Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gazte hizkerari buruzko liburua aurkeztu dute

Gazte hizkerari buruzko liburua aurkeztu dute

2005-12-03 / 07:00 / Jaime Altuna - Urtxintxa   AISIALDIA

Gazte hizkera: jardunaldien hitzaldiak eta ondorioak izeneko liburua aurkeztu dute Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakaria Ana Mendizabalek eta Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak. Liburuan hainbat adituk 2005eko apirilean ospatutako jardunaldietan egindako hitzaldietan eta mahai inguruetan esandako guztiak biltzen dira.

2005eko apirilean Azpeitian “Gazte hizkera” izenburua zuten jardunaldiak gauzatu genituen. Jardunaldi hauen sustatzaileak Gipuzkoako Urtxintxa Eskola eta Lasarte-Oriako Ttakun Elkartea izan ginen, azken urteetan bi elkarteok euskara haur eta gazteen aisiarekin lotzeko egiten ari garen lanean pauso berri bat emateko asmoz.

Zailtasunak zailtasun, jardunaldien antolaketari ekin genionean landu nahi genuen gaiaren zehaztasunak eta sor zezakeen interesak zalantzak eragiten zizkigun arren, emaitzak beste batzuk izan direla baiezta dezakegu: bai landu nahi genituen helburuen aldetik, bai edukien ikuspegitik eta nola ez, partaidetzaren aniztasun zein kopuruen ikuspegitik.

Jardunaldien xede nagusia egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzea zen, gazte hizkera lantzeak euskararen normalizazioan duen garrantzia ikusiz eta era berean, gazte hizkera sustatzeko dauden baliabideak aztertuz. Horretarako, gazte hizkeraren gaiarekin harreman zuzena duten hizlari adituen ekarpenak bilatu genituen eta baita aurkitu ere: gazte hizkeraren gaia ikuspegi soziolinguistiko batetik aztertu zutenak, gazteei zuzenduriko komunikabide desberdinen iritziak, aisialdiko hezkuntzan lanean diharduten teknikariak, eta hezkuntza formaleko adituen ekarpenak. Aditu talde honek, eta jardunaldietan izena eman zuten partaide desberdinen aldetik eginiko ekarpenekin, hasera batean jarritako helburuak gainditu zirela baiezta dezakegu. Baita erronka berriak ireki ere.

Edukiei dagokienez, GAZTE HIZKERA. Jardunaldien hitzaldiak eta ondorioak liburua da aurkeztu dugun emaitza nagusia. Bertan, hizlarien aurkezpenak jaso ditugu (egileen zuzenketa eta ekarpen berriekin) eta mahai inguruetako partaide desberdinen iritziak jaso ditugu. Liburu honetan jasoak daude edukiekin gazteen lagunarteko hizkeraren gaiarekin lan egiten jarraitzeko oinarri teoriko sendoak finkatzen direlakoan gaude.

Jardunaldietako partaidetza ere aipatu nahi genuke. Alde batetik, gazte hizkerari buruzko jardunaldiak diseinatzerakoan, ezinbestekotzat jo genuen gazteei ere hitza ematea, gaiari buruz dituzten iritziak ezagutzeko. Eta bi egunetan zehar, aisialdiko dinamizatzaileen gidaritzapean lurralde desberdinetako 30 gazte elkartu genituen, bakoitzak bere jatorri soziolinguistikotik begiratuta, dituzten iritziak, gogoak, zailtasunak eta ekarpenak elkartrukatuz. Ondorio hauek guztiak “helduen” jardunaldietan aurkeztu zituzten.

Eta bestalde, ez hain gazteen jardunaldietako partaidetza aipatzekoa da, bai jatorriaren ikuspegitik, bai parte hartzaileen lan esparruaren ikuspegitik: Euskal Herriko lurralde guztietako partaideak egon ziren eta, lanbideei dagokienez, gazte hizkeraren gaiarekin lotura zuzena duten ordezkariak zeudelako: irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, euskara elkarteetako kideak, euskara eta hizkuntza teknikariak, ikasleak, didaktikariak, ...

Hauxe da liburuaren aurkibidea:

  • SARRERA
  • HITZALDIAK:
    • Kike Amonarriz
    • Imanol Esnaola
    • Asisko Urmeneta
    • Estibalitz Amorrortu
    • Asier Larrinaga
  • MAHAI INGURUAK:
    • Gazte Hizkera eskolan eta aisialdian
    • (Erramun Osa, Haritz Salaberria, Juan Manuel Etxeberria)
    • Gazte Hizkera Komunikabideetan
    • (Goizeder Taberna, Estitxu Elduaien, Joseina Etxeberria, Alberto Irazu)
  • GAZTEEN ONDORIOAK

GAZTE HIZKERA. Jardunaldien hitzaldiak eta ondorioak liburua Durangoko Azokan Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak izango duen saltokian salgai egoteaz gain www.aisia.net web orriaren bidez eskuratu daiteke.


(JAIME ALTUNA Urtxintxa eskolako kide da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
AZPEITIA / Gazte hizkera jardunaldien gaineko liburua aurkeztu dute
2005-12-04 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Jardunaldietako hitzaldiak eta ondorioak jaso ditu liburu honetan Urtxintxa Eskolak

Jaime Altuna eta Ana Mendizabalek aurkeztu zuten Urtxintxa eskolaren liburua (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Gazte Hizkera jardunaldietako hitzaldiak eta ondorioak jasotzen dituen liburua aurkeztu zuten herenegun Azpeitiko Udal Euskara Patronatuaren egoitzan Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak eta Ana Mendizabal Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak. Euskal Herri mailako jardunaldiok joan den apirilean egin ziren Azpeitian, Urtxintxak eta Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak antolatuta, Azpeitiko Udal Euskara Patronatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Haur eta batez ere gazte euskaldunen gaur egungo hizkuntza jokaeren berri izateko, hauek aztertzeko eta egoera ikusteko helburuarekin egin ziren Gazte Hizkera jardunaldiak. Bi egunetan zehar, bi lan-talde edo forotan banatuta garatu zen jardunaldietako egitaraua. Alde batetik, Enparan Dorretxean Euskal Herri osotik etorritako hezitzaile, begirale eta teknikariak elkartu ziren, bertan egin ziren hitzaldi eta mahainguruak jarraitzera. Bestetik, Euskara Patronatuaren egoitzan Lasarte-Oria, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Zizur Nagusia eta Baionatik etorritako 31 gazte elkartu ziren, tartean Azpeitiko Urola eta Ikasberri ikastoletako ikasleak zirela, beraien artean diagnostiko bat landu eta jardueren amaierako ekitaldian ondorioak plazaratuz.

Helburuak gaindituta

Gazte Hizkera jardunaldietako antolatzaileak pozik gelditu ziren bi eguneko ekimen horren emaitzekin. Parte hartu zutenen aldetik ere «balorazio onak» jaso dituzte eta, Jaime Altunak atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, «partaide desberdinen ekarpenekin helburuak gainditu ziren eta erronka berriak zabaldu».

Jardunaldietan gazte hizkeraren inguruan jasotako edukiekin hasieran zer egin ez zekitela esan zuen Altunak. Jardunaldiek «jakinmin handia sortu» zutela ikusi zuten antolatzaileek, eta bi egunetan jorratutako edukiak jasotzeko hainbat eskaera izan ondoren erabaki zuten orain aurkeztu duten liburua taxutzea.

Bertan, esan bezala, Gazte Hizkera jardunaldietan Enparan Dorretxetik igaro ziren hizlari guztien saioak jaso dituzte, hizlari beraiek «zuzenduak eta osatuak».

Jardunaldi haietan izatekoa zen baina azkenean izaterik eduki ez zuen Estibaliz Amorrorturen hitzaldia ere sartu dute liburuan, Kike Amonarriz, Imanol Esnaola, Asisko Urmeneta, eta Asier Larrinagarenak bezala.

Hezkuntza formala eta aisialdikoa uztartuz eta gazteei zuzendutako komunikabideek egiten duten gazte hizkeraren erabileraren bueltan eginiko bi mahainguruetan hitz egindakoa ere jaso dute, gazteen foroko ondorioekin batera.

Gazte Hizkera jardunaldien hitzaldi eta ondorioekin egindako liburuxka jardunaldietan parte hartu zuten guztiei helarazteko asmoa azaldu dute Urtxintxako ordezkariek. Hala nahi dutenek, Urtxintxak datorren asteko Durangoko Azokan jarriko duen postuan eskuratu ahal izango dute. Bestalde, liburutegietan ere salgai jartzeko asmoa dute liburuaren egileek.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-12-04an.
 
Gazte Hizkera jardunaldiei buruzko lana plazaratu dute
2005-12-04 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

Apirilean egin ziren jardunaldiak Urtxintxa eta Ttakunek antolatuta

Apirilean egin ziren Gazte Hizkerari buruzko jardunaldiak, Azpeitian, Urtxintxa eta Ttakunek antolatuta Azpeitiko Udala eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. Orduan esandakoak liburuan bildu eta argitaratu dituzte orain antolatzaileek. «Jardunaldietan landutako edukien eskaera handia izan dugu eta horregatik liburu batean biltzeko erabakia hartu dugu», zioen Jaime Altuna Urtxintxako kideak herenegun Azpeitiko Euskara Patronatoan liburuaren aurkezpean.

Liburuan Gazte Hizkerari buruzko jardunaldietan izandako hitzaldi, mahai-inguru eta foroetan esandakoa jaso dute, «osatuta eta zuzenduta». Antolatzaileen esanetan, gauza interesgarriak atera ziren jardunaldietan eta parte hartzaileek balorazio ona egin zuten. Euskal Herriko lurralde guztietatik etorritako ehun lagun baino gehiagok parte hartu zuten.

Jardunaldietan parte hartu zutenek etxean jasoko dute liburua edota Durangoko Liburu eta Disko Azokan Urtxintxaren postuan jasotzeko aukera edukiko dute. Gainontzekoek, dendetan edota Interneten Urtxintxaren www.aisia.net webgunera sartuta eros dezakete, 9 eurotan.

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-12-04an.

-

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus