Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   

UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen berria eta iraunkorra

 

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.

Honela, gai hau udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko egitasmoa prestatu eta proba moduan zenbait herritan abian jarri du ikasturte honetan UEMAk. Izan ere, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzea da UEMAren asmoetako bat. Bide horretan, DBHrako eta Batxillergorako materiala sortu du UEMAk, eta ikasturte honetan Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu da, 400 ikasle ingururengana iritsiz.  Lehen hilabeteotan izan duen erantzuna ikusita eta heldutako eskaera berriak ezagututa, aurrera begira proiektu hau ikastetxeetan modu integralean landuko duen egitasmoa amaitzen ari da UEMA. Esperimentazio fasea bukatuta, lehen fase honen emaitzak ezagutarazi ditu gaur UEMAk, Urola Kostako Berritzegunean egin duen aurkezpenean eta lan-saioan.  Zazpi ikastetxe horietako ikasleak, irakasleak, herrietako euskara teknikariak eta hezkuntzako eragileak elkartu dira gaur Zarautzen egindako aurkezpenean. UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, “udalak euskaldundu arren udalerri euskaldunak erdalduntzena ari direnez, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzeada  UEMAren ildo estrategikoetako bat, eta hor kokatzen da hezkuntza proiektu hau, soziolinguistika edukiak ikastetxeetan eta curriculumeak ere txertatzeko, modu integral eta iraunkorrean”. UEMAren hezkuntza proiektua landu duen Xabi Aizpurua teknikariak, berriz, esperimentazio fasearen nondik norakoak eta aurrera begirakoak nabarmendu ditu. Aipatu duenez, “hemendik aurrera, uztailera bitartean UEMAko herrietara zabalduko dugu proiektua, DBHn eta Batxilergoan”. Asmoa soziolinguistika edukiak ikasgelan lantzea da, arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua barneratu dezaten udalerri euskaldunetako ikasleek: “ahalduntze eta sentsibilizazio lan hori eginda lor daiteke euskararenganako jarrera aldaketa ikasleengan”. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 73 herrietan, HHko 90 zentro, LHko 87, DBHko 48, Batxilergoko 20 eta Lanbide Heziketako 13 daude. Esperimentazio fasea amaituta, orain, proiektua horietan eskaintzea eta horietara zabaltzea da UEMAren asmoa.


Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus