Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara: gu geu gara bidea

Euskara: gu geu gara bidea

Hizkuntzen modernizazioa

Gizarte-moldeen garapena eta hedabide edo mass medien garapena elkarren eskutik joan izan dira gizateriaren historiaren sokan. Ildo beretik, hizkuntzek, gizarte-molde berrien komunikazio beharrak betetzeko, hedabideen beharretara ere egokitu behar izan dute etengabe. Eta, hain zuzen ere, etengabeko egokitze horretatik etorri da hizkuntzen garapena edota modernizazioa (hedabideetara egokitzeko aukera izan duten hizkuntzena, jakina). Era berean, ezari-ezarian, hedabideak gero eta hedabideago bilakatu diren neurrian mundua mugarik gabeko barruti bihurtu da eta, gaur egun, joera horrek globalizazioa hartu du izena.

Hiztunen modernizazioa

Gizarte-molde berrietara eta hedabide berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko gizarte horietako gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutemberg jaunak inprenta asmatu zuenean, esate baterako, asmakuntza berrira egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizkora moldatu behar izan zuten. Era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei ere irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko, ahalegina eskatu zien hedabide berriak.

Gizabanakoa kontsumitzaile pasibo

XX. mendean barrena gizateriaren etengabeko garapenaren altzoan loratu diren hedabideen azken aurreko belaunaldiak (prentsak, zineak eta telebistak batez ere) gizartea osatzen duten gizon-emakumeak erabiltzaile-hartzaile huts izatera mugatu izan ditu. Hedabide horiek gutxi batzuen eskuetan daude, askotan monopolio egoeran, eta gizartea, bere luze-zabalean, hedabide horien erabiltzaile-hartzaile besterik ez da. Gizabanakoa, hedabide horientzat, kontsumitzaile pasibo da, beraiek ematen diotena hartu eta ordaindu besterik ez du egin behar. Informazio-ekoizpenaren monopolio egoera horrek hizkuntza batzuk erabat baztertu ditu (eremu urrikoak) eta beste batzuk (hedadura handikoak), aldiz, lehenetsi eta indartu.

Gizabanakoa kontsumitzaile aktibo

Gaur egun, berriz, Komunikaziorako eta Informaziorako Teknologia (KIT) berrietan oinarritutako hedabideek, eta bereziki Internet sareak, erabiltzaile-hartzaile ez ezik, erabiltzaile-igorle izateko aukera ere ematen diete orain arte erabiltzaile-hartzaile izateko aukera besterik ez zeukaten gizon-emakumeei. Norbanakoa kontsumitzaile pasibo izatetik kontsumitzaile aktibo izatera bihurtu da. Hori bai, aukera horretaz baliatzeko hedabide berriak, gizon-emakume horiei, beste ahalegin bat ere eskatzen die: alfabetatze teknologikoa.

Teknologia edozeinen eskura

Azken belaunaldiko hedabideek, gainera, aurreko belaunaldikoek ez bezalako berezitasuna ere badute: teknologiaren erabilera (prezioari eta erabiltzeko erraztasunari dagokionez) edozein herritarren eskura dago, baina ez erabilera bakarrik, produkzioa ere (teknikoki eta ekonomikoki) edozeinen eskura dago.

Hizkuntza komunitateko kideak igorle eta ekoizle

Eremu urriko hizkuntzek, eta euskarak ere bai, hortxe daukate aurrerabide paregabea, alegia, hizkuntz komunitatea osatzen duten kideak teknologia berrietan alfabetatzea eta hartzaile ez ezik, igorle eta ekoizle ere bihurtzea. Eta horri, bihar-etziko itzulpen sistema automatikoak gero eta hobeak izango direla lotzen badiogu, edozein hizkuntz komunitateko kide den norbanakoak bere ama hizkuntzan jasotzea izango du beste edozein hizkuntzatan ekoiztutakoa eta, era berean, berak ekoiztutakoa mundu osoaren luze-zabalean jaso ahal izango du edozeinek. Horra hor Babelgo dorreko hizkuntzen arteko mugei gaina hartzeko aukera paregabea eta mundua era diferentean ikusteko kultura nahiz hizkuntz aniztasunaren ate-leiho guztietan sartu-irtenean ibiltzeko giltza.

Hizkuntzen egokitzeko ahalmena

Globalizazioak hizkuntza gutxituei asko eman diezaieke baina kendu ere bai. Kontua da gizarte-molde berrira egokitu ahal izateko gutxieneko baldintzen jabe izatea: hizkuntza eta kultura jagoteko eta lantzeko herri eraketa izatea, eta hizkuntza politika (plangintza) eraginkorra bideratzeko ahalmena izatea. Hizkuntza gutxituei gizarte-molde berriaren beharretara egokitzeko aukera eman behar zaie, izan ere, aukera emanez gero, edozein hizkuntza molda baitaiteke edozein gizarte motatara. Aukera eman ezean, berriz, goiz edo berandu, heriotzaren atarian aurkituko dira.

Nor bakoitzak geure erantzukizuna hartu behar dugu

Gizarte-berrira egokitzeko aukera dugun hiztunok, euskaldunok ere bai, ikusle eta hartzaile huts izateari utzi, eta geure burua antzokiratu egin behar dugu, eta gure kultura eta hizkuntzaren etorkizunari bideak zabaltzen eta guretik ematen esku hartu behar dugu teknologia berriek, eta internetek bereziki, esku-eskura jartzen dizkiguten lanabesak erabiliz. Hain zuzen ere, erabili.com web ataria horretarako sortu dugu eta horretarako jarri dugu erabilgarri: euskaldun guztiok, zuk ere bai, euskararen etorkizuna eraikitzen esku har dezagun eta geuretik eman dezagun. Izan ere, euskarak aurrera egitea nahi badugu: GU GEU GARA BIDEA. Hala jokatzen ez badugu, beste batzuen esku utziko dugu gure hizkuntza eta kulturaren etorkizuna zertan izango den erabakitzea.

(PATXI SAEZ BELOKI Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria)

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus