Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Udal Euskaltegiaren eta Euskara Patronatuaren egoitza martxan

Euskara Patronatua / Euskara Patronatua / 2004-11-26 / 07:07


Hainbat urtetan batetik bestera ibili eta gero, estreinatu berri da Udal Euskaltegia eta Euskara Patronatua hartu dituen egoitza berria. Beraz, euskara ikasi edo hobetu nahi duten herritarrek, nahiz Patronatuaren zerbitzuen beharra dutenek, helbide berri honetara jo beharko dute.



Non dago?

Non dago?

Euskara Patronatua eta Udal euskaltegia hartu dituen egoitza berria San Miguel Patronatoan dago kokatuta, Perdillegi kaleko lehenengo zenbakian hain zuzen ere. Eraikin berean Azpeitiko Musika eskola, Aspace erakundea eta Atzegi ere badaude. Eraikin hau garai batean eskola izan zen, eta frontoi bat zuen atzeko aldean. Bada egun batere erabiltzen ez zen frontoia kendu eta lekuari probetxua ateraz, bertan egin dira Euskara Patronatuko bulegoak eta euskaltegiko gelak.

Aldamenetik ikusitaAtzetik ateratako argazkia

Nolakoa da?

Egoitzak bi solairu ditu. Lehenengoan Euskara Patronatuko bi bulego, bilera gela eta irakasleen gela daude. Bertan Euskara Patronatuko langileek, hau da euskara teknikari, trebatzaile, itzultzaile, administrari eta euskaltegiko irakasleek lan egingo dute.

Sarreratik ikusitaLangileen bulegoak

Goiko solairuan, berriz, ikasleentzako bost gela daude. Horietatik lau eskola arruntak emateko erabiliko dira. Lau gela hauekin bakarra egin ahal izango da, hormak ireki egin baitaitezke. Horrela, edozein hitzaldi, emanaldi edo dena delakorako gela handi baten beharra egonez gero, bertan egin ahal izango da.

Bosgarren gela informatika gela izango da. Bertan hainbat ordenagailu jarriko dira, Internet bidez euskara ikasteko aukera izan dezaten herritarrek. Euskaltegira egunero joan ezin duen jendearentzat izango da batez ere aukera hau, baina egunero talde arruntetara joaten diren ikasleek ere erabili ahal izango dute informatika gela hau, eskolen osagarri bezala.

Informatika gelaIkasgelak hormak irekita

Euskaltegiaren eta patronatuaren ibilbidea.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak 1984 hasi zuen bere bidea. Lehen urte haietan Harzubia kalean kokatu zen euskaltegia, Agirreneko aldean dagoen modulu batean. Bertan 15 urte pasa ondoren, 1999ko ikasturtean institutura egin zen aldaketa. Aurtengo ikasturtean euskaltegi berrian hastea zen helburua, baina udaberriko eraikuntzako grebak lanak atzeratu zituen, eta sindikatu zaharrean hasi behar izan zen ikasturtea. Eta azkenik, azaroaren 4an hasi ziren eskolak euskaltegi berrian.

Patronatuak, berriz, 1999an izan zuen sorrera, eta euskaltegiaren ibilbide bera izan du urte hartatik hona. Dena den, egoitza berrirako aldaketa euskaltegiak baino hilabete beranduago egingo du, antolaketa arazoak direla eta.

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1101304038