Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Oparitu euskaraz

Oparitu euskaraz

2005-11-23 / 14:51 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Euskara Patronatuak Azpeitiko 5.000 etxeetara euskaraz oparitzeko produktuen katalogoa banatuko du Eguberrietako opariak erosteko garaian euskarazko produktuak aintzakotzat har daitezen. Euskal Herri osoan ere, Ipar eta Hego, banatuko da "Euskarazko Produktuen Katalogoa", guztira, 220.000 ale banatuko dira.

Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bidez 5.000 etxeetara banatuko du "Euskarazko Produktuen Katalogoa" Olentzerotan eta Erregetan 16 urte arteko haur eta gaztetxoentzat opariak erosteko garaian "euskaraz oparitzeko".

Katalogoaren helburuak

  • Aisialdian ere euskara erabiltzea:
    • Haurraren aisialdia oso garrantzitsua da. Euskaldun oso izateko euskaraz jolasean ibili behar du haurrak.
  • Euskarazko produktuen eskaintza ezagutzera ematera:
    • Askotan ez da jakiten zein produktu eskaintzen diren euskaraz: Euskaraz zer dago ba?
  • Euskarazko produktuen merkatua dinamizatzea:
    • Euskarazko produktuen eskaera handitzea. Eta, jakina, eskaera hantdituz gero, kate beretik etorriko da eskaintza handitzea ere.

Familia osoarentzat

"Euskarazko Produktuen" katologoan berez 16 urte arteko haur eta gaztetxoentzako egokiak diren euskarazko 269 produktu jaso dira. Baina katalogoa izan, batez ere, gurasoentzat eta senitartekoentzat da: osaba-izeba, aitita-amama... Hitz bitan: haur eta gaztetxoentzat opariak erosten dituztenentzat.

Katalogoak 6 atal ditu: musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta jolasak. Produktu guztietan erabiltzailearen adinik egokiena zein den zehaztuta dago. Prezioak gutxi gorabeherakoak dira. Argitaletxeak emandakoak.

Azpeitian non eta nola

Euskarazko Produktuen Katalogoaren liburuska Azpeitiko 5.000 etxeetara iritsiko da. Era berean, www.katalogoa.org helbidean ere produktu guztien xehetasunak aurki daitezke.

Horrezaz gain, Azpeitian aholkularitza zuzena eskainiko da:

  • Euskara Patronatuan (Tel. 943 81 45 18)
  • Gazteria Sailean (Tel. 943 15 71 61)
    • Zapotxoko gaztegunean
    • Iturri Txiki ludotekan
    • Txiki Txoko ludotekan

Zabalkundea

Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuak hasi ziren katalogo hau argitaratzen 1997an. Gipuzkoara 2001ean zabaldu zen eta Bizkaira 2003an. 2004an izan du katalogoak zabalpenik handiena: Nafarroan eta Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian zehar eta Arabako zenbait herritan ere banatu zen. 2005ean, berriz, Ipar Euskal Herrira ere iritsi da katalogoaren banaketa sarea.

2005eko edizioa Euskal Herri osoko 128 entitateren bitartez zabalduko da, lantaldearen ardurapean horiek guztiek hartu baitute parte katalogoaren prestaketa lanetan.

Guztira, 220.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan. Gurasoek etxean jasoko dute. Etxean jasoko ez dutenek, herrian herriko Udaleko Euskara Zerbitzuan eska dezakete edo beste hainbat lekutan (Liburutegia, Gaztelekua, Ludoteka, Gazte Zerbitzua, Kontsumo Bulegoa, liburudendak...)

Babesleak

Tokian tokiko erakundeak, gehien bat udalak, dira ekimenaren antolatzaile eta bultzatzaile baina ekimen hori hainbat erakudek babestua ere badago:

  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Arabako Foru Aldundia
  • Euskal Kultur Erakundea
  • Nafarroako Gobernua.

Koordinazioa

Zabalpenak koordinazio lan handia eskatzen du eta Nafarroan osatutako hasierako lan-taldeak baditu Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ordezkari bana ere.

Herrialdeko koordinatzaileak:

  • Gipuzkoa: Malores Etxeberria (Hernani)
  • Araba: Felix Mugurutza (Laudio)
  • Bizkaia: Maite Alvarez de Zarate (Bermeo); Joxi Arakama (Getxo)
  • Nafarroa: Dabid Anaut eta Maider Gońi (Leitzaldea); Castillo Suarez (Sakana); Felix Altzelai (Ultzamaldea)

Haurrarentzat jostailuak erosteko garaian hainbat gomendio gurasoentzat

Jolasak paper garrantzitsua jokatzen du haurraren bizitzan. Besteak beste, bere ekintza garrantzitsuena da; denbora, gogo, energia eta ilusio gehien eskaintzen diona.

Jostailua jolasaren prozesuan erabiliko dugun tresna da. Neurri horretan, jostailuak irudimena estimulatu behar du jolaserako mekanismoak indartu eta aberasteko (komunikazioa, ekintza bera...)

Horregatik da hain garrantzitsua, txiki-txikitatik, jostailuaren hautaketa on bat egitea, eta horretarako kontuan hartu beharreko zenbait alderdi aipatu nahi genituzke:

  • 1.- Jostailuak opari bat izan behar du eta ez inposaketa bat. Horregatik haurraren gustu eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu, eta ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzeko garaian ere, parte hartzaile bihurtu behar ditugu. (haurraren irudimenetik eta hurbileko mundutik gertu).
  • 2.- Jostailuak haurraren adin eta beharretara egokitu behar du: bere heldutasun intelektuala, bere indarra edo eta bere mugimendu ahalmenak zein diren garbi jakin beharko dugu, eta jostailua horietara egokitu beharko da.
  • 3.- Haurrarengan berezkoak diren ezaugarriak sendotzeko, eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko ere izan daiteke jostailua.
  • 4.- Jostailuak segurua izan behar du: CE markak jostailu horrek beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adieraziko digu. Hala ere, edozein arrisku ekiditeko, helduok beraiekin jolastea garrantzitsua da.
  • 5.- Jostailu garestiena ez da hoberena: haurraren berezko ezaugarrietara ongien egokitzen dena, baizik. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek haurrekin jolas egitea, edo beraien kaxa ari direnean behatzea. (Merkeegien aurrean ere argi gorria piztu).

JOSTAILUA TRESNA HUTSA BAINO EZ DA, GARRANTZITSUENA JOLAS EGITEA DA". Eta guraso eta seme-alabok euskaraz jolas egiten baduzue, bejondeizuela!

Inprimatu


Erantzun

 
AZPEITIA / Gabonetan euskaraz oparitzeko tresna etxean
2005-11-24 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

"Euskal Produktuen Katalogoa"ren 5.000 ale banatuko ditu Azpeitian Udal Euskara Patronatuak

Aurtengo katalogoaren azala (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Bigarren urtez jarraian, Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak etxez etxe banatuko du datozen egunetan Gabonei begira argitaratu den "Euskal Produktuen Katalogoa". Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuak hasi ziren katalogo hau argitaratzen 1997an. Harrez gero, Euskal Herriko gainerako lurraldeak ekimen honekin bat eginez joan dira, erakunde publiko eta batik bat udal erakundeen bidez, eta aurten lehen aldiz Iparraldean ere banatuko da katalogoa. Hain zuzen ere, guztira 220.000 ale banatuko dira Euskal Herrian zehar, horietatik 5.000 Azpeitian.

16 urte arteko haur eta gazteentzako egokiak diren euskarazko 269 produktu jasotzen dira katalogo horretan, adinaren araberako sailkapenarekin eta sei ataletan banatuta: musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta jolasak. Katalogoan agertzen diren produktuak haur eta gazteei zuzendutakoak badira ere, katalogoa bera guraso eta haurren sendi eta ingurukoei zuzentzen zaie, hauek baitira azken batean produktu horiek oparituko dizkietenak... edota Olentzerori eta Erregeei enkargua egingo dietenak.

"Euskal Produktuen Katalogoa"k hiru helburu nagusi bete nahi ditu: aisialdian ere euskara erabiltzea, «gure haurrek euskaraz jolas egitea garrantzitsua» delako; euskarazko produktuen eskaintza ezagutzera ematera («gurasoek askotan egiten duten "euskaraz zer dago ba?" galderari erantzuna» emanez); eta euskarazko produktuen merkatua dinamizatzea, «produktuen eskaera handituz». Argibide guztiok eman zituzten atzo prentsaurrean eginiko aurkezpenean Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburuak eta Patxi Saez Udal Euskara Patronatuko zuzendariak.

Aurkezpenean parte hartu zuen hirugarrena Nerea Orbańanos izan zen, Udaleko Gazteria saileko teknikaria. Hain zuzen ere, Orbańanosek hainbat gomendio aipatu zituen, gurasoek eta haurrengandik hurbileko gainerakoek hauei opariak egiterakoan «kontuan hartu» beharrekoak. «Oparitu euskaraz, baina ez edonola oparitu», zioen, eta haurren joera eta gustuak kontuan hartu behar direla.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-11-24an.
 
'Oparitu euskaraz' katalogoa banatuko dute
2005-11-24 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

16 urte bitartekoentzako euskarazko 269 produktu agertzen dira katalogoan

Azpeitiko Udal Euskara Patronatoak Oparitu euskaraz katalogoa banatuko du herriko etxe guztietan; 5.000 ale dira denera. Aurten aurrenekoz Euskal Herri osoan banatuko dute Oparitu euskaraz katalogoa. Hiru dira katalogoaren helburuak: «Aisialdiari garrantzia ematea, euskarazko produktuak ezagutzera ematea eta merkatua dinamizatzea».

Oparitu euskaraz katalogoan 16 urte arteko haur eta gazteentzako 269 produktu azaltzen dira sei ataletan: musika, filmak, aldizkariak, liburuak, informatika eta jostailu eta jokoak. Katalogoko produktuen berri zehatzagoa jasotzeko Euskara Patronatora edota Udaleko Gazteria sailera jo daiteke, baita www.katalogoa.org webgunera ere.

Katalogoa atzo aurkeztu zuten Udaleko Euskara eta Hezkuntza eta Gazteria sailekoek. Nerea Orbańanos Gazteriako teknikariaren esanetan, katalogoa «aberatsa» da. Jolasak erosteko orduan kontuan hartu beharrekoak aipatu zituen: «Jolasek izugarrizko garrantzia dute haurrarengan. Jostailuak jolaserako tresna dira, eta opari bat dira, ez inposaketa bat. Garrantzitsua da haurraren beraren gustuen berri izatea opariak egin aurretik, eta aukeraketan haurrak ere parte hartzea».

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-11-24an.
    • Informazioa hau, hitzez hitz, Uztarria.com-ek ere argitaratu du, 2005-11-24an.
 
Euskarazko Produktuen katalogoa etxe guztietara bidaltzen hasiko dira
2005-11-24 / 08:00 / Kristina Fernandez Zabaleta - NOTICIAS de Gipuzkoa

Azpeitiko Euskara Patronatoak atzo aurkeztu zuen aurtengo Euskarazko Produktuen Katalogo berria. Bertan, heziketan nahiz jolasean ibiltzeko euskarazko produktuen berri ematen da. Musika, aldizkariak, filmeak, eta bestelako, liburu, informatika edota jostailuak aurkezten dira. Bakoitza zein adinetarako den egokia, eta zein salneurri duen adierazten da. Katalogo hau herriko etxe guztietara bidaltzen hasi dira jadanik denon eskura egon dadin.

  • NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2005-11-24an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus