Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Inoiz ez da berandu euskara ikasteko

Inoiz ez da berandu euskara ikasteko

2005-09-19 / 07:00 / Azpeitiko Udal Euskaltegia   HERRITARRAK

Inoiz ez da berandu euskaltegian euskara ikasten hasteko eta horren adibide Jabier Lejarcegui dugu: 69 urte ditu eta Azpeitiko Udal Euskaltegian ari da euskara ikasten. Euskal Herriko Udal Euskaltegiek 2005-2006 ikasturtearen matrikulazio kanpainan atera duten kartelean azaltzen da. Bizitza oso trinko eta oparoa du gainera. Ezagutu nahi baduzu, hementxe duzu egin diogun elkarrizketa:

Zeure burua aurkeztu, nor zara...

Ni Jabier Lejarcegui Maguregi naiz, Getxon jaioa. Bederatzi hilabete nituenean Iparraldera iritsi nintzen, eta bost urterekin itzuli. Zazpi urte nituela Ameriketara iritsi nintzen eta 50 urterekin itzuli. Ameriketan Uruguain, 31 urte, eta Venezuelan, 12 urte, bizi izan naiz. Uruguain lehenengo urteak izan ziren... gogorrak, gogorrak izan ziren, Francoren diktadura zegoen, eta han bai apaizak eta bai mojak Franco bera baino frankistagoak ziren, erotu egiten gintuzten.

Gero 86. urtean itzuli nintzen Venezuelatik hemen finkatzeko. Zailtasun handiak izan nituen 50 urterekin hemen lanean hasteko, baina gero, Jainkoari eskerrak, betiko lanean aritzeko aukera izan nuen hamabost urte gehiagoz. Gustora nago. Lasai bizi izan naiz eta gustora, orain erretiratuta nago eta gozatzen ari naiz, eta euskaltegira etortzen.


Zergatik joan behar izan zenuten Euskal Herritik? Non ibili zarete?

Nire aita zela eta, nire aitaren arrazoi politikoengatik, gerran ibili baitzen Eusko Jaurlaritzaren alderdian eta exiliatu egin behar izan zuen. Eta bere exilioarekin bat, gu anaiok joan ginen atzetik. Hasieran Frantziara hiru anaia joan ginen, eta han bi jaio ziren (...). Gero 43.eneko urriaren 6an Montevideorantz abiatu ginen “Monte Albertia”n eta urte bereko azaroaren 9an iritsi ginen hara, 33 egun ur gainean. Han, Montevideon, bi txikienak jaio ziren (...). Eta han, Uruguain, zoriontsu eta gustora bizi izan nintzen 31 urtetan, han utzi dut nire gaztaroa, eta han ditut nire eskolako, batxilergoko, unibertsitateko, etab.etako lagun guztiak, eta bai gustora! Ezin naiz kexatu. Une honetan Uruguain lau anaia bizi ditut, 11 iloba ditut, 5 (sobrinos-nietos), eta nire bizitza osoa han dut... han ditut nire sustraiak. Identitate arazoa da, azkenean ez dakizu nongoa zaren, ez dakizu nongoa zaren.

Eta beno, 85ean hona itzuli nintzen, Venezuelan ezkondu nintzen azkoitiar batekin, Elosukoa. 15 urtetan Getxon bizi izan naiz, eta jubilatu eta Azkoitira etorri naiz. Hainbeste tokitan ibilia naiz... berdin zait herri bat zein bestea. Azkoitian oso bizimodu lasaia daukat presiorik gabe, kaleetan zalapartarik gabe, bestelako bizimodua da, hiri handiez aspertuta nago. Askoz hobeto bizi naiz, askoz hobeto. Eta hori da, arrazoi politikoak batez ere.


Egon zareten lekuetan izan duzue Euskal Herriarekin eta euskararekin harremanik? Izan baduzue nolakoa izan da?

Ea ba, Iparraldean lau urtetik gora egon nintzen, han gerraren arazoa zegoen, gerra garaia zen. Nire aita Getari, Paris eta Eusko Jaurlaritzan zebilen batetik bestera bueltaka, azkenean 41. urtearen hasieran Ameriketara joan zen arte. Ameriketarantz abiatu zen eta lehendabizi Iparramerikan geratu zen, gero Kubara joan eta han urte eta erdiz egon zen, baina gerrak ez zuen uzten lasai lan egiten Kuban. Gero Txilen eta Argentinan ibili zen, eta azkenean Uruguain finkatu zen. Eta han bizi izan zen 43. urtetik 70.era arte, hil zen urtera arte.

Eta bai, euskal arazoarekin asko, nire aitak zuen lantegiari “Nerbion” izena jartzeraino. Bere pentsakeragatik arazoak izan zituen, bai arazoak izan zituen. Frankista amorratu asko zegoen lurralde haietan, eta arazo ugari izan zuen. Arazoak apaizekin eta mojekin, gehien sartu zirenak izan ziren, gutxien espero zenuenak izaten zuen jarrerarik txarrena. Eta kreolak, ba... nire aita ezagutzen joan ziren, ezagutzen eta onartzen. Eta politikarien artean lagun onak izan zituen, eta bere lagunik minena apaiz bat izan zen, izan genuen lehenengo erretorea.


Zure gurasoek bazekiten euskara? Zein belaunalditan galdu zen?

Nire aitak ulertzen zuen, baina ez zuen hitz egiten. Nire aitarekin euskarazko elkarrizketetan, hitz egiten zionak euskaraz egiten zuen eta berak gazteleraz. Elkarrizketa jarraitzen zuen, baina ez zen gai euskaraz bi hitz jarraian esateko.

Nire ama, berriz, ba..., nire aiton-amonek bai, nire aiton-amonak euskaldunak ziren. Amona ba... amaren aldekoa... aitaren aldetik aitona Kuban jaio zen, “isla de Cuba” garaikoa, nire aitaren aita bermeokoa zen, hau da, nire aitona, edo ez, nire birraitona bermeokoa zen. Kuban egon zen eta han zazpi, zortzi edo bederatzi seme-alaba izan zituen, ez dakit, bilduma bat. Hona beraiek hamabost-hogei urte zituztela etorri zen. Hemen nire aitona, kubarra, amonarekin ezkondu, eta atzera Kubara itzuli zen. Eta beno, nire aitak euskara ikasi zuen, hau guztia oso barneratua zuelako, oso barneratua, bai. Euskaraz hitz egiten zuen... ez, ez zuen hitz egiten, baina primeran ulertzen zuen, elkarrizketa euskaraz jarraitzeko gai zen. Nire amak, berriz, gauza solteak esaten zituen, baina ez zekizkien ondo erabiltzen. Edozer gauza esaten zuen, baina berak dena botatzen zuen, ez zuen arazorik amak, aita ausartzen ez bazen ere, ama bai. Eta bai, euskal koloniarekin izan genuen harremana, batez ere garai hartan aitarekin exiliatuak izan zirenekin, aitaren adinarengatik eta hori guztia. Baina nire aitak Ameriketan dohain handi bat izan zuen, eta hori aitortu egiten diogu, gu kreolen artean integratzen jakin zuen. Eta ez zuen banaketarik egin, beti Euskal Etxean sartuta, ez. Euskal Etxera jai berezietan joaten ginen San Inazio, Aberri Eguna, festa bereziren bat, etab. Baina ez zigun hori derrigorrean sartu nahi izan. Hori bai, etxean egun osoa hemengo kontuez hitz egiten ematen genuen. Itsasgizonak, egunero izaten genuen itsasgizonen bat etxean bisitan, jendea bisitan. Eta beno, Montevideora lanera joan zirenei asko lagundu zien aitak, denak joaten ziren galdategira, eta aitak ematen zien lehenengo gauza jornala izaten zen, moldatzen joan zitezen, behintzat. Harreman handia izan zuen han jesuitekin, eta “Tierra Santa”ko frantziskotarrekin, Arantzazukoak ziren. Hemengo bat bazen han, Azkoitikoa, Zubizarreta orain Paraguain dago, Egiguren ere bai, orain Bolivian dagoen gotzaina (...)

Eta beno, nire aitak hamabostean behin edo, bidaiaren bat egiten zuen Buenos Airesera eta, eta hor ibiltzen zen alde batetik bestera, politika kontuekin, etab. Eta hil zen arte Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen Hego Amerikan, Argentinako lurralde-ordezkaritzan, Uruguain, eta zirenak eta ez zirenetan. Eta bizitza osoa eman zuen horrekin konprometituta. Orain sei hilabete-edo neuk eraman ditut bere artxiboko agiri guztiak Sabino Arana Fundaziora, bai. Bai, zeren eta penagarria izango baitzen hori guztia galduko balitz. Eta orain bi hilabete edo, klasera joan ez naizen bi egunetako batean, Bilbora joan nintzen liburu baten aurkezpenera. Liburu horrek Montevideon bizi den anaiak idatzitako hitzaurrea du, aitaren gora-beherez, Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen agiriez. Liburuxka hau argitartu dute, eta aurkezpenera joan nintzen Bilbora, eta etxean daukat, bai.

Bai, gutxi gorabehera hori da.

(...)


Zergatik erabaki duzu euskara ikastea? Zergatik urte hauekin?

Zergatik etorri naizen euskara ikastera? Gauza mordo bat. Lehenengo nortasun ezaugarri bezala, benetan. Hori izan da gehien bultzatu nauena, hainbeste tokitan bizi izan naiz, identitatea nolabait galdua dut, ezta? Eta guk Ameriketan aberri-ikurrak oso garrantzitsuak direla ikasi dugu. Ameriketan, hemen ez zaie kasurik egiten, baina ameriketan aberri-ikurrak oso garrantzitsuak dira. Eta hemen aberri-ikurra ikurrina, eta “gora ta gora”, eta besteren bat kenduta, azkenean horren guztiaren batzailea, nire ustez euskara da, bai nire ustez euskara da. Berandu, niretzat berandu, asko kostatzen da eta, bai... bai, oso gogorra da. Baina beno, euskara ikasteko ahalegina egiten saiatu naiz, esan bezala, nortasun-ezaugarri bezala. Uste dut gehiago identifikatzen naizela euskara ikasten saiatuz, Azkoitian lasai biziz baino, euskarak niretzat badu garrantzia, baina Azkoitian bizitzea halabeharra da, ezta? Hainbeste tokitan bizi izan naiz, dagoeneko berdin zait bat zein bestea, baina euskara bai, euskara nortasun ezaugarri bat da niretzat euskalduna naizen aldetik, euskaldun sentitzen naiz.

Begira, jesuitetan bazen apaiz zahar bat, Iribarne, nafarra zen bera, eta bere etxean euskaraz hitz egiten zen. Nik ezagutu nuenean zortzi edo hamar urte izango nituen, eta berak 70 gutxienez eta oso pertsona errespetagarria zen garai hartan. Egun batean deitu zidan eta esan: “ Aizu! Zuri “el vasco” deitzen dizute eskolan. Ba al dakizu euskaraz?”. “Ez”, erantzun nion. “A! Orduan ez zara euskalduna” esan zidan. Berak bazekien euskaraz, ez zara euskalduna..., baina broma bat zen ezta?, nik aita Iribarnerekin oso harreman ona izan nuen. Eta kontu hori geratu egin zitzaidan, geratu egin zitzaidan.

Eta gurekin urte askotan bizi izan zen amonaren ahizpa ere euskalduna zen, izeba Juanita, oso gazte alargun geratu eta Montevideora joan zen bizitzera, izeba Juanita, Juanita Goikoetxea. Eta gainera etxera euskaraz zekien norbait etortzen bazen, izebak euskaraz hitz egiten zion, bizkaieraz, baina beno, ondo, ondo, Getxoko euskaran. Aitonak ere bai, aitona eibartarra zen, eta bazekien euskaraz, nire amaren aldeko aitonak, eta amonak ere bai. Baina nik nire amona ez dut ia ezagutu, amonaren oso oroitzapen lausoa dut, nik bospasei urte nituela hil zen, eta dudan oroitzapena oso oso urruna da, baina nire izeba Juanita eta aitite bai, bai, bai, bi horietaz, bi horietaz bai. Eta nire aita, ba...hori, han lantegian bazen jendea han lan egiten zuena, bazen jendea euskaraz zekiena, eta euskaraz hitz egiten zioten aitari eta honek erdaraz erantzuten zien, gazteleraz erantzuten zien, baina den dena ulertzen zien, bai, bai, bai, bai.

Eta hori, Montevideoko etxean hemengo jende asko ibili da, eta euskaldun espiritu hori izan dugu, eta mantentzen dugu. Baina euskara ez dut inoiz izan, eta nire anaiak, ba beno... beraiek Uruguain bizi ziren eta euskararen garrantzia Uruguain oso sinbolikoa da, ezta? Sinbolikoa erabat, gauza asko dituzte euskarazkoak, abesti batzuk dakizkite, etab. Eta bai, gure aitak erakusten zizkigun euskarazko abestiak, hori bai, txikiak ginean asko erakutsi zizkigun...”aldapeko sagarraren adarraren punta”... hori, hori zen anaiak “Zu! Zu! Zu!” jartzen zituenetako bat. Bai, hori bai, San Inazio himnoa, txarra hori bai, baina beno ikasi genuen, “Boga boga”, ez dakit, orain ez naiz gogoratzen, ez zaizkit etortzen, baina bai, abestiak erakusten zizkigun, bai.

Aitak oso belarri ona zuen, musikaz asko zekien, oso musikazalea zen, pianoa ere jotzen zuen, organoa jotzen zuen, eskusoinua ere jotzen zuen, musikaria zen. Bai, eta hori guztia ba... zen, ba... nik ez dakit, baina beste gauza bat, nik ez dakit baina hona etorri nintzenean eta lehenengoz ikusi nuenean telebistan Gartziaren programa hura... bertsolarien hori, atentzioa eman zidan, nire aitari Kepa Enbeita ikaragarri gustatzen zitzaiolako, Kepa Enbeitaren bertsoak zekizkien, bai, bai, bai. Eta bai, horretaz gogoratzen naiz, horretaz gogoratzen naiz. Ez dakit, horrek zerbait uzten dizu, baina hona etorri nintzenean tutik ere ez ulertu arren, igandero ikusten nuen programa hura, eta gustuko nuen, eta bai, jarraitu ditut, bertsolariak jarraitu ditut, bai, bai, bai, nahiz eta ez ulertu, entzutea gustatzen zait. Izan ere, han Uruguain “payador” izenekoak daude, eta hauek hemengo bertsolarien oso antzekoak dira, ez dakit ezagutzen zenuen Martin Fierro adibidez, Martin Fierro “payada” bat da, bat-batekoak dira, Ataualpa Yupanqui “La copla del payador perseguido”, horiek guztiak “payada”k dira, bat-batekoak dira, eta “el payador” han oso garrantzitsua da, irrati eta ekitaldi guztietan dago, eta batez ere nekazaritza munduan, hemen bertsolariak bezala, ezta? Nekazaritza munduko ekitaldi guztietan “payador”en arteko norgehiagoka(?) izaten da, eta oso politak izaten dira, oso politak.

Eta ez dakit, orain euskara, bai, nik batez ere nortasun ezaugarritzat dut, hori oso argi daukat, oso argi. Elkarrekin doaz, euskara eta euskaldun izatea, ez dakit. Oso zaila egiten zait norbaitek euskaran ez sinestea eta euskaldun izatea, oso zaila.


Euskaltegiko giroa zer iruditu zaizu? Espero zenuenarekin egin al duzu topo?

Oso ona, oso ona, bai. Lehenengo hilabetea kenduta, tirabira handiak izan baikenituen, oso ona, giroa oso ona izan da. Oso ondo, oso ondo, bitan besterik ez dut huts egin eskoletara. Horrekin kontsekuente izan naiz, bai.

Eta Inge (irakaslea), ba..., neska gaztea da, ikusten da gaztea dela, baina ulerkorra izan da eta guk eman ahal dugunera moldatu da. Eta ez da egurra ematen ibili eta askotan ulertu gabe, izan ere, nik badakit bere zeregina dela gauzak euskaraz azaltzea eta hori guri irakastea, baina ez badizute zerbait gazteleraz azaltzen oso zaila da beste gauza batzuk euskaraz ulertzea. Orduan, bera oso ondo moldatu da, oso ondo moldatu da ikasle bakoitzera, eta oso ondo taldera, ezta? Bai, oso ondo moldatu da Inge, bai, bai, bai, oso ona izan da, aurrekoa gutxietsi gabe, e? Kontuz, e? Zutaz ere oso oraitzapen ona daukat eta. Baina Inge oso ondo, bai, bai, bai gustura egon naiz, ni taldean gustura egon naiz. Gustura denekin, erabat gustura. Gainera duela bi urte baino orekatuago, ni baino zaharragoak bi zeudelako, eta ez nintzelako ni gelako “zaharra”. Alde handia dago, orain Francisco eta Montserekin, gertuago ikusten ditudalako, ezta? Eta gero, ba beno, Purik ere berroigeitik gora ditu eta ez da neska gaztea. Baina aurrekoan ez genuen hori izan, aurreko ikasturtean jende gazteagoa genuen. Eta ez, ni gustura egon naiz. Datorren urtean itzultzeko prest.


Jarraitzeko asmoa baduzu hurrengo urtean?

Bai, nik bai. Talde bat osatzen bada bederatzietatik hamaiketara, ni abonatua, ez dut inongo arazorik.


Zein da zure helburua?

Nik badakit zeintzuk diren nire mugak, eta amerikar esaera oso zentzuzkoa “loro viejo no aprende a hablar”. Eta hori argi dago, ni irakurritakoa ulertzeko gai banaiz eta zerbait idazteko gai, nahikoa, argi eta garbi. Entzutea asko kostatzen zait, entzundakoa ulertzea asko kostatzen zait. Hemen jartzen diren zintak, adibidez, euskara batuan dira, euskara argia dute, eta kalera ateratzen zarenean eskema hori guztia hamaika zatitan egiten da, ez dauka zerikusirik, aditzen erdiak jaten dituzte, hitzen erdiak, gose dira, eta oso zaila egiten da ulertzea, oso zaila.

Orain, adibidez, telebistan botatzen dituzten filme labur horiek umeentzat, hori bai, bai, bai, ulertzen dira, hiztegi murritza dute, ez dira esaldi luzeekin ibiltzen, hor ulertzeko azken hitzera arte zain egon beharrik gabe esaten dutena ulertzeko, bai, esaldi laburrak egiten dituzte, eta ulertzen dira. Horretan bai, horretan ados nago, uste dut asko laguntzen didala euskaraz abestiak jakiteak, gaizki ikasiak, baina jakin, orduan hitzak berehala barneratzen dituzu. Adibidez, “nora” “Maritxu nora zoaz?” lotu egiten duzu, bai, bai.

Eta ni euskaltegian oso ondo egon naiz, duela bi urte bezala, honetan ere gustura egon naiz, eta espero dut datorrenean ere gustura egotea, sortuko ahal da taldea! Uste dut seik eman dugula izena. Bai seik, Francisco ere prest dago, Montse ere prest dago, Carrasco ahizpak ere bai, ni ere bai, neska hau, errusiarra, berriz, datorrean urtean ez, hilabete eta erdiko haurra izanda zaila da, eta gainera berak esan digu ahal duenean unibertsitatera itzuli nahiko lukeela ikasketak baliozkotzeko, eta hori guztia, ezta? Beste betebehar bat du berak, eta beste behar batzuk, lehentasun desberdinak. Gu dagoeneko jubilatuta gaude, eta berdin zaigu gauza bat zein bestea egin. Ni bai, ni datorren urtean taldea badago etorriko naiz. Irailaren 27an itzuliko naiz, eta urriaren 4an edo 5ean eskolak hastea espero dut, eta etorriko naiz, itzultzen naizenean etorriko naiz, zer dagoen jakiteko. Baina pozik, euskararekin gustura nago. Hitz egiten entzutea, ordea, tortura bat da.


Zure emazteak badaki euskaraz, ezta?

Bai, bera Elosukoa (Gipuzkoa) da.


Eta ez zaio ahaztu?

Ez, izan ere han egon zenean bazegoen euskaraz zekien jendea. Bera Segurako batekin bizi zen, Dionisioren arrebarekin. Eta gero, apaiz eta monja euskaldun asko dago han. Eta Venezuelan euskara mantentzen duen jende asko dago. Joseba Lazkanorekin topo egiten zuenean euskara ateratzen zitzaion, ez zitzaion gazteleraz hitz egitea ateratzen. Eta Euskal Etxean euskaraz zekien denekin euskaraz hitz egiten zuen. Venezuelako Euskal Etxean euskaltegia eta dena egon zen, edo ez ikastola bat, ikastola. Nire ilobek, biek euskara ikasi zuten, irakaslearekin hitz egiten zuten, edo andereñoarekin, ezta? Zumaiarra zen bera, Zumaiako andereñoarekin uste dut beraiek ez zutela inoiz gazteleraz hitz egiten. Eta jarioa zuten, inongo arazorik gabe, hori bai, Venezuelako ahoskerarekin baina...

(...)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus