraz, eraginkorrena horixe da, gurasoek abizenak euskaraz idatzita jartzea", azaldu du Saezek.

Iaz, herriko ikastetxeekin elkarlanean, 47 espediente bideratu zituen Euskara Patronatuak. Aurten, maiatzera arte bakarrik, dagoeneko 33 espedienteen tramitazioa egin du. Gurasoekin izandako arrakasta ikusita, ekimena herri guztira zabaldu nahi izan dute arduradunek. "Izen ala ez izen? kanpainaren bitartez, ikastetxeetan eman dugun zerbitzua herritar guztiei zabaldu nahi diegu, agiri ofizial guztietan izen-abizenak euskaraz jartzeko aukera herritar guztiei emateko", esan du zuzendariak.

FOTOKOPIAK. Beraz, ekimen honen bidez, epaitegiko Erregistro Zibilean egin behar izaten duten tramitazioa errazagoa izango da azpeitiarrentzat. Izan ere, berez aurkeztu beharreko agiri guztietatik bi bakarrik eraman beharko dituzte kanpaina honetan. Euskal deiturak euskaraz jarri ahal izateko nortasun agiriaren eta Familia Liburuaren fotokopiak eraman behar dituzte Euskara Patronatura.

Patronatuak bere gain hartzen ditu eskatzailearen udal-erroldaren agiria eta jaiotza agiria lortzeko ardura eta eskaria "behar bezala beteta Azpeitiko epaitegiaren Erregistrora eramateko ardura ere bai".

Lanik gogorrena izen aldaketaren ondoren dator

Izena duenak badu izana: izen al ez izen? kanpaina berri honen bidez, Azpeitiko Udalak eta Euskara Patronatuak haien izen-abizenak euskaratu nahi dituzten herritarren tramitazio lanak erraztuko dituzte. Hala ere, izen edo abizenak euskaratu eta aldatu ondoren, lana ez dela amaitzen gogoratu nahi izan du Patxi Saez patronatuko zuzendariak: "Jende asko gerturatu zaigu izen edo abizenak aldatu eta gero, bankuko edo beste erakundeetako kartak lehengo grafia berarekin iristen zaizkiela esanez. Gure lana Erregistro Zibilean izena aldatzen laguntzea da, erraztasunak emanez, baina hortik ez dute beste leku guztietara zabaltzen aldaketa hau. Erregistraturik gauden leku guztietan aldaketaren berri ematea norbanakoaren lana da. Hau da zatirik gogorrena", esan du Saezek. Horretarako, hau da, erregistro guztietan aldaketaren berri emateko, erresoluzioaren fotokopia bidaltzea beharrezkoa da, adibidez, gidabaimena edo notariotzako dokumentuak aldatzeko.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-05-13an.
 
Euskal abizenak euskaraz idazteko ekimena abian
2006-05-14 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Euskara Patronatuak herritar guztiei eskainiko die zerbitzua.

Ekimena iragartzeko sortu den irudia.(DV)
AZPEITIA. DV. "Izena duenak badu izana: izen ala ez izen?" ekimena jarri du abian Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak euskal abizenak dituzten azpeitiarrentzat, hala nahi izanez gero agiri ofizial guztietan euskal abizen horiek euskaraz idatzita azal daitezen.

Azpeitiar askoren abizenek euskaldun direla adierazten dute baina azpeitiar gehienek gurasoengandik jaso dituzten euskal abizenak gaztelaniaz idatzita dituzte. Orain, Euskara Patronatuak eskainiko duen zerbitzuaren bidez, euskal abizenak dituztenek abizen horiek modu ofizialean ere euskal grafiaz idazteko aukera izango dute, Euskaltzaindiaren izendegian oinarrituta. Norberaren agiri ofizial guztietan euskal deiturak euskaraz idatzita azaltzeko tramitazioa Azpeitiko Epaitegiaren Erregistro Zibilean egin behar izaten da. Euskara Patronatuak, hain zuzen, korapilatsua izan daitekeen tramitazio prozesu hori bere gain hartuko du, herritarrei prozesua erraztu asmoz.

Ikastetxeetatik herrira

Orain arte, Udal Euskara Patronatuak euskal abizenak euskaraz jartzeko zerbitzu hau herriko ikastetxeen bidez eman izan du, ikasleen gurasoei zuzenduta, bereziki. 2005. urtean, herriko ikastetxeekin elkarlanean, 47 espediente bideratu zituen. 2006ko maiatza arte, berriz, dagoeneko 33 espedienteren tramitazioa egina dauka.

Izen ala ez izen? ekimenaren bitartez, Azpeitiko Euskara Patronatuak ikastetxeen bitartez ematen duen zerbitzua herritar guztientzat zabaldu nahi du.

Pausoak

Euskal deiturak euskaraz jarri nahi dituztenek bi agiri eraman beharko dituzte Euskara Patronatuaren egoitzara: nortasun agiriaren fotokopia eta Familia Liburuaren fotokopia. Bi agiri horiez gain eskari orri bat ere bete eta sinatu beharko dute. Eskari orria Euskara Patronatuan eskura daiteke.

Deiturak euskaraz idatzita jartzeko beste bi agiri ere behar izaten dira: eskatzailearen udal-erroldaren agiria eta jaiotza agiria. Baina beste bi agiri horiek lortzeko ardura Euskara Patronatuak hartuko du bere gain, eta baita herritarren eskaria behar bezala beteta Azpeitiko Epategiaren Erregistro Zibilera eramateko ardura ere.

Gurasoen aldaketa

Gurasoek abizenak euskaraz idatzita jartzen badituzte, seme-alabei ere abizen horiek euskaraz idatzita azalduko zaizkie. Gurasoek aldatzeko asmorik izan ez eta seme-alabek aldatzea nahi izanez gero, adin txikiko direnek gurasoen baimena beharrezkoa izaten dute aldaketa egiteko.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2006-05-14an.
 
'Izen ala ez izen?' ekimena abiatu dute
2006-05-16 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

Abizenak euskal grafiaz jartzeko zerbitzua eskainiko du Euskara Patronatoak

Izena duenak badu izana: izen ala ez izen? ekimena jarri du martxan Udaleko Euskara Patronatoak. «Gure izen-deiturek nor garen adierazten dute. Azpeitiar askoren abizenek euskaldun direla adierazten dute, baina herritar gehienek gurasoengandik jaso dituzten euskal abizenak gazteleraz idatzita dituzte. Patrikan eramaten ditugun agirietan begi-ratzea besterik ez dago: nortasun txartelean, gidatzeko baimenean...», azaldu dute Euskara Patronatotik.

Izen-abizenak euskal grafiaz jartzeko zerbitzua Uztarria Kultur Koordinakundea hasi zen eskaintzen. Gero, Uztarriak EBPNko Aholku Batzordean Udaleko Euskara Patronatoaren bidez zerbitzu bera eskaintzea proposatu zuen, eta orain Patronatoak egingo du.

Euskal deiturak euskaraz jarri nahi dituztenek bi agiri eraman behar dituzte Euskara Patronatora: nortasun txartelaren eta familia liburuaren fotokopiak. Gero, bertan eskari orria bete eta sinatu beharko da. Hortik aurrera egin beharreko guztia Euskara Patronatoak egingo du.

  • Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2006-05-16an.
    • Informazioa hau, hitzez hitz, Uztarria.com agerkari digitalak ere argitaratu du, 2006-05-16an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus