Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiarren neurrira egindako plangintza

Azpeitiarren neurrira egindako plangintza

2004-04-14 / 07:42 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKARA PATRONATUA

Azpeitian euskara sustatzeko garatuko den Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) azpeitiarren beharretara egokitu da erabat: neurri-neurrira egindako plangintza da.

Lehendabizi ondo neurtu

Lehendabizi ondo neurtu

Garai bateko jostunek bezalaxe, lehenik eta behin, egin beharreko lana luze-zabal neurtu da. Horretarako, Azpeitiko gizarte-sarea osatzen duten erakunde guzti-guztietara joan da Azpeitiko Euskara Patronatua eta, inkesta baten bidez, euskararen egoera zein den neurtzeko, datu guztiak bildu ditu. Orotara, Azpeitiko 707 erakunderen datuak lortu dira: enpresak eta lantegiak 131; merkataritza, hostalaritza eta bestelako zerbitzuak 397; lanbide-liberalak 74; udala eta udal-erakundeak 11; kultur taldeak 20; kirol taldeak 9; gastronomia elkarteak 29; hezkuntza-erakundeak: 9; eta bestelako elkarteak 21.

Baina datu hutsak biltzeaz gain, euskara sustatzeari buruzko ikuspegi eta iritziak jakiteko, bilerak ere egin dira gizarte esparru guztietako erakudeen ordezkariekin: banaka eta taldeka.

Jasotako datuen arabera, egin beharreko lana neurtu ondoren eta Azpeitiko erakundeen iritzi eta ikuspegi guztiak alderatu eta gero, ondorengo hiru urteetan lortu beharreko helburuak zehaztu ditu Azpeitiko Euskara Patronatuak: Azpeitiko 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (edota beste hitz batzuetan esanda: ondorengo hiru urteetarako Azpeitian egin beharreko Euskararen Plan Estrategikoa).

Eginbideak zehaztu

Ondorengo hiru urteetan lortu beharreko helburuak finkatu ondoren, helburu horiek NOLA, zein bidetatik lortuko diren zehaztu da: ekintza zehatzak. Eta horrela 2004-2007 plangintzaldiaren lehendabiziko urtean (2004an) zehatz-mehatz zer egingo den diseinatu da: 2004ko Kudeaketa Plana.

Guztira, 116 ekintza diseinatu dira 2004ko Kudeaketa Planean edo gestio planean.

Euskararen normalizazio ekintzei dagokienez, 2004ko Kudeaketa Planean euskararen erabilera bultzatzeko helburu estrategikoa nagusitzen da (45 ekintza). Esparruka aztertuz gero, Administrazioan garatuko da ekintza gehien (17 ekintza), eta ondoren Enpresa-arloan (12) eta Aisian (10).

Ekintza-motari dagokionez, alegia, aurreko urteetan Azpeitian euskara bultzatzeko egin den lana edo jarduera haintzakotzat hartuta, zera azpimarratu behar da: 2004an garatuko diren ekintzen ia bi heren (hirutik bi), aurreko urteko jarduerarekin alderatuz gero, berriak dira (60 ekintzetatik 38 dira berri); hau da, lehendabiziko aldiz garatuko dira Azpeitian. Ikuspegi horretatik, euskararen sustapenean Azpeitian orain arte egin izan den lana erabat berrituko dela esan dezakegu, alegia, EBPNk berrikuntza ekarriko du Azpeitiko Udalaren euskararen sustapenerako jardunean. Ekintza berri horiek honako esparruetan garatuko dira: enpresa mundua, irakaskuntza, administrazioa, teknologia berriak, aisia, kirola eta komunikabideak.

Lehentasunei erreparatuz gero, 2004-2007 Plan Estrategikoan ezarritako erabateko lehentasunezko ekintza asko garatuko dira 2004ko Kudeaketa Planean: 2004-2007 Plan Estrategikoak ezarritako erabateko lehentasunezko 67 ekintzetatik 40 garatuko dira 2004ko Kudeaketa Planean (hau da, erabateko lehentasuna duten ekintzen artean %59,7).


Informazio sakonagoa nahi izanez gero (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus