Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskara bultzatzeko laguntzak kritikatu dituzte

Euskara bultzatzeko laguntzak kritikatu dituzte

2005-07-01 / 15:25 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKALGINTZA

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak euskararen erabilera bultzatzeko Azpeitiko Udalak ematen dituen laguntzak gaitzetsi ditu, laguntza horiek "euskararen normalizazioa bide okerretik daramatelako" eta "euskararekin konpromisorik" eskatzen ez dutelako.

Euskararen Azpeitiko Udal Aholku Batzordearen azken bileran (2005-6-30), Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak esan du "euskararen berreskurapenerako kaltegarriak" iruditzen zaizkiola Azpeitiko Udalak euskara bultzatzeko ematen dituen laguntzak "euskara doantasunarekin lotzen dutelako" eta "euskararenganako konpromisorik" ez dutelako eskatzen.

Azpeitiko Udalak hainbat laguntza lerro ditu, herrian eta herritarren artean euskararen erabilera zabaltzeko. Euskal Herrian Euskaraz taldeak, besteak beste, Merkataritza establezimenduetan errotulu nagusia euskaraz jartzeko Azpeitiko Udalak ematen duen dirulaguntza kritikatu du, beti ere, zentzu honetan: "Dendariek errotulua euskaraz jartzen dute dirulaguntza dagoelako; eta ez balego, jarriko al lukete?". Euskal Herrian Euskaraz taldearen arabera, "dirulaguntzarik eman gabe dendariei errotulua euskaraz jartzeko konpromisoa eskatu behar zaie".

Zentzu berean kritikatu dituzte Azpeitiko Udalak euskara sustatzeko dituen beste laguntza batzuk ere, bereziki, erakusleihoetako kartelak euskaraz jartzeko laguntzak eta programa informatikoak euskaratzeko dirulaguntzak. Euskal Herrian Euskaraz taldearen ustez, gaur egun Azpeitiko Udalak euskararen sustapenerako ematen dituen laguntzak "euskararen berreskurapena bide okerretik daramate", ez dutelako "konpromisorik" eskatzen. EHEren ustez euskara "ahaleginik egin gabe", "hutsaren truke" lor daitekeela irudikatzen dute Azpeitiko Udalaren laguntza horiek.

Ez dute Euskararen Azpeitiko Udal Aholku Batzordean parte hartuko

Euskal Herrian Euskaraz taldea lehenengo aldiz azaldu da atzo (2005-06-30) Euskararen Azpeitiko Udal Aholku Batzordearen bilera batera, eta lehenengo aldi honetan esan du gehiago ez dela etorriko.

EHEren arabera, Euskararen Udal Aholku Batzordeak "ez du erabakimenik" eta "dena eginda ematen da"; EHEren arabera, "baietz" edo "ezetz" esateko aukera besterik ez da ematen batzorde honetan.

Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren zinegotzi eta Euskara Batzordeburua ez da bat etorri adierazpen horiekin eta zera esan die EHEkoei: "Batzorde hau erabat irekia da: edozein etor daiteke eta edozeinek egin ditzake ekarpenak. Arazoa da orain arte jaso ditugun ekarpenak hutsaren hurrengoak direla. Azpeitiko Udala ez da ezer egin gabe geratuko etortzen ez diren proposamenak jasotzeko zain. Proposamenak etortzen ez badira Udalak jorratu eta landuko ditu. Udalak Azpeitian Euskararentzako Plan Estrategiko bat dauka, EBPN, eta urtez urteko Jarduera Plana ere bai. Hori betetzea da gure lehentasuna eta helburua".

Ekarpenik ez zegoelako bilera atzeratu zen

Euskararen Azpeitiko Udal Aholku Batzordeak aztergai bakarra zeukan atzoko (2005-06-30) bileran: "Azpeitiko Udalean eta Udalerrian, Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa bermatzea helburu duen udal-ordenantza aztertzea".

Aztertu beharreko txostena, aldez aurretik, nahikoa denboraz jaso arren (15 egun), bertaratutako bilerakideek behar bezala irakurri gabe eta aztertu gabe zeukatela aitortu zuten. Egoera horren aurrean bilera atzeratzea erabaki zen eta irailean egitea.


Inprimatu


Erantzun

 
Azpeitiko EHEk EBPNko Aholku Batzordea utzi du
2005-07-11 / 11:10 / Ińaki Martinez

Hala ere, EBPNri jarraipena egiten jarraituko diogu

Badira hilabete batzuk Udaleko Euskara batzordeburuak Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazi Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Aholku Batzordean parte hartzeko gonbita egin zigula. Guk taldean ondo aztertu dugu gai hori lehendik ere ari ginen EBPNri jarraipena egiten, eta hainbat gogoeta egin ondoren, Aholku Batzordean parte ez hartzea erabaki genuen. Bertan 2000. urtetik EBPNk egindako ibilbidea ikusita eta guk EBPNri ezetza ematearen arrazoiak gogoratuz eman genion sarrera, gero Aholku Batzordean parte ez hartzeko arrazoiak mahairatu genituen eta Aholku Batzordearen eraginkortasun falta edo erabaki gunea ez izatea salatu genuen, horrek dakartzan ondorioekin: interes falta, parte hartzen dutenak txostena irakurri gabe azaltzea, gero eta jende gutxiago bertaratzea eta abar.

Bestetik, EBPNren lanketa zalantzan jarri genuen: adibidez, eragileei konpromisorik ez eskatzea (dena «ahal baduzu», «nahi baduzu», «doan izango duzu materiala»,...), euskara opari bezala edo fabore bezala eskainiz. Uste dugu, Plan honen arduradunei ahaztu egiten zaiela euskaraz ari garela eta ez haragi zati handi batez, nork zati handiagoa jango. EHEko kideok garbi dugu beti euskararen alde egingo dugula eta ez dugu uste Plan horrek euskararen berreskurapena helburu duenik. Gainera, harrigarria iruditzen zaigu konpromiso hitzak Azpeitiko EBPN edo Azpeitiko Udalari sortzen dion bertigoa edo mesfidantza. Gure ustez Euskara Biziberritzeko Plana martxan denean, beharrezkoa da eragileekin benetan konprometitzea eta ez egin behar delako egitea, batere orden eta irizpide garbirik jarraitu gabe: orain merkatariekin pixkat, gero enpresak, gero merkatariak berriz, ez al da aldrebesa? Eragileak plan horrekiko parte izateko eta planak behar bezala aurrera egiteko beharrezkoa da eragileak eta herria bera ere inplikatzea, hartutako konpromisoak betez eta jarraipen egokia eginez. Horrela bermatuko da denda, enpresa edo erakunde horietan euskararen benetako erabilera.

Aipatutako guztia, Aholku Batzordean azaldu genuen EBPNz dugun iritziaren laburpena da. Hala ere, uste dugu EHE eta Azpeitiko euskalgintza erreferente direla herrian, eta Aholku Batzordean gehiago ez parte hartzea erabaki badugu ere, orain arte bezala EBPNri jarraipena egiten jarraituko diogu.


(IŃAKI MARTINEZ Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide da)

  • Estreinakoz HITZA egunkarian argitaratua, 2005-07-10ean.
 
HITZAri emandako dirulaguntza ere gaitzesgarria?
2005-07-15 / 12:42 / Pello Zurutuza Etxebarria

Nik galderatxo bat besterik ez diot egin nahi Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeari: webgune honetan argitaratu den beste albiste batean irakurri dut Azpeitiko Udalak 25.000 euroko dirulaguntza eman diola Urola Kostako Hitza berripaperari. Azpeitiko EHEk Azpeitiko Udalaren dirulaguntza hori ere gaitzesten al du?

Nik ulertu dudanarengatik, Azpeitiko EHE taldeak herritarren "konpromisoa" bultzatuko duen dirulaguntza politika eskatzen du euskararentzat.

Azpeitian Hitza-k 2.200 ale banatzen omen ditu (doan eta buzoiraino eramanez).

Zenbat azpeitiar joango lirateke egunero-egunero kioskora, Hitza erosteko "konpromisoarekin"?

Gaur egun Hitza erabat dohainik eta ahoko zuloraino eramaten zaien azpeitiar horietatik, zenbatek erosiko lukete? Dohainik jasoko ez balute, zenbatek hartuko lukete Hitza egunkaria erosteko "konpromisoa"?

Hitza egunkariak ere "doan" eta "hutsaren truke" eta "opari bezala" ematen ditu bere aleak. Nire ustez, Hitza egunkariak jarraitzen duen politika berbera jarraitzen du Azpeitiko Udalak.

Azpeitiko EHE taldea Urola Kostako Hitzaren politikarekin ados baldin badago (Azpeitiko EHEk ere eskatu du Hitzarentzat dirulaguntza), zergatik gaitzesten du politika hori bera Azpeitiko Udalak jarraitzen duenean?

 
Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldearen "estiloa"
2005-07-19 / 13:57 / Azpeitiko Euskara Patronatua

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeak gaur, azoka eguna, (2005-07-19) Hartzubiko errota aurrean Azpeitiko Udalak euskararen erabilera bultzatzeko ematen dituen dirulaguntzen aurka dagoela adierazteko pankarta jarri du. Adierazpena egiteko moduak ere "adierazten" du.

 
Herria eta EBPN
2005-07-19 / 17:26 / Pello Elorza

Gaur goizean etxetik lanera nindoala, neuk ere Azpeitian, Hartzubiko bidegurutzean pankarta bitxi hori ikusi dut. Eta harritu egin naiz. Izan ere, pankarta horretan agertzen den “ekuazio” moduko hori ez dut ondo ulertu. Alegia, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), eta hori bultzatzen ari den jendea, pentsatzen dut, diruzaletzat jotzen dira. Aldiz, herria ez da diruzale, euskaltzale baizik. Eta horrekin badirudi, esan gabe, ekuazioaren beste aldean dagoen faktorea ez dela euskaltzale. Bai, ordea, diruzale.

Eta hemen dago nire harriduraren gakoa: badirudi herriak ez duela ontzat hartzen zorioneko EBPN hori, herria beste bide batzuetatik dabilela, diruak usteldutako beste horiengandik urruti.

Abilak izan dira Euskal Herrian Euskaraz taldekoak, horien anagrama agertzen baita pankarta sinatuz, ekuazioa egiterakoan. Badirudi, gainera, beraiek herri garbi, aratz eta akatsik gabeko horren partaide direla –agian abangoardia ere bai? – eta EBPNren inguruan ari direnak salatzea dutela eginbehar lehenengo eta ukaezina.

Baina niri kezka sortzen didate herria, gazteria, denok eta horrelako hitzek. Izan ere, herri osoa al dago EBPNren aurka? Nola jakin dute hori? Inkestaren bat egin al dute EHEkoek? Niri, behintzat, ez zait inor etorri galdezka. Ala herria beraiek dituzten ideia eta jokamoldeekin bat datorrena bakarrik da? Oso bestela, eta zorionez, herria anitza da, aukera asko daude herriaren baitan. Batzuk EBPNren alde izango dira, beste batzuk kontra, beste batzuri bost axolako zaie kontu bat zein bestea.

EBPN, inor baldin badago ere oraindik ez dakiena, Eusko Jaurlaritzak bideratutako plana da, euskara indartzeko eta biziberritzeko. Eta Jaurlaritzak prestatu ondoren, Eusko Legebiltzarrean bozkatu zen eta aurrera atera, oker ez banago alderdi abertzale guztien bedeinkazioarekin. Horiek ere herriaren ordezkari izango dira, ezta? Beraz, harrigarri samarra egiten da haseran aipatu dudan ekuazio moduko horren terminoak orain beste era batera planteatzea.

Gero Azpeitiko Udalak bere egin zuen Plan hori eta, hainbat bilera eta hausnarketa egin ondoren, onartu egin zuen, gehiengoaren botoz. Hemen ere zinegotziak herriaren ordezkari izango dira, ezta? Eta, gainera, Azpeitiko herriaren gehiengoaren ordezkari.

Ondoren, EBPNren garapena burutzeko lanak Azpeitiko Euskara Patronatoari eman zitzaizkion. Honek herri zabalaren ordezkarien artean hainbat talde egin ditu, sektoreka eta arloka banatuta, eraginkortasuna areagotzeko: merkatariak, enpresa mundua, kirolak, kultura ,aisialdia... eta aldizka-aldizka bilerak egiten ditu sektore horietako ordezkariekin. Hauek ere herriaren ordezkari izango dira, ezta? Denei daude ateak irekita, aniztasuna bermatzeko, eta denen iradokizun eta hausnarketak jasotzeko eta bideratzeko.

Eta borobiltzeko, EBPNren helburua, xedea eta azken bezeroa herria eta herritarra da. Planaren eragina Azpeitiko herri osoari zabaltzea eta euskara herriaren berezko hizkuntza, eta noranahikoa, izan dadin ari da lanean. Hots, herriaren beharrak ikusi eta herritarrentzat egina, herritarren partaidetzarekin.

Beraz, eta testua luzeegi ez gertatzeko, herritarren ordezkariek egin, herritarren ordezkariek bilera eta hausnarketen bidez ondu eta gauzatu baldin bada plana, herritarrentzat baldin bada... zein da EBPNren aurka egon litekeen herri hori?


(PELLO ELORZA itzultzailea da)

 
Erasoa gogortu egin dute
2005-07-20 / 15:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua

Atzo goizean pankarta jarri zuten Azpeitiko EHEkoek. Gaur, berriz, sinatu gabeko kartelak ikusi ditugu Plaza Txikian (atzo gauean jarri omen zituzten). Oraingoan eraso politikoa nabarmena da.

 
Bigarren olatua
2005-07-20 / 18:43 / Pello Elorza

Ertaroan, Gaztelan bederen, bazen halako baldintza bat, gizartean aurrera egiteko. Kristau zaharra -cristiano viejo- izan behar zen. Eta gizartean nor izan nahi zuenak nondik edo handik agiri horiek lortu behar izaten zituen. Hortik, nonbait, besteak beste, hainbat kaparetasun, hidalgia-espediente. Halakorik ez zuenak ezin gizartean mugitu, baztertua izango zen, ezingo zituen zenbait lan egin, infernuko garretara jaurtikia ikusiko zuen bere burua.

Irudi horixe etorri zait burura kartel horiek ikusi ditudanean. Horien atzetik ikuspegi horixe islatzen baita. Gu gara onak, kristau zaharrak, ez judu eta ez arabiarren odolez kutsatu gabeak, guk egiten ditugu gauzak ondo, gu gara “argi zerutiarra”ren gordailua dugunak, ongia eta gaizkia erabakitzeko ahalmena dugunak... azken batean, “kristau zaharraren” labela emateko ahalmena dutenak, Eta besteak, EBPN oraingoan, eta bidenabar EAJ-PNV, gauza guztiak oker egiten dituztenak, diruzaleak, euskara amildegira daramatenak...

Zorioneko EBPN hau azken egunotan erasotzeko moda sortu dela dirudi. Atzokoan pankarta, gaurkoan kartelak... bihar zer izango ote dugu? Gainera gaurkoan, Azpeitiko Euskara Patronatuaren jabetzako irudiak -eskutxo hori- erabiliz. (Bide batez, ez zait oso etikoa iruditzen besteren sinbolo, ikur eta irudiak erabiltzea erakunde horiek erasotzeko, baina tira, hori baino irudimen argiagorik ez duenak halako artifizioei heldu behar).

EBPN diruzale zen atzo, orain jada EAJ-PNV ere bai. Eta hara hor nire lehenengo harridura: EBPN plana ez baita EAJ-PNVrena bakarrik, orain bi urte, plana onartu zenean, Udala osatzen zuten talde guztiena baizik (alderdi abertzaleak, hain zuzen ere).

Bigarren harridura puntua “EBPN diruzale”rena izan da. Ez baitakit horrekin zehazki zer esan nahi den. Izan ere, EBPN planaren atalei begiratzen badiegu, herri osoa du helburu planak, sektore eta atal guztiak. Beraz, herriaren mesedetan garatuko den plana, eta plan horretan erabiliko diren diruak herritar guztientzat badira, non dago diruzaletasun hori?

Oker ez banago, Hitzari, Uztarriari eta abarri EBPN planaren baitatik ematen zaizkie dirulaguntzak (bi erakunde horiei 24.000na euro inguru, lehengo lau-bost bat milioi pezeta bakoitzari). “Zu ere bertsolari” progama hortik ordaindu da, Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak hortik ordaindu dira, euskara ikasten ari direnei bekak -baita AEKk ematen dituenak ere-, elkarte eta dendei laguntza eman zaie kontabilitaterako programa euskaratzeko, kartelak, oharrak euskaratzeko laguntza... Dena herritarrei begira, eta herritarrengan eragina izateko. Beraz, dirua ondo banatu dela deritzot.

Izan ere, kartelak jarri dituzten gure “lagun” horiek ba omen dute plan “marabilloso” bat, bide zuzenetik eramango gaituena. Baina hori nork ordaindu behar du...? Jakina! Asmatu duzue!... Udalak, erakunde publikoek. Baina, hori bai, plan horrekin euskara salbatu egingo dugu, zalantzarik ez izan. Diru hori ez da “diruzalekerian” galdutakoa, ongi inbertitutakoa baizik. Nola ez, bada, beraiek emandako “labela” bai baitu.

Barkatu ezazue betiko kontuetara etortzea, baina nire iritzian kontu honen guztiaren atzetik beste gauza bat dago, gure “lagun” horiek aitortu nahi ez dutena: “beraiek” eta beren gainetik daudenek zehazten dituzten ildoetatik doana bakarrik da herri honetan “argi zerutiarra”k ukitua dagoena. Euskararentzako planak beraiek bakarrik egiten dituzte ondo, beraiek dira ideia on eta zehatzak dituztenak...

Eta ildo horretatik aparte dabilena, ez da kristau zaharra, odol garbikoa. Beraiek dira euskaltzaletasunaren “patente de corso” edo antzekoren bat emateko ahalmena duten bakarrak, gauzak ondo egiten dituztenak. Beraiek dute, nola ez, “ongiaren eta gaizkiaren” arteko bereizmena egiteko ahalmena. Gainontzekook, halako hartan beste batzuei gertatu zaien moduan, paradisutik kanpo gaude, alberdania hutsean gabiltza, diruak edonola xahutuz, ezer tajuzkorik egiteko gauza ez garela.

Ba, ez. Ni EBPNren alde nago, argi ikus daitekeenez. Eta Euskara Patronatoaren bideari ongi deritzot. Zorionak ematen dizkiot Azpeitiko Udalari era honetako erabaki bat hartu eta euskararen aldeko bideari tinko eutsi diolako. Eta denok prest izan behar genuke lan eskerga horretan laguntzeko, inolako galderarik egin gabe, gainera. Eta laguntzeko esan dut, eta ez inposatzeko. Aho betean “lankidetzarako prest daudela” esan eta gero beraien ideiak inposatzea nahi dutela iruditzen baitzait.

Ongi dakite, bai atzoko EHEkoek, bai gaurko isilpeko ezezagunek (agian EHEkoak hauek ere?), Azpeitiko Udala eta Euskara Patronatoa guztiei irekiak daudela, sektore eta arlo guztietako pertsonen ekarpenak eta iradokizunak jaso eta aztertzeko prest. Horren berri garbia badute. Beste kontu bat da beraiena atera ez delako haserretu eta “bestea txarra” azaltzen aritzea. Portaera horrek ageri-agerian uzten ditu bere burua “demokratiko”, “ireki”, “lankidetzarako prest” eta erretolika luzean aritzen diren gure “lagun” horiek.


(PELLO ELORZA itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus