Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskararen normalizaziorako giltza

Euskararen normalizaziorako giltza

2004-04-06 / 07:08 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKARA PATRONATUA

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) izango da Azpeitian euskara gizarte-esparru guztietara zabaltzeko giltza.

Zein da helburua?

Zein da helburua?

Euskara azpeitiarren berezko hizkuntza da. Izan ere, euskarak azpeitiar egiten baikatu eta gure azpeitiar izenarekin nahiz izanarekin erabat uztartua baitago.

Baina euskarak Azpeitian, gure artean, milaka urte egin dituen arren, oraindik, bizitzako esparru jakin batzuetara mugatuta daukagu: etxea, kalea eta eskola. Lanean, esate baterako, azpeitiar gehienek agiri-paperak erabat gazteleraz dituzte eta hala erabiltzen dituzte, nahiz eta, gaurko azpeitiar guztiek ikasketak euskaraz egiten dituzten eta euskaraz lan egiteko prestatuak dauden.

Hain zuzen ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) helburu nagusia euskara edonork, edonon eta edozertarako erabiltzea da. Azpeitiarrok goizean jaikitzen garenetik iluntzean oheratzen garen arte erabat euskaraz bizitzeko aukera izatea da EBPNren helburu nagusia. Eta helburu hori gizarteko hiru mailatan lortu behar dela dio EBPNk: maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean.

Zer egin behar da azken helburua lortzeko?

Erabat euskaraz bizi ahal izatea lortzeko, hiru lan esparru edo lan-ildo finkatzen ditu EBPNk:

  1. Euskara belaunaldiz belaunaldi transmitituko dela eta etorkizunean ere iraungo duela bermatu behar da. Euskara ez dakienari irakatsi egin behar zaio eta, batez ere, haur euskaldunak izango ditugula bermatu behar dugu: oraingoak eta gerokoak. Alegia, euskara etxean ikasi behar du haurrak, gurasoengandik; eta hizkuntza ikasteko kate hori (gurasoak/seme-alabak) etenik izan ez dezan bermatu beharra dago.
  2. Euskararen erabilera gizarteko esparru guztietara zabaldu beharra dago: etxera, kalera, lanera eta edonora. Eta, horretarako, behar adina neurri hartu behar dira eta behar adina baliabide jarri behar dira.
  3. Euskarazko produktuak sortu behar dira eta ez edonolakoak, gutxien-gutxienez gazteleraz daudenen kalitate-maila berekoak: jostailuak, liburuak, diskak, antzerkiak, informatika-produktuak, filmak, aldizkariak, egunkariak, irratiak, telebistak ...

Beraz, EBPNk indarrak non jarri behar ditugun finkatzen du: ibili beharreko bidea zein den esaten digu. Bide horretan pausoak nola eman behar diren tokian tokiko egoera kontuan hartuz egin behar da. Alegia, helburu berbera lortzeko herri batean bost pauso eman beharko dira eta beste batean hamar: hori tokian tokiko egoerak erakutsiko digu.

Azpeitian, azpeitiarrek erabat euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten, finkatu dugu egin beharreko bidea eta eman beharreko pausoak. Orain bidea egitea falta da, izan ere, bidea ibiliz egiten baita. Abiatu, behintzat, abiatu gara.


EBPNri buruzko infomazio-sakonagoa (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus