Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko 117 dendak zerbitzua euskaraz

Azpeitiko 117 dendak zerbitzua euskaraz

2006-05-19 / 10:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua   MERKATARITZA

Azpetiko Euskara Patronatuak 2005ean egindako lanaren ondorioz, Azpeitiko merkataritzako establezimenduen % 28 (guztira 117 establezimendu) gai da bezeroari zerbitzua erabat euskaraz emateko. Orain urtebete baino % 40 establezimendu gehiago dira Azpeitian "Euskarazko Zerbitzuaren Garantia" ematen dutenak. Euskal Herri osoan ez dago beste herririk merkatal arloan horrenbeste establezimendu dituenik bezeroei zerbitzua euskaraz emateko gaitasunarekin.

Euskarazko Zerbitzuaren Garantia

Euskarazko Zerbitzuaren Garantia

2004. urtean Azpeitiko 71 saltoki ziren bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko egoeran zeudenak (Azpeitiko establezimendu guztien % 16). Urtebete geroago, Azpeitiko Euskara Patronatuak 2005. urtean arlo honetan egindako lanaren ondoren, 117 saltoki dira, % 40 gehiago, bezeroari zerbitzua erabat euskaraz emateko ahalmena dutenak.

Garrantzitsua izan da 2005 urtean bezeroarekiko komunikazio modu guztietan euskarazko zerbitzua ziurtatzera iritsi diren edo ziurtatze bidean dauden 200 establezimendu ingururekin egindako lana. Honatx emaitzak eta egoeraren datu nagusiak:

  • Aurreko bi urteetan (2004an eta 2005ean) prozesuan sartu eta 2005ean jarraipen lana egitea lortu den establezimenduen kopurua: 92.
  • 2005ean “Euskarazko Zerbitzuaren Garantia” prozesuan sartu diren establezimendu berriak: 85 establezimendu.
  • Guztira prozesuari ekin eta 2005ean hizkuntza egoeraren datu bilketan parte hartu duten 177 establezimenduetatik % 66k “Establezimendu honek Euskarazko Zerbitzuaren Garantia eskaintzen du” egoera egiaztatu dute eta gainerako %34rekin egoera horretara urtebetean edo, gehienez, 2 urteko epean iristeko lan egingo du Azpeitiko Euskara Patronatuak.

Zerbitzu eskaeraren bat egin dute establezimenduen % 54

Azpeitiko establezimenduen erdiak baino gehiagok % 54k (guztira, 199 establezimendu) zerbitzu eskaeraren bat egin dio Azpeitiko Euskara Patronatuari. 106 establezimendutara, euskarazko materialak banatu ditu Euskara Patronatuak, 97 establezimendutarako 191 itzulpen desberdin egin ditu, establezimenduaren gestiorako “BDP” softwarea eskatu dutenak 21 establezimendu izan dira eta adierazgarria da euskarazko zerbitzuaren garantia lortzeko prozesuarekiko interesa agertu dutenak ere 70 establezimendu izatera iritsi direla. Edonola ere eta aurreko urteetatik prozesu horretan sartuak daudenak kontuan hartuta, 2005 urte amaieran baziren 177 establezimendu, bezeroari ahoz nahiz idatziz zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko urratsetan sartuta zebiltzanak.

2004 urteko datuekin alderatuta, 2005 urtean Azpeitiko Euskara Patronatuaren zerbitzuetaz baliatu diren Azpeitiko establezimenduen ehunekoak gora egin du: %15

Azpeitiko merkatal establezimenduen errolda eguneratu da

Era berean, 2005. urtean, Azpeitiko establezimenduen errolda eguneratu da eta guztira 418 establezimendu daude Azpeitian txikizkako merkataritzakoak, ostalaritzakoak edo azken bezero-kontsumitzailearekin zuzenean lan egiten duten bestelako hainbat zerbitzutakoak (ile-apaindegiak, finantza erakundeak, bidai agentziak,…).

Establezimenduetako arduradunen %94 euskalduna da, % 2 ia-euskalduna (euskaraz ulertu eta zerbait hitz egiteko gai dena) eta %4 erdalduna.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus